Baliabide naturalak ustiatzeko egitasmoa Otxandion

  • Ura urrunetik ekarri baino, otxandiarrek nahiago dute bertako errekak garbi mantendu eta modu autonomoz euren beharren arabera ustiatu. Herri Ola izeneko egitura parte hartzailean hainbat proiektu landu dituzte energia burujabetza, lana eta iraunkortasuna ardatz hartuta.

Ura eta biomasa, Otxandiok badu nahikoa baliabide energia burujabetzarantz egiteko. Irudian, Presazelai ingurua.
Ura eta biomasa, Otxandiok badu nahikoa baliabide energia burujabetzarantz egiteko. Irudian, Presazelai ingurua.Eitb.eus

Herri Ola parte-hartze prozesuaren ondorioz, oinarrizko beharrak asetzeko modu iraunkorragoen bila hasi ziren otxandiarrak, Udalak sustatuta. Pello Otxandiano udal ordezkariak azaldu duenez, lau ardatz jorratu dituzte: iraunkortasuna, parte-hartzea, euskalgintza eta elkartasuna.

Hainbat proiektu mahai gaineratu dituzte, horietako bat uraren hornikuntzaz. Inguruko herri guztiak eta kasik Bizkaia osoa hartzen duen Bilboko Uren Partzuergoan ez sartzea erabaki zuten herriko kontseiluan. Izan ere, ez daude ados ura bezalako baliabide natural eta beharrezkoa “etekin ekonomikoen arabera” kudeatzearekin. Esaterako, 2011 eta 2015 bitartean partzuergoak uraren tasak %40 igoko ditu Europak aginduta. Otxandianok dioenez, Otxandion dituzten baliabideekin gai dira herrirako ura biltzeko.

Aurkeztutako proiektu estrategikoak, dena den, hornikuntza hutsetik haratago doaz, eta inguruko erreken ekosistemak berreskuratu nahi dituzte. Horretarako, besteak beste, ur kontsumoa murriztu eta ur zikinari beste tratamendu bat eman behar zaiola ondorioztatu dute. Arazketa planta jasangarria eraikitzeko helburua dute, baina azaldu dutenez, diru laguntza ukatu zaie Bilboko Uretatik at izateagatik.

Negu hotzari aurre egin

Gorbeiako eta Anbotoko mendizerren artean dago Otxandio. Alboan duen Ubiderekin batera Bizkaiko herri garaiena da, 560 metrora baitago. Hori dela eta, neguak bereziki hotzak izaten dira bertan. Herriaren izenak berak klimatologiari egiten dio erreferentzia teoria batzuen arabera. Antza, Otxandio, “hotz handi”-ren eratorria izan liteke.

Neguak oso hotzak direla eta, berokuntza sistema eraginkorra eta ekonomikoa behar dute. Azken urteetan eman diren fakturen gorakadak herritarrak kezkatu ditu, eta arlo horretan ere alternatiben bila hasi dira. Lehenik eta behin, etxebizitzak lotuko dituen berokuntza sarearen azterketa eta zenbait energia berriztagarri alderatu zituzten. Biometanizazioa eta biomasa identifikatu dituzte etorkizuneko berokuntza sistema horren energia hornigai gisa. Hau da, hondakin organikoa bero iturri bilakatu nahi dute. Beraz, zaborraren bilketa egokiarekin eta kudeaketarekin zuzenean lotutako arloa da.

Durangalde osoan bezala, industriaren eta zerbitzuen sektoretan aritzen dira otxandiar gehienak. Burdinaren ustiapena herriko motor ekonomikoa izatera ailegatu zen, XIX. mendean teknologia berrien agerpenarekin gainbehera etorri zen arte. XX. mendeko bigarren erditik aurrera, industria metalurgikoak hartu zuen indarra. Urkiolako eta Gorbeiako paraje ederrak ondoan edukitzeak turismoa bultzatu du, gehienbat mendiko kirolekin eta landa-etxeekin lotutakoa. Nekazaritzarako gune egokia den arren, lehen sektoreko jarduera batez ere auto-hornikuntzan oinarritzen da.

Herri Ola prozesuan, etxebizitza eta lanaren arazoei aurre egiteko bilerak egin dituzte. Hala ere, Otxandianok onartu du proposamen zehatzak garatu gabe daudela. Udal ordezkariak azpimarratu du krisiaren ondorioz pertsona asko egoera prekarioan dagoela eta zerbait egiteko beharrean direla. Gaia korapilatsua da baina. Udalek esku hartze gaitasun txikia dute gai horietan, eta ez da sinplea marko orokorra aldatu gabe erantzunak ematea.

Etxebizitzari dagokionez, eredu juridikoak aztertzen ari dira esaterako. Erronkak asko dira. Orain arte landu diren proiektuak aurrera eramateaz gain, berriak proposatu beharko dituzte. Herritarren parte-hartze aktiboak kultura politikoaren aldaketa behar du. Norabidea behintzat finkatuta dute, eta ez da gutxi.
 

Otxandioko erradiografia

Biztanleak: 1.292
Sektorekako ustiapenak: Nekazaritza eta abeltzaintza (%0,6), industria (%35,5), eraikuntza (%14,4) eta zerbitzuak (%49,4).
Industria tasa: Diru sarreren %65.
Langabezia tasa: %8,9.
Azalera: 12,43 kilometro koadro.
Artifizialdutako lur eremua: %20,95.
Udalaren osaera: Bilduk 7 zinegotzi, EAJk 2 zinegotzi.
Euskararen ezagutza tasa: %75,47.
Euskararen erabilera: %48,65.

Iturriak: Gaindegia, Eustat, Otxandioko Udala.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude