Ez dugu loreak jateko ohitura handirik. Jaten dugunean, lorea ahoratzen ari garela jakin ere ez, askotan. Orburua (Cynara cardunculus var. scolymus), esaterako, ez dugu loretzat. Landareak neguan ernamuina mugitu eta kimua garatzen hasiko da. Muskildu eta lilitxak, lorea izango denaren zortenak, gora joko du. Gara honek ninikak ninikatzen ditu, ninikadura da hori. Gero pinpinatu egingo da, ninika muturretan pipilak pipiltzen hasiko dira. Pipila piportzen denean, toto betetzen denean, moztu eta ahora. Gazte gozo guri bigun leun ezti da gutizia. Bere horretan utziko bagenu, pipila lore bilakatuko litzateke. Argazkikoa horixe duzu, orburuaren lorea. Dotorea, pinpirin askoa! Argazkiko hauek, udaberrian jan ez zituztenak, udaren hasieran loretan Zestoako Iruretxiki baserrian, Ibañarrieta mitikoan.