Asko gara beste irtenbiderik ez dugulako eskean ari garenak

Asko gara beste irtenbiderik ez dugulako eskean ari garenak

Andrei Vasilescu dut izena eta 29 urte ditut. Errumanian jaio nintzen arren, lau urte daramatzat Euskal Herrian. Txatarra biltzen aritu nintzen lanean, hiru urteren buruan ordea, langabezian gelditu eta etxea utzi behar izan nuen. Geroztik, kale gorrian bizirauten dut, eskean ateratzen dudan gutxiarekin.

Errumanian oinarrizko ikasketak baino ez nituen egin, aitari harategian laguntzeko utzi behar izan bainion ikasteari. Pilatutako zorrak medio itxi behar izan genuen nik 24 bat urte nituela, eta orduan hartu nuen, lana eta etorkizun duinagoaren bila, beste herrialde batera joateko erabakia. Italia iparraldean eman nituen hilabete batzuk lehenengo, lehengusu batek gomendatuta duela lau bat urte Euskal Herrira etorri nintzen arte.

Hasiera ez zen gogorra izan, ez egun bizi dudanarekin alderatuta bederen. Txatarraren negozioan murgildutako enpresa batean hasi nintzen, eta irabazten nuenarekin pisuaren alokairua ordaintzen nuen, lehengusuarekin eta beste lagun batzuekin batera. Ia hiru urtez iraun nuen, bizitzeko adina ematen zidan lan horretan. Tamalez, kaleratu egin ninduten orain bi urte.

Diru-iturririk ez nuenez, lehengusua ahalegindu zen ni laguntzen, baina ez nuen zama izan nahi, eta pisua uzteko erabakia hartu nuen. Ordutik, azken bi urteotan kalean bizi naiz, eta ez dut harremanik izan lehengusuarekin, lotsagatik ziur asko. Nire aurpegia ez erakustearen arrazoia ere horixe bera da: nola bizi naizen ikusiko balu, amak eta arrebek ere nire egoeraren berri izango lukete lehenago edo beranduago, eta ez nuke hori gertatzerik nahi.

Kutxazainetan egin ohi dut lo, beti nirekin daramadan motxila handian dudan mantaren babesean. Jatera aldiz, Caritasen jantokietara joaten naiz batzuetan, nahiz eta bertan ez naizen oso eroso sentitzen. Eskean, egun onenetan 10 bat euro ateratzen ditut, eta horrekin janaria ordaindu eta pixkanaka aurrezten saiatzen ari naiz, Errumaniara edo Italia iparraldera itzultzeko asmoa baitut.

Ez da atsegina dirua eskatu behar izatea. Hori bai, nahiago dut hau egin lapurtu edo negozio ilunetan hasi baino. Menpekotasunik ere ez dut, neguan gorputza berotzeko ardo botila bat edo beste erosten badut ere. Ez naiz droga gogorren tranpan erori, zorionez. Jende askok uste du eskean aritzen garen guztiok droga kontsumitzen dugula; denak zaku berean sartzen gaituzte. Ez dut uste ni pertsona eredugarriena naizenik, baina egia da droga-menpekotasun arazoak dituztenez gain, asko garela beste irtenbiderik ez dugulako eskatzen dugunak; lan eta dirurik ezak kalean utzi gaituenak.

Aurrera begira, lana aurkitzea dut irtenbide bakarra, baina ez da batere erraza izango. Espainiera azkar ikasi nuen, eta ondo moldatzen naiz, baina ez naute inon kontratatu nahi. Badira bi urte bila ari naizela. Bitartean, uda xamurragoa dela baliatuta, kutxazainetan lo egin eta eskean irabazitakoa apurka aurrezten jarraituko dut, noizbehinka herriz aldatuz, orain arte egin dudan bezala. Ez dut beste aukerarik.