argia.eus
INPRIMATU
Liderra

Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2014ko uztailaren 23a

Erreparo moduko bat dago gizataldearen zati zabal baten artean lider hitza onartzeko. Kutsatuta dago. Uste dut jende horrentzat termino horrek oihartzun negatiboa duela aldez aurretik. Azken hamarkadatan, bizipen sozio-politikoengatik segur aski, liderra agintari zapaltzailearekin lotu dute; asoziazio oker bat egon da hor. Nik diot liderraren figura nahitaezkoa dela gure animalia-espeziean, eta beraz, edozein motatako gizataldetan eta organizaziotan, norbanakoaren hazkuntza eta taldearekiko interdependentzia diren bezalaxe. Lider bat edukitzea primate talde guztiok genetikoki heredatutako legea dela baiezta daiteke dagoeneko. Eztabaidatu daitekeena da lider mota: eraikitzailea eta zaintzailea den, edo alderantziz, tirano bat, gainontzekoak baino bere burua zerbitzatzeko dagoena.

Jakina da lider on batek zenbait gaitasun pertsonal izan behar dituela, baina ez naiz horretan sartuko orain.

Lider kontzeptuaren eztabaidatik aldenduz, indarra jarri nahiko nuke nire lidergoaren ulerkeran. Liderra diodanean, dohainez gain, proposamen interesgarria, ausarta, berritzailea eta egingarria dakarren pertsonaz ari naiz. Bi hitzetan esanda: liderrak eraikitzailea izan behar du; proiektu ausart eta berritzailea eduki; eta, horra oso gutxi iristen dira, amets hori egikaritzeko estrategia bat diseinatzen jakin behar du.

Zoritxarrez gauza batekin konturatuta nago. Euskal Herrian euskalgintza, kooperatibagintza, politika eta hezkuntza, gutxienez  lau esparru hauek, liderrez (eta proposamenez) nabarmenki umezurtz daude. Ez dut ikusten proiektua duen liderrik esparru horietan. Lau pintzelkada eman ditzadan honetaz.

Hasteko, azken boladan, dirdira sortu du euskalgintzaren mundutxoan kontakizun sugerenteren batek, inongo planik ez daukan sasi-epistola batek. Dagoen premiaren adierazle. Bestetik, euskal kooperatibagintzaren proiektua zein den ez dakigu, ez dakite eta ez dago ahotsik zabaltzeko. Bi horiez gain, politikagintzan ez dago ez mezu interesgarririk, ez pisuzko mezularirik, ezta berrikuntzarik ere. Eta azken apuntea, hezkuntzan. Erabateko azaleko adostasuna dago instantzia guztietan: “Oso inportantea da!”. Baina ez dago aro honek beharko lukeen benetako berrikuntza pedagogiko errealik, salbuespenen bat kenduta.

Eta zer daukagu? Aipatutako sektore horietan egiturak eta esperientzia bat. Zahartzen ari diren eraikinak badauzkagu, baina mantenu lantxo hutsez biziberrituko ez diren edifizioak dira, grisak eta ospelak. Obra beharrean gaude.