Film laburren erakusleihoari azterketa sakona

  • Euskal Herriko film laburren katalogo prestigiotsuena da Kimuak. Urtero hautatzen dituen lanak Euskal Herrian eta nazioartean barreiatzen dituzte, zinemaldi ugaritan besteak beste. 1998an Kimuak sortu zenetik 2012ra egin duen ibilbidea jaso dute liburu batean, hamabost edizio horietan parte hartu duten zinemagile eta filmak aztertuz.

'Zeinek gehiago iraun' eta 'Asämara' film laburrak.
'Zeinek gehiago iraun' eta 'Asämara' film laburrak.

Hamabost urtetan, 109 pelikula eskaini ditu Kimuak katalogoak. Horien analisitik jaiotako gogoetak eta hautaturiko 18 zinegileri egindako elkarrizketak –hainbat pasarte irakur ditzakezu behean– jasotzen ditu Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco liburuak. Lau urteko lan mardularen fruitua da, Ainhoa Fernández de Arroyabe Olaortua, Nekane E. Zubiaur Gorozika eta Iñaki Lazkano Arrillaga EHUko irakasleek egina. Gaztelaniaz da liburua, Euskadiko Filmategiak aurrekonturik ez zuelako lortu eta Salamancako Comunicación Social argitaletxearekin argitaratu dutelako.

Lehenengo zatian, Kimuak egitasmoaren ibilbideari errepasoa egin diote autoreek. Ibilbide horretan hautatuak izan diren laburrak ere aztertu dituzte eta ondorio mordoxka bat atera dute. Lan gehienak fikziozkoak dira (%82), animaziozkoak %10 eta dokumentalak %6. Kimuak katalogoan, nahiko fenomeno berria da dokumentala; 2008ko edizioan agertu ziren lehen aldiz, Jon Garaño zuzendariaren eskutik: Asämara eta On the line. Azken urteotan, ordea, gero eta presentzia handiagoa dute dokumentalek.

Dena den, autoreen hitzetan, lausotu egin dira fikzioaren, animazioaren eta dokumentalaren mugak, eta filma genero batean edo bestean sailkatzea jada ez da hain erraza. Artistikoki ere, zinema esperimentala, poetikoa, posmodernoa… nahasten dira, eta zinemak bere baitan hartzen ditu, neurri handiagoan edo txikiagoan, bideokliparen, publizitatearen, bideoartearen edo bideojokoen bereizgarriak. “Genero, forma eta lengoaien hibridazioa da egungo sorkuntzaren ezaugarri nagusia”, diote.

Zinegileek maite dituzten gaiak

80ko hamarkadako sorkuntzarekin kontrastean, Kimuak katalogoko lanetan apenas ageri den gatazka politikoa gai gisa –ez film hautatuen artean, ez kanpoan geratu direnen artean–. La vaca (Gorka Esteban) da zuzenean gatazkari heltzen dion bakarra, eta zeharka jorratzen dute Topeka (Asier Altuna) eta Haragia (Begoña Vicario) obrek.

Genero dramatikoa, berriz, oparoagoa izan da. Familia kontuei lotuta bereziki (Koldo Almandozen Belarra, Safy Nebbouren Lepokoa, Inaz Fernándezen Hauspo soinua…), baina baita drama erromantikoa (Manu Gómezen Hilarri, Tinieblas Gonzálezen The Raven, Nacho Vigalondoren Marisa…) eta soziala ere (Mikel Ruedaren Agua!, Koldo Almandozen Columba Palumbus…).

Komediara hurbiltzen direnean, umore gazi-gozoa maiteago dute euskal zinegileek, tonu iluna eta ironia tristea, gizakion miseriak tarteko (Nacho Vigalondoren 7.35 de la mañana, Borja Cobeagaren Éramos pocos…). Komedia beltzak ere badu lekurik (Telmo Esnalen Taxi?, Irene Arzuagaren Luis Soto…) eta komedia erromantiko gutxitxo ikusi dugu Kimuak-en.

Genero errepikatuenetakoa, dena den, beldurrezko zinema da, nahiz eta gehienetan beste genero batzuekin uztartuta. Adibidez, thrillerrarekin (Haritz Zubillagaren She’s Lost Control, Ugo Sanzen Los ojos de Alicia…), komedia beltzarekin (Asier Altuna eta Telmo Esnalen Txotx, Koldo Serra eta Gorka Vázquezen Amor de madre…) edo dramarekin (David Gonzálezen La calma…).

Genero fantastikoak, azkenik, baditu bere jarraitzaileak Euskal Herriko sortzaileen artean. Horren lekuko dira, esaterako, Aizea, City of the Wind (Ione Hernández), Razielen itzulera (Koldo Almandoz), Hyde & Jekill (Sara Mazkiaran) edo Artalde (Asier Altuna).

Liburuaren bigarren zatian, aukeratutako 18 zuzendari elkarrizketatu eta horien lanak sakonago aztertu dituzte. Eta amaieran, zortzi film labur nabarmendu (euskarazko hiru: Terminal, Zeinek gehiago iraun eta Hezurbeltzak, una fosa común) eta ikerketa analitikotik harago, horien gainean egindako hausnarketak, aurkikuntzak eta iradokizunak eskaini dizkiote irakurleari. Oro har, Kimuak-en izan diren film laburren kalitate handia azpimarratu nahi izan dute liburuaren egileek, pelikulen forma eta narrazio estilo aberats eta heterogeneoak.

Aurtengoa prest

Aurkeztu diren 63 proposamenetatik, zazpi izango dira Kimuak zigilupean aurten erakutsiko diren film laburrak: Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi), Soroa (Asier Altuna), Anómalo (Aitor Gutierrez), A Serious Comedy (Lander Camarero), Don Miguel (Kote Camacho), Hubert Le Blon-en azken hegaldia (Koldo Almandoz) eta Sailor’s Grave (kolektiboa). Irailean, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian abiatuko dituzte emanaldiak.

Koldo Almandoz. Errealitate manipulatua

“Dokumental guztiak faltsuak direla, hori dut abiapuntu. Errealitatea fikzionatzea interesatzen zait, edo fikzioa erreal bihurtzea. Hibridazio hori interesgarria iruditzen zait, frogatzen duelako fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak ez direla hain garbiak. Sinesteko irudi erreala behar dugu, baina aspalditik irudi erreala guztiz manipulagarria da. Eguna iritsiko da ohartuko garena irudi erreala ez dela egiazkotasun froga bat”.

Ione Fernandez. Femeninoa, maskulinoa

“Emakumeak gutxiengo gara profesio honetan, emakumezko zine zuzendari oso gutxi daude. Gainera, badirudi interes handiagoa sortzen dutela gizonen istorioek, egitura, gai eta abar aldetik. Zaila da zuzentzea, gizon nahiz emakume izan, baina guretzat pixka bat konplikatuagoa da. Zuzendu, ama izan eta bizitzan errealizatu nahi baduzu, gauza ugariri uko egin behar diozu, eskatzen duen denboragatik. Dena den, generotik harago doazen kontuak direla uste dut. Ni, funtsean, zinema onaren defendatzaile naiz. Zinema egiten duzunean oso zurea den zerbait espresatzen ari zara, oso pribatua den zerbait. Eta emakumea bazara, esentzia edo ezaugarri horren zati garrantzitsu bat egongo da zure obran, saihestezina da emakume baten obran elementu femeninoak ez antzematea. Baina ezaugarri femeninoak dituzten gizonak badaude, eta oso maskulinoak diren emakumeak. Sorkuntza artistikoan, zure zati emozionalera estuki lotu behar zarenez, zaila da emakumearen alde maskulinoak femeninoa estaltzea. Azken finean, sorkuntza emoziotik egiten da”.

Luiso Berdejo. Haurrak eta suspentsea

“Pelikula batean suspentsea beti beharrezkoa dela uste dut, maitasun istorioa izan arren. Kontatzen ari zarena kontatzen ari zarela ere, ez duzu jakin behar zer gertatuko den ondoren. Haurrek agian hori iradokitzen didate eta horregatik agertzen dira nire filmetan, mundua ikusteko modu berri eta bakarra dutelako, beti txundigarria. Niretzat bizikleta bizikleta da, baina ume batentzat mundu bat da. Egunerokoan harritzeko gaitasun hori atsegin dut, gauzetara hurreratzeko xalotasun hori”.

Koldo Serra. Arriskatzea

“Film laburrak aukera ematen du film luzean esperimentatu ezin daitezkeen gauzak esperimentatzeko. Labur batean arriskatzen ez baduzu, ez duzu arriskatuko 90 minutu irauten duen hiru milioi euroko pelikulan. Film laburretan nahi duzun istorioa errodatu behar duzu, ongi errodatu, sarietan edo zabalduko dizkizun ateetan pentsatu gabe. Zine eskola batzuetan, labur arrakastatsuak egiteko prestatzen dituzte ikasleak, parametro jakin batzuk jarraituz. Batzuk oso sarituak izan dira, baina inoiz ez dut defendatuko estetika hutsa edo txistea baino ez den filma”.

Begoña Vicario. Diskurtsorik ez

“Ni egiten joaten naiz, eta gertaerek ondorio batera naramate. Pentsatuko banu, ‘gai honi buruz zerbait egingo dut eta hala amaituko da’, aurretik pentsatu dudan zerbaiti buruzko diskurtsoa egiten nengoke. Jakina gogoeta egin dudala, baina ez planifikatutako bukaera horretara naraman zerbait bilatzeko. Sentsazioak helaraztean datza filma. Nola bukatuko den jakingo banu, ez nuke egingo, istorioak berak bakarrik egin behar du aurrera”.

Nacho Vigalondo. Gure buruaz barrezka

“Norbaitek diagnostikatu beharko du zergatik eramaten ditugun komediak kutsu garratz horretara, edo benetan istorio garratzak ote diren bidean komedia tonuz janzten ditugunak. Zergatik du istorio hain ilunak kutsu hain komikoa? Nolabait, ez dudalako ikusten nire burua publikoari egia eskaintzen ari zaion norbait solemne gisa. Nire buruaz ziurrago eta zintzoago sentitzen naiz, egiten ari naizen pelikulaz barre egin badaiteke. Ez zaizkit gustatzen pertsonaiak beraiek pelikularen esanahia azaltzen ari zaizkizun film anbiziotsuak. Azkenaldian hori gertatzen da: hasieratik maisulan izateko jaiotzen dira aurrekontu handiko hainbat pelikula. Ni gertuago nago itxuraz kontatzen ari direnaren garrantziaz konbentzitzea helburu ez duten zuzendari eta pelikuletatik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude