argia.eus
INPRIMATU
Haurren eta helduen begietan

Edu Zelaieta Anta 2014ko uztailaren 23a

Barkatuko didazue tonu sobera ez udatiarra, baina gero eta asaldatuago nauka aferak. Sei urte bete dira aste honetan aita naizenetik, eta ezinikusia gero eta larriagoa dut: sexismoz jositako marrazki bizidunak nagusi eta gailen dira telebistan. Telebistetan. Nardatua nago haurrentzako pantailan etengabean berritzen diren genero-estereotipoekin. Esate eskandalagarri baterako, lotsagabe erakusten digute istorio ugaritako protagonista txikien amek sukaldeko mantala janzten dutela gau eta egun, eta aitak askotan ez dira agertzen ere.

Bien bitartean, kaleko soziologiak mutu dirudi, eta itsu. Erabat normalizatua bide dago eredu tradizional hori 2014an; apenas zirikatzen duen inor ageriko sexismo latzak. Tamalez, aisa aurkituko dituzue arestiko adibideak, aparteko eginahalik egin beharrik gabe. Izan ere, gaur den egunean oraindik, sexistak ez diren haurrentzako marrazki bizidunak aurkitzea da salbuespena. Berdintasun planak gorabehera, indar betean diraute ideia zaharkituek haurren eta helduen begietan.