Basamortuko doinuak

  • VOLTAIA ::Voltaia

    Autoekoizpena, 2014

Voltaia taldea Zumaiakoa (Gipuzkoa) da. Aurten sortu da, eta jadanik bere lehen diskoa kalean dauka. Unai Eizagirre (baxua eta ahotsa), Jon Duran (bateria) eta Ion Brakamonte (gitarra) dira taldekideak, eta aurretik Itaka eta Got Ham taldeetan jotzen zuten. Voltaiaren lehen lanera zazpi kantu bildu dituzte, eta taldekideak beraiek grabazioaz, ekoizpenaz eta diskoa kaleratzeaz arduratu dira.

Taldearen izenaren beraren harira, volt maila handiko, tentsio handiko musika egiten dute, ozen entzuteko aproposa. Metal, stoner, rock eta punk aireak suma daitezke haien kantuetan. Basamortuko doinuak dira, basatiak, astunak, azkarrak, indartsuak eta bortitzak.

Hitzetan, izurrite baten moduan, haien samina eta haserrea zabaltzen dute. Ahoan bilorik gabe, zuzen eta gupidarik gabe. Han eta hemen, haien herrian bertan eta munduan ikusten duten itxurakeria, bidegabekeria eta beste oker batzuen gainean hitz egiten dute: “Hesi bat gaindituz, ia odolustuz sailkatzen dituzte, paper ziztrin bat ez baldin badute; ez zara ezer” (Urrun). “Itsuen herrian okerrak errege dira; izurritea bezela zabaltzen dugu indarra, samina ta iraina, hau da gure voltaia” (Gure voltaia). “Besteen kontuak bizkarrez herriko kaleetan, hitz egiten, gaizki esan artean; hagin zorrotzak, nortasunak biluzten dituzten bitartean” (Atarian).

“Ez dugu erregerik nahi hemen jendearen dirua alferrik gastatuz; barkuan udara ederki pasatzen du beste batzuek jatekoa dute murriztu; egoera hau aldatu beharko” (Erregerik ez). “Gaua kanpoan zero azpiko gradutan, gizon emakumeak arratoien antzera; lurpean oihartzunak, itxaropena besterik ez da” (Uda Berri). “Laino bat zeruan hiriaren erdigunean, motor zarata, naturaren iluntasuna; beltza dago etorkizuna” (Motordun Zaldun). “Eskubide guztiak mozten dizkigute boterearen guraiza zorrotzek; izaki trajedunen indiferentzia, herritar xumearen hondamendia” (Orratzak).

Voltaia taldearen doinuak ikaragarriak dira, beldurgarriak. Taldekideek grina eta kemen handiz jotzen dute. Zer egin nahi duten eta nola egin nahi duten badakite, eta oso ongi egiten dute. Ez dira doinu alaiak, lasaiak, jende orok entzuteko modukoak, baina stoner-punk doinuak maite dituztenek Voltaiaren diskoa gustura entzungo dute, ongi landua, grabatua eta ekoitzia baitago.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude