Pedro eta Pablo, norentzat ote xanpaina?

Sanferminek hamaika istorio uzten dituzte hiriaren hamaika zokotan. Batzuk aireratzen dira eta beste batzuk santa sekulako lurraldean geratuko dira, sortu ziren txokoetan iltzatuak, preso, aieneka, sortzaileen kontzientziak astinduz edo betirako galduta. Asun eta Antton gure bi lagunen gertaerak joan den uztailaren 13ko bazkariko plater artera egin zuen jauzi lotsagabe.

Sanferminetako egun dotore horietako bat gozatu ondoren etxeratu dira bikotea eta haurrak eta egon-gelara sartzean, ui, ahozabalik geratu dira guztiak sofan lo seko zegoen gizonari begira. “Ama, nor da hori?”, galdetu du ume batek; “zer egiten du gure manta berriarekin gainean”, beste umeak. Ama-aitak ahozabalik jarraitzen dute erreakzionatu ezinik. Irudiaren inpaktua erdi gainditu dutenean amak atera ditu haurrak egon-gelatik eta aita zer egin jakin gabe geratu da: “Esnatuko dut? Nola erreakzionatuko du? Eta eraso egiten badit?”. Tira, emaztea berriz egon-gelan sartu denean esnatzea erabaki dute. “Aizu, esnatu”. Eta begiak zabaltzean, gizona ere aurrez aurre zuena sinetsi ezinik dago: “Nortzuk dira hauek? Non nago? Zer egiten dut hemen?...”, pilatzen ari zaizkio erruki barik dinba-danbada ari zaion buruan.

Eta altxa da sofatik gizona zerbait azaltzeko asmoz, baina egoera okertu besterik ez du egin, senar-emaztearen aurrean biluzik agertu baita. Amak salto batean komunera egin eta “tori toalla”. Segundu gutxi baina amaigabeetan halaxe daude aurrez aurre bikote eta gizona, zer esan jakin gabe ere. “Jean-Pierre naiz, etxeratu naiz, dutxatu eta lotarako etzan naiz, baina bistan da nahastu naizela”. Eta nola, Iparraldeko taldeak alokatua duen beheko pisuan beharko bailuke Jean-Pierrek, baina ez du gogoratzen nola heldu den gora. Lotsatua da guztiz eta ahal dituen azalpenak eman ondoren eta nola-hala hamaika bider desenkusatuta,  beheranzko eskailerak hartu ditu. Hurrengo egunean bonboiak eta xanpaina botilarekin itzuli da goiko pisura, oraingoan ere ondo dutxatua, baina jadanik jantzita.

Alfredo Pérez Rubalcaba gertakizuneko bikotea bezain txunditua geratu zen iragan maiatzaren 25ean, Europako hauteskundeen emaitzak jakin zituenean. Are eta begi zabalagoekin egiten zien so Podemosek Espainiako Estatu osoan lortutako emaitzei: 1.245.000 boto, emandako botoen %7,97 eta bost eurodiputatu.

Egoera horrek altxatu du PSOE­ko idazkaritza nagusira Pedro Sánchez, hauteskunde primarioetan Eduardo Madina eta José Antonio Pérez Tapias aisa gainditu ondoren. Helburu bat du orain 42 urteko idazkari nagusi berriak. Bigun esanda, PSOE dagoen hondamenditik ateratzea; gogorrago arituz, hilotza berpiztea. Sutan frogatuko da eltzea eta, beraz, ezin esan Sánchezek zer egingo duen, baina barne hauteskundeetan zabaldutako irudia ikusita ez dirudi PSOEri behar duen aldaketa sakona ekarriko dionik. Eta aldaketa sakon barik, PSOEk hondoratzen jarraitzeko txartel guztiak ditu. Sánchezek aparatuari lotutako irudia eskaini du, txintxoa, marrarik gainditzen ez duenaren itxura, ez azalean ez mamian. Berak zentro-ezkerrean ondo kokatu nahi du PSOE zaharra, horrela sozialdemokrazia espainiarrak zentro-eskuinerantz egindako bidaia zuzenduz. Baina oztopoz josia du ahalegina. Oztopo batzuk barne mailakoak dira: ezusteko handirik ez bada, lehena bera, gero aparatua, ezkerrerago dauden militanteen etsipena, Ibex 35ekiko sinbiosia... Eta beste batzuk kanpokoak, funtsean krisi ekonomikoa eta Podemos, baina baita Izquierda Unida bera ere, bi hauek PSOEren kalan arrantzatzekotan daude eta.

Eta zer gertatuko da Podemosekin? Iraungo al du? Eta hemen ere erantzun garbirik ez, baina orain arte arrakasta eman dioten faktore guztiak hor daude. Krisia geratzeko etorri da eta kasurik onenean ere ez da lehengo maila ekonomikorik berreskuratuko. Horrez gain, indar politikoa orain antolatuago dago eta jauzirako prest. Asmatuko ote dute? Saiatzea bera ere ez da gutxi, nahiz eta boterea eskuratzeko aliantzak ezinbestekoak diren Espainian. Eta eskuina bera guztiz batua bada, nola ez da batuko ezkerra hari instituzioak lehiatzeko?

2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan izango da lehen termometroa eta urte bereko urriko hauteskunde orokorretan bigarrena. Nork jasoko ditu xanpaina eta bonboiak orduan, Pedrok ala Pablok?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude