Ozeania, 1768-1771. Royal Society elkarteak James Cook esploratzaile eta kartografoari agindutako lehen espedizioan, kapitain ingelesak Zeelanda Berria eta Australia mendebaldeko kostaldea aurkitu zituen. Lehen konkistatzaileen ondotik kolonoak iritsi ziren eta uharteak Erresuma Batuaren jabego bihurtu zen.
Hainbat historialarik bertsio ofizial hori aldatu nahi izan dute, Cook baino lehen inguruko herrialdeetako arrantzale eta merkatariak bertan egonak zirela argudiatuz, baina orain arte ez dute froga garbirik aurkitu.
Bigarren Mundu Gerraren urteetan, Maurie Isenberg soldadu australiarrak txanpon zahar batzuk aurkitu zituen Wessel artxipelagoko uharte batean, Australia iparraldean. Aurkikuntzaren gune zehatza mapa batean adierazi zuen, eta txanponak adituen esku utzi zituen, azter zitzaten.
Baina txanpon haiek ahaztuak izan ziren, harik eta Indianako Unibertsitateko (AEB) Ian McIntoshek topatu dituen arte. Jatorri australiarreko antropologoak ondorioztatu du txanponek 1.000-1.300 urte inguru dituztela eta Kilwako sultanerriak –egungo Tanzaniak– irarri zituela. Zehazki, txanpon horiek Saharaz azpiko Afrikan sortutako lehen txanponak izan ziren.
Hortaz, McIntoshen arabera, sultanerri afrikarreko arrantzale, merkatari edota esploratzaileak duela mila urte baino gehiago iritsi ziren Australiara, eta bertakoekin tratuan aritu ziren, txanponek adierazten dutenez.
Oraindik goiz da froga hori historia berridazteko nahikoa izango ote den jakiteko. Gainera, txanponak jatorrizko tokitik eraman zituzten eta, beraz, arkeologiak ezingo du egiaztatu Kilwako bidaiariek duela mila urte inguru utzi zituzten ala, esaterako, bildumagile batek galdu ote zituen askoz geroago, Cook bertan lehorreratu ondoren.
McIntoshen hipotesia egiaztatuta ere, garbi dago ustezko aurkitzaileek Ozeanian izan zuten eragina britainiarrek izango zutena baino askoz txikiagoa izan zela, europarrek ez bezala, aurkitutakoa ahal zela bere horretan uzteko ohitura baitzuten.
Gainera, aurkikuntzaren eztabaidak zentzua galtzen du, gizakiek Australia benetan askoz lehenago aurkitu zutela kontuan hartuz gero. Duela 40.000-50.000 urte, Pleistozenoan, lehen australiarrak izango zirenak Asia hego-ekialdetik abiatu ziren. Uhartez uharte, garai hartan askoz estuagoak ziren itsasarteak zeharkatuz egungo Ginea Berrira iritsi ziren. Eta orduan Australiako plataforma kontinentala itsasmailatik gora zegoenez, handik Australiara oinez iritsi ziren.