Arnaldo Otegiren ama erretratatu zuen nazia

  • Zendutako amari kartzelatik gutuna idatzi dio berriki Arnaldo Otegik. Testuarekin, 1936ko zuri beltzeko argazkia dago webgunean, ama eta amona ageri direla. Erich Andres naziak ateratakoa da. Ahanzturatik berreskuratu dugu tropa frankistekin zihoan argazkilariaren lana: Iruñea, Donostia, Gasteiz, Irun, Elgoibar, Eibar, Tolosa eta Bergaran ateratako ehunka argazki.

Haurrak Irungo barrikada abandonatuan jolasten, frankistak herrira sartu otean; normaltasun irudia eman nahi zuen Andresek.
Haurrak Irungo barrikada abandonatuan jolasten, frankistak herrira sartu otean; normaltasun irudia eman nahi zuen Andresek.MCU

“Argazki hori jartzea berari otu zitzaion: bere osaba, Fidel Mondragon, El Duesoko espetxean egon zelako frankistek atxilotu ostean. Bere ama Loli Mondragon, eta amona Nieves Sanchez, bisitan joan zirela kontatu zioten aitari; preso guztiak lurrean botata topatu zituztela, eta ama, lauzpabost urterekin, ‘gizon’ harengana hurbildu eta galdetu ziola: ‘Zu zara nire anaia?’; eta muxu bat eman ziola. Hor kokatu behar da argazkia”, azaldu digu Arnaldo Otegiren seme Hodeik, Elgoibar 1936 elkarteko kide ere badenak.

Ahanzturak eta kasualitateak jotako historia da honakoa. Euskal Herriko ehunka irudik urte mordoa eman zuten zokoraturik, Iñaki Odriozola Elgoibar 1936ko elkarteko kideak Espainiako Kultura Ministerioaren webgunetik berreskuratu zituen arte: “2007 edo 2008an Archivos Estatales webgunean argazkiok jartzen hasi ziren, horretaz konturatu eta Elgoibarko berrehun bat argazki jaso nituen zuzenean saretik: faxistak herrian nola sartu ziren, nola kalez kale doazen, jendearekin hizketan…”. Irudiok Erich Andresen alargun Hildegard Andresek Central Order konpainiari saldu zizkion 1994an, eta hamarkada baten ostean, Espainiako Kultura Ministerioari eskaini zizkion enpresa horren ondorengo Content Mine International AGk. Espainiarrek, noski, erosi eta beste makina bat argazkiren artean, sarean ipini zituzten.

Hodei Otegik dioskunez, “Elgoibarko argazkiok topatu ondoren, herriko jende nagusiarekin bilera egin genuen Musika Eskolan; argazki hura agertu zenean, zera esan zidaten: ‘Hori zure amona da! Eta bestea, birramona!’ Harri eta zur geratu ginen”. Gero, jakina, Loli Mondragoni argazkia erakutsi eta hau ere harrituta geratu zen; ez zuen unea gogoratzen, hiru bat urte zituelako. Baina bera lez, herriko inork ez zuen argazkilaria gogoan, nahiz eta naziak bere burua erretratatu zuen egun horietan: Elgoibarko argazkien artean, Erich Andres bera ageri da, kanoi baten oinarrian eserita bazkaltzen, dotore jantzita gerra garaietarako.

Juantxo Egaña argazkilari donostiarrak ere kasualitatez aurkitu zituen argazkiak: “2012an Salamancako artxiboan Euskal Herriaren inguruko gauzak bilatzen ari nintzela, jartzen zizkidaten zailtasun askoren artean, zinez atentzioa deitu zidan irudi bat topatu nuen: haur batzuk barrikada ospetsu batean jolasten, 1936ko irailean Donostian. Erich Andres delako batena zen, niretzat erabat ezezaguna. Ez zidaten argazki orijinalak ikusten utzi eta internet bidez begiratu behar izan nuen…”, azaldu digu Egañak.

Ezezaguna gurean

Euskal Herrian ehunka argazki egin arren, ezer gutxi izkiriatu da oraindik Andres eta bere lanaz. Nor ote, bada, nazi hura? “Argazkilari ofizial gisa espainiar golpistekin ‘enpotratua’ joan zen 1936an herriz herri”, argitu du Odriozolak. Zehazki, 1905ean Leipzigen sortua, bere lehen argazkilari lanak 30. hamarkadan egin zituen Hamburgoko prentsan. 1936. urtean, berriz, nazien albiste agentzia ofizialean lan egiteari ekin zion. Espainian gerra hasi zenean, Galiziatik sartu zen kazetari talde batekin: hiri suntsituak, biztanleak, frankisten irudiak… 2.649 argazki, orotara. Tartean, Irun, Elgoibar, Tolosa, Eibar, Iruña, Donostia, Bergara eta Gasteizen izan zen.

Alemaniarrak bazekien zertara etorri zen gurera: “Ez da argazkilari itzela, irudiei freskura falta baitzaie. Egiten duena propaganda da, erregimen frankistaren beste itxura bat emate aldera. Frankistek hiriak hartu ahala argazkiak egin zituen, eta hondakinen artean haurrak barrikadetan jolasten, herritarrak soldaduekin hizketan eta abar ikus daitezke. Oso adierazgarria da, normaltasun irudia eman nahi baitu. Irudi maltzurrak dira, gerraren drama guztia ezkutatzen dute-eta, erreala ez dena helarazi nahian”, dio Egañak.

Euskal Fototeka Nazionala

Aurkikuntzaren ostean, Kultura Ministerioarekin hitz egin zuen Odriozolak; kopiak eros zitezkeela erantzun zioten. “Elgoibarko Udalari argazkiok eskuratzea eskatu diogu, azken finean herri guztia azaltzen delako, baina ez digu kasurik egin”, azpimarratu du Otegik. Izan ere, nola liteke zortzi euskal herri eta hirietako irudiok horren ezezagunak izatea?

Egañaren aburuz, guztiak erakutsi beharko lirateke: “Ahanzturatik berreskuratu beharko lituzkete instituzioek eta Erich Andresen argazkiokin erakusketa handia egin. Haratago joanda, Euskal Herrian oro har, ez dago gordetzearen kultura hori. Frantzian edo Katalunian, adibidez, horretarako instituzioak eratu zituzten, diru asko xahutuz, argazkiak berreskuratu eta gordetzeko”. Josuren Murgizu Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kidea ere bat dator: “Kataluniarrek euren informazio guztia Salamancatik eramatea lortu dute, Eusko Jaurlaritzak ordea ez; ardura handiagoa hartu behar lukete”.

Nolanahi ere, gurean elkarte eta fundazioek euren kabuz jasotzen dituzte irudiak. “Elkartean nire kasa aritzen naiz argazkiak han-hemenka bilatzen –dio Odriozolak–. Euskal Fototeka behar dugu, ez baitago, besteak beste, Euskal Herriko gerrako argazkilaritzaren ikerketa sakonik”. 

Erich Andres naziari dagokionez, argazki andana atera ondorik, 1937an Alemaniara itzuli eta Luftwaffen lan egiten jarraitu zuen Bigarren Mundu Gerra amaiera arte. 1945. urtean atxilotuen eremu batetik irten ondoren argazkilari gisa jarraitu zuen. 1992an hil zen Hanburgon, 86 urterekin. Ez zuen Hitlerren amaiera izan, Francorena baizik, ohean hil baitzen.


ASTEKARIA
2014ko uztailaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude