Panoptikoa, espetxe oroikuslea

Benthamen Panoptikoa oinarri hartuta, Presidio Modelo eraiki zuen 1920ko hamarkadan Kubako Pinos uhartean. Besteak beste, Fidel Castro bertan espetxeratu zuten Moncada kuartelari eraso ondoren.
Benthamen Panoptikoa oinarri hartuta, Presidio Modelo eraiki zuen 1920ko hamarkadan Kubako Pinos uhartean. Besteak beste, Fidel Castro bertan espetxeratu zuten Moncada kuartelari eraso ondoren. Lucas Misseri

Londres, 1748ko otsailaren 15a. Jeremy Bentham filosofo, jurista eta erreformatzailea jaio zen. Utilitarismoaren sortzailea eta ongizatearen defendatzaile sutsua, hainbat arlotan oso ideia aurrerakoiak zituen: adierazpen eskubidearen, genero berdintasunaren, dibortzioaren edo eliza eta estatuaren arteko bereizketaren alde jardun zuen, baita  esklabotzaren, heriotza zigorraren eta gay eta lesbianen kriminalizazioaren aurka ere.

Baina presoak beste labeko opila ziren harentzat: birgizarteratzeko metodo eragingarriena errepresioa eta kontrol zorrotza omen zirela uste zuen. Hortik abiatuta, espetxe perfektua diseinatu zuen: panoptikoa.

Zirkulu formako eraikinak dorre bat zuen erdian, eta handik, kartzelazainek zirkuluko ziega guztiak kontrolatzeko aukera zuten. Ziega bakoitzak preso bakarra hartuko zuen. Ziegak horma lodiz bereizita zeuden, eta horrek presoen arteko harremanak galarazten zituen. Egia da ziega bakoitzak leiho handi bat zuela, baina ez Benthamek presoen ongizatea gogoan zuelako; zenbat eta argi gehiago sartu, orduan eta ikuspegi hobea izango zuten dorreko zaindariek. Begiraleek eraikin guztia ikus zezaketen, baina presoek ez zuten dorreko jarduna ikusten. Ez zekiten kartzelazain bakarra edo gehiago zeuden, ez eta begira zituzten ala ez. Hodiz osatutako gailu sofistikatu bat ere diseinatu zuen, ziega guztietara iritsiko zena; hodien bidez dorreko zaindariek eguneko nahiz gaueko edozein ordutan presoei nahi zutena esateko aukera zuten. Panoptikoa 1984 nobelako Anaia Handiaren modukoa zen, baina Benthami mende eta erdi lehenago bururatu zitzaion ideia, eta bere asmoa ez zen fikzio hutsera mugatzea.

Benthamek uste zuen presoak zorrotz kontrolatuta eta askatasun nahiz intimitate zantzurik txikiena ere kenduta haien jarrerak eta errendimenduak nabarmen egingo zutela hobera. Horregatik, Panoptikoa zaintza behar zuten beste eraikin batzuetarako ere egokia izan zitekeela uste zuen: lantokiak, unibertsitateak... Izan ere, Panoptikoaren jatorrian fabrika eredu berezi bat zegoen, Jeremy Benthamen anaia Samuelek diseinatutakoa. Samuel Bentham itsasontzi-ingeniariak 1768an langileen gaineko kontrola eta etekinak maximizatuko zituen fabrika-herri baten proiektua diseinatu zuen, Grigori Potemkin printze errusiarraren enkarguz. Eta Jeremyk anaiaren lana baliatu zuen bere proiektua garatzeko.  Baina Samuelen fabrika ez zen sekula gauzatu. Eta Jeremyren Panoptikoa ere ez.

Ingalaterrako Jurgi III.a ez zegoen prest kartzela berriak eraikitzeak eskatzen zuen inbertsioa egiteko, are gutxiago diru kutxak hutsik zeudenean. AEBen Independentzia Gerrak jipoi ederra emana zion ingeles ekonomiari eta, ondoren, Napoleonen aurkako kanpainek ere ez zioten herri altxorrari mesederik egin.

Gerora, XIX. eta XX. mendean hainbat espetxe eraikitzeko Benthamen diseinua hartu zuten kontuan: Rahwayeko espetxea (AEB), Dublinekoa, Bogotakoa, Matarókoa, Pinos uhartekoa (Kuba)... Guztiak itxita daude gaur egun eta, beraz, Benthamen proiektuak ez zuen arrakastarik izan. Ezin gauza bera esan gizabanakoa kontrolatzeko beste metodo sotilagoei buruz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude