Fundazio bihurtu ondoren, BBK eta Vital 15 lagunek osaturiko patronatu banaren esku geratu dira. BBKn 9 patrono EAJk aukeratu ditu, 3 PSEk, eta bana PP, CCOO eta independienteek. Vitalen aldiz, 8 PPren eskutik datoz, EAJk 4 aukeratu ditu, 2 PSEk eta bakarra CCOOk.
15 patronoetatik 12k euren ondorengoak aukeratu ahal izango dituzte bost urtean behin, eta 3 baino ez dira izango herritarren botoen ordezkatzaile, erakunde fundatzaileek aukeratuak izango baitira. Patronoek ez dute soldatarik izango, baina “konpentsazio ekonomiko” bat kobratuko dute. Horietako asko Kutxabankeko edo kutxak partaide diren enpresetako kontseilari ere badira, besteak beste, eta diru-saria jasotzen dute.
Patronatuaren helburu teoriko bat da kutxak despolitizatzea, patronoak “adituak” izatea. Bestela pentsatzeko arrazoiak badaude ordea, zeinek aukeratuak izan diren eta patronoen iragan politikoa ikusita. Horietako askok lotura estua dute alderdi politikoekin, higiezinen enpresekin eta patronalen elkarteekin. Hauek dira batzuk:
BBKren presidente Xabier Sagredo EAJren Bizkai Buru Batzarreko diruzain izan zen eta egun Iberdrola Generación-eko kontseilari da. Ana Urquijo Atheltic-eko presidente ohia ere patrono izango da; higiezinen enpresa bat dauka. Atheltic-ekin loturak dituen jende gehiago ere bada patronatuan, hala, Jon Berasategui klubaren kudeatzailea proposatu du EAJk BBKren patrono izateko; Berasategui San Mames Barria SLren apoderatua da –BBK-k proiektu urbanistikoaren finantzazioan parte hartu du–. PSEk berriz Mikel Cabieces aukeratu du patrono BBKn, Espainiako Gobernuaren EAEko delegatu izandakoa eta egun Bizkako banku-fundazioaren administrazio kontseiluko kide.
Vital Kutxako patronoen artean nabarmentzekoa da PPk aukeratutako Gustavo Antepararen curriculuma: Ajebask, euskal enpresari gazteen elkartekoa eta Espainiako CEOE patronaleko batzarreko kidea da; Gasteizko Udal Hirigintza Elkartean kontseilari kargua du. Fernando Raposok berriz, SEA Arabako patronalean ardurak ditu eta Maria Teresa San Saturnino Arabako Emakume Enpresarien idazkari nagusi da. EAJk Vital Kutxako patrono izateko aukeratu du Monica Arbaiza, EAJko Araba Buru Batzarreko kidea eta Vitaleko administrazio kontseilaria. Koldobika Egurenek ardogintza enpresekin du lotura baita Kanariar Uharteetan jarduten duen hirigintza enpresa batekin ere. PSEk patrono aukeratutako Pablo De Oraá Arabako Batzar Nagusietako kide izan da bi legegintzalditan.