Gerra Handia eta Jacques Tardiren parabola artistikoa

Pariseko Colonel Fabien plazan dago Frantziako Alderdi Komunistaren Egoitza. Airean astindutako banderaren forma hartzen duen kristalezko eraikuntzaren oinetan, harrizko zoruan irekitzen den zuloaren eskailerek bunker baterako sarrera iragartzen dute. Egilearen omenean bataiatua, Oscar Niemeyer izeneko espazioan gaude.

Sugearen bihurrikeriari jarraituz, harrizko hormetan markotan ipinita ageri dira Jacques Tardiren (Valence, 1946) lanaren jatorrizko laginak; zirriborro txuri beltz ia sinbolistetatik, sei urteko amesgaizto baten errealitate koloreztatura egiten dugu salto. Soldadu frantses baten ikuspegitik Lehen Mundu Gerraren garapena urtez urte kontatzen duen komikia da Tardiren Putain de Guerre! (Casterman, 2008), Oscar Niemeyer espazioan publikoari zabalik egon dena, maiatzaren 15etik ekainaren 20era bitartean.

Lehen Mundu Gerraren mendeurrenaren aitzakiaz idazten dugu. Baina Tardi bezalako intelektualek ez dituzte 1914-1919 urte bitartean izan ziren 63 milioi biktimen in memoriam-erako soilik sortzen beren artelanak. Horretarako baditugu mundua gidatzen duten agintariak. Egutegian markaturik ditugun data esanguratsuetan biltzen dira, mende zein urte batzuk atzerago gertatutakoaz hausnartzearen itxura egiteko.

Gerra pentsatzea ez da gaur egungo auzia. Baina diskurtso bakezaleak hitzetik hortzera darabiltzaten txontxongilo horien bestaldean, Bertolt Brecht, Sigmund Freud, Jean Giraudoux, Franz Kafka, Franz Rosenzweig eta Walter Benjamin bezalako idazle eta pentsalariak izan behar ditugu gogoan. Pertsona ospetsu hauek, XIX mende amaieran, ontologia belizistan egituratuta zegoen mendebaldeko gizartearen kodeak identifikatu zituzten. Zoritxarrez, Historiak berak frogatu bezala, intelektual eta pentsalarien katastrofeak aurreikusteko gaitasunak nahiz beraiek saihestera bideratutako esfortzuek ez zuten ezertan lagundu. Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak, diktadura faszistak, Espainiako Gerra Zibila eta, hurbilago ditugun beste zenbait aipatzearren, Irakeko gerra, Dorre Bikien atentatua edo Crimeako gertakariak, bizi dugun deshumanizazioaren froga dira. Eta XXI mendean gaudelarik Gerraren aurka pentsatzen eta idazten jarraitzen dugu. Zergatik baina? Memoriarekin ez al dugu nahikoa? Baliteke oroitzeko prozesu horretan zerbaitetan huts egin izana.

Jacques Tardiren lana ikusi eta irakurri ondoren, Jean Giraudoux (1882-1944) eta bere antzerki lan handienetakoa La guerre de Troie n'aura pas lieu (1935) etorri zait gogora. Piezaren data eta izenburuari erreparatuz gero, Bigarren Mundu gerraren ataritan, Homerok idatzirik utzi zigun gerra historiko baten aurkako formulazioarekin dator Giraudoux. Probokazioa agerikoa da. Eta Tardiren Putain de Guerre! lanari batuta, gerrari gerra deklaratzea bezalatsu. 

Gisa honetako idazle eta pentsalariak, eta bide batez Manuel-Reyes Mate filosofoa (Valladolid, 1942) aipatzeari ezinbestekoa deritzot, memoria ulertzeko ikuspegi bera dute, prozesu erreflexibo konplexu batetik sortua. Memoria, iragana, oraina eta etorkizunaren arteko fusio moduan ulertua da, non hildakoen oroimen hutsa baino, ekintza aktiboagoa eskatzen duen. Tardi bezalako intelektualen lan baten aurrean gaudenean, inguratzen gaituenarekiko arduraz jabetzeko kontzientzia pizten zaigu.

Gizakiak debekatua du historiari bizkarra ematea, eta orain bizi duguna zorigaitz aldaezina balitz bezala hartzen badugu, ezer ikasi ez dugunaren seinale. Oroitzea zergatia bilatzea da eta, era berean, gertakarien norabidea aldatu ahal izan zitekeela imaginatzea. Saihestu ahal izan genuen Lehen Mundu Gerra? Baliteke. Baina iragana beste modu batera pentsatzearekin, aukera berri bat eskaintzen diogu orainari. Horrek esan nahi du, iraganeko birformulazio horretan bizirauten duen orainaren esperantza dela etorkizunaren proiekzioa.

Lehen Mundu gerra saihestu zitekeen bezala, etorkizuneko edozein gerra saihestera bideratu behar ditugu gure indarrak. Lortu edo ez. Nolanahi ere, porrota gizakiaren berezko ezaugarria dela onarturik, Historiaren norabidea aldatzeko aukera gure esku dago.

Putain de Guerre! ahozkotasunari lotua zaion espresioa da, denok aldarrikatu beharrekoa, eta komikian barrena soldadu narratzailearen ahotan behin eta berriz topatzen duguna. Irudiak eta hitzak era zoragarrian konbinaturik, gehienetan aurpegia eta ifrentzua adierazten dutela, helburu jakin bat dute: Lehen Mundu Gerrak gerra guztien parabola izan nahi du. Gerra ororen absurdua erakusteko bide artistikoa, alegia.

Estatuak ohorezko ekintza bailitzan saltzen digu gerra, jada Homerori aurkitzen diogun heroismoaren kontzepzioan. Tardiren protagonista, alderantziz, gai da berak eta bere lagunek lubakietan zain duten heriotza aurreikusteko. Jaio izana gaitzesten du, bera bezalakoak direnak hil behar dituelako aberriaren alde. Zentzu horretan, etsaiaren kontzepzioa, bere irudikapena, aleman gisara definitzen du, aurrez aurre topo egiten dutenean, egoeraren absurduaz jabeturik, fusila jaitsi eta bizkarra emango diote elkarri. Nazionaltasunaz gaindi, gizatasunaz hausnartu dute biek. 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude