"Egiten dudana egiten dudala, beti ikusiko da gaizki sektore batzuetan"

  • Berrogei urtez zezenen eta polemikaren adar zorrotzen puntetan korrika.

"Nire kasuan telebistan agertzea eta ezagun egitea ondorio bat izan da, ez helburua". Dani Blanco

Zer izan nahi zenuen handitan?

Betidanik irakaslea izan nahi nuen. Dakizkidan gauzak erakusteko grina izan dut beti. Gaztetxo nintzela soinketa irakaslea izan nahi nuela esan nuen etxean, baina garai hartan ez zen oso ohikoa eta gurasoek beste lau aukera eman zizkidaten: medikuntza, arkitektura, ingeniaritza edo ekonomia eta enpresa. Gutxien gorroto nuena enpresa zientziena zenez, hori hautatu nuen. Diplomatu ondoren Madrilera joan eta han lanean aritu bitartean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzia ikasketak egin nituen. Geroztik hamaika ikastaro ere egin ditut. Etengabeko formakuntza ezinbestekoa da lehiakorra izan nahi baduzu.

Orain irakasle zara, beraz zure ametsa bete duzu?

Oposaketak egin eta Eibarko Lanbide Unibertsitatean lortu nuen irakasle plaza. Erdaraz ari naiz klaseak ematen euskara titulurik ez dudalako. IRALE (Irakaslegoaren Alfabetatze-Euskalduntze) programako kideekin arazoak izan nituen. Kritika batzuk egin nizkien eta nahiz eta aurretik, oraindik tituluan behar ez zenean, kontuan hartzen ninduten beti, orain klaseak euskaraz emateko gai ez naizela esan zidaten. Hango ikasketa buruak ere esan zidan nire kasuan mamu beltzak ikusten zituela. Eibarren oso gustura nago. Gorputz hezkuntza eta kirol teknikari titulua ematen duen gradu honetan nik teoria eta praktika irakasten dut: metodologia, jokoak, eskalada, defentsa pertsonala, muskulazioa eta mahai tenisa, besteak beste. Aspertzerik ez dugu. Horretaz gain, nire soinketalekua hemen daukat, Hernanin. Judo, jiu-jitsu eta defentsa pertsonal operatiboa lantzen ditugu bereziki. Garai batean arte martzialen ikastaroak ematen nizkien hemengo udaltzainei eta azkenaldi honetan emakumeentzako defentsa pertsonalean ari naiz sakontzen, hainbat lekutan eskaintza hori zabaltzeko asmoz.

Klaseez gain enpresetarako coaching zerbitzu berri bat eskaintzen duzu entzierroen bizipenetan oinarrituta. Nola da hori?

Dena lotua dago nire historia pertsonalarekin. Kirolean, entzierroan eta bizitzan, oro har, oso garbi eduki behar duzu noraino iritsi nahi duzun eta zertarako gai zaren. Oso ongi kokatu behar duzu zeure burua. Enpresa munduan gauza bera gertatzen da. Negozio baten aurrean estresa eta beldur handia, psikologikoa batez ere, sortzen dira: gai izango ote naiz, ongi egingo al dut… Bestalde, jakin behar duzu nola kontrolatu eta kudeatu taldean dituzun baliabide guztiak. Horretan pentsatzen ari nintzela, nazioarteko enpresa bat, Pernaud-Ricard, nirekin jarri zen harremanetan 2012an, team building (taldeen eraketa) lan bat egiteko Iruñean. Prestakuntzaren aldetik oso ona izan zen niretzat. Lan handia eginez, ikaragarri ikasi dugu. Orain guk tailer batzuk prestatu ditugu enpresetan lantzeko. Lehenengo gauza beldurra zer den eta nondik datorkigun ikustea da, hori ez baduzu ezagutzen ezin baituzu kontrolatu. Ulertzea da lehen urratsa. Hortik aurrera zenbait ideia lantzen ditugu: enpresan lan guztiak beharrezkoak direla, talde barruan denek ez dutela gaitasun bera baina denak garrantzitsuak direla eta hala sentitu behar dutela, eta abar.

Tailer teorikoaz gain, praktikoa ere egiten dugu norberak presiopean erabakiak nola hartzen dituen ikus dezan. Praktikoak hiru atal ditu: lehenean taldekideek zirkuitu batean lasterka egin behar dute, norberak bere erritmoan. Bigarrenean gauza bera baina atzean hiru zezen gurpildun dituztela. Parte-hartzaileek erabakiak hartu behar dituzte azkar. Hirugarren ariketan talde osoak korri egiten du. Hori bideoan grabatzen da eta hor hartzen diren erabakiak eta izandako jokamoldeak gero banan-banan aztertzen dira, gaitasunak ikusi eta pertsona bakoitza bere esparruan kokatzeko. Nahiko ludikoa da tailerra eta oso emankorra.

Oso gazte hasi zinen entzierroetan.

17 urterekin, 1971n.

Asko aldatu da? Zergatik masifikatu da azken urteotan?

Normala da. Gizartea ere aldatzen ari da. Oso konpetitibo bihurtzen ari da eta hori islatzen da entzierroan. Telebistak mundu osoan ezaguna izatea ekarri dio entzierroari. Kameren aurrean jendeak nabarmendu nahi izaten du eta horregatik kolore askotako elastikoak eramaten ditu edota badaki non dauden kamerak eta haien aurretik pasatzen saiatzen dira kosta ahala kosta… Benetako korrikalariek ez dute halakorik egiten. Lasterrean doazela telebistan agertuko dira zezenetik oso gertu direlako, baina ez pantailan agertzea haien helburua delako. Orain horraino iritsi gara eta jada atzera bueltarik ez dagoela iruditzen zait. Hala ere, zerbait kontrolatzea badagoela uste dut.

Teorian isun ugari ekarriko dituen Entzierroaren Ordenantza berria motz gelditzen da?

Horrelako gauzak aspaldian ere hasi ziren egiten, baina adabakiak dira. Politikariek badakite entzierroen inguruan zerbait aldatzen hasiz gero polemika ikaragarria egongo dela, nahiz eta gauzak ondo egin. Eta politikariek ez dute eztabaidarik nahi. Entzierroa oso utzia dago egun. Duela zenbait urte kalean kontrolatzen zen dena. Zerbait gaizki eginez gero, segituan berrogei lagunek inguratu eta izugarrizko jipoia ematen zizuten. Kaleko justizia zen hura. Baina bukatu zen. Orain utzi egin da eta ikaragarrizko gehiegikeriak daude. Benetako pena ematen dit, kontrolatu daitekeela uste dudalako. Beste toki batean bagina, ekonomikoki diru-iturria izango litzateke, sarrera kobratuko zuten, merchandising ikaragarria, denak uniformatuta eta dena kontrolatuta egongo zen.

Isun eredugarriak jarriko dituzte, bai, baina horretan geldituko dira. Maila pertsonalean beldurra ematen dit, ni etxe atari batean egoten naizelako zain entzierroa hasi arte, kontzentratzen eta kaleko presioa jasaten ez egotearren. Orain hori debekatua dago eta beldur naiz ez ote didaten isuna jarriko horregatik.

Zuk zer eginen zenuke?

Sanferminak Sanferminak dira eta Iruñeko entzierroak ez dira beste inongoak bezalakoak. Ni oso purista naiz eta uste dut zuri-gorriz jantzita joan beharko lukeela jende guztiak. Peñetako brusa ere perfekto, baina besterik ez. Aukera handiak izan ditut publizitatea eramateko eta beti ezetz esan dut. Kamiseta zuriak erosterakoan beti merkeenak hartzen ditut, inolako markarik ez erakustearren. Hau dena errespetuagatik eta bat-batekotasuna ekiditeko. Ezin da onartu pertsona batek, zazpi lerro sartu ondoren eta txankletak jantzita, goizeko seietan erabakitzea bat-batean baietz, korri egin nahi duela. Batzuek diote entzierroa askea dela. Ados. Parte hartzeko bai, baina ez norberak nahi duena egiteko. Arropa edo oinetako egokiak eramatera behartzea ez da askatasunaren aurkako atentatua. Ni iaz Buñoleko Tomatinan izan nintzen. 5.000 pertsonako herrixka batean 40.000 sartzera iritsi ziren aurreko urteotan. Orain, aldiz, sarrerak saltzea erabaki dute. Iaz han zeukaten sentsazioa zen bertakoek berreskuratu dutela haien festa. Hemen ere erabaki beharko da: kontrolpean hartu edo kolapsatu. Irautea nahi dugu ala ez? Nik garai onenak ezagutu ditut eta joan naiz egokitzen, baina pena ikaragarria ematen dit entzierroa norantz doan ikusteak.

Hiri kondaira ala egia da tour operatzaile batzuek entzierroaren ibilbide barruan uzten dituztela turistak entzierroa bertatik ikusteko, inolako babesik gabe?

Hori egia da. Eta aurten ere etorriko dira. Hori larria izanik ere, entzierroa hasi baino minutu gutxi lehenago bat-batean laurogei pertsona sartzea, seguruena diru truke, norbaiti poltsikoa berotuz eta debeku guztien gainetik, ikaragarria da. Zerbait gertatuz gero, nor da erruduna? Utzikeria hutsa da.

Aurten lasterka eginen duzula esan duzu. Baina zuk ez al zenuen azken agurra egin 2010ean?

Bai. Alaba txikia, Aisha, jaio zenean. Gauza asko elkartu ziren: berrogei urte jarraian korri egiten, 2010ean oso gaizki bukatu nuen fisikoki –erorketa baten ondorioz miurek hankapean hartu eta eskuineko gihar guztiak makalduta utzi zizkidaten– eta nekatuta nengoen hemengo presioaz. Ziklo baten bukaeran nengoela sinetsi nuen. Beste herri batzuetan jarraitu dut korritzen, Tafallan, Tuteran… baina Iruñera hurrengo urtean ez nintzen joan. 2012an team bulding lan bat egitera etorri nintzen eta iaz lehen egunean balkoi batetik ikusten nengoela barrutik hiltzen ari nintzela sentitu nuen. Bosgarren pisu batean nengoelako, bestela jauzi egingo nukeen. Jokin Zuasti, nire lagunak, esan zidan tontakeriak alde batera uzteko eta korritzera sartzeko. Lau entzierrotan aritu eta sentsazio izugarriak izan nituen. Oso ondo ikusi nuen neure burua fisikoki eta psikikoki. Gustatuko litzaidake presiorik gabe joatea baina onerako eta txarrerako ez naiz anonimoa. Orain proiektu turistiko berriari bultzada emateko hantxe arituko naiz.

Buñoleko Tomatinarako sarrerak saltzen dituen Spain Tastic! enpresa valentziarraren eskutik antolatu duzu proiektu berri hau. Batzuk hasi dira trufaka Julen Madinaren balkoia dela eta…

Bai, eta prentsan jarri dute ez dakit zenbat diru kobratuko dudala pertsona bakoitzarengatik. Baina hori tour operatzaileak kobratzen duena da, gero nik jasotzen dudana askoz ere gutxiago da. Eta hala balitz ere, zer? Zer arazo dago norbaitek hori ordaindu nahi badu? Iruñean Sanferminetan denek kobratzen dute: kazetariek, argazkilariek, tabernariek… Aukera ekonomiko bat dago hor, baina ematen du ni hor sartzea ez dela zilegi. Entzierroa zer den eta festen nondik norakoak turista batzuei erakusteko eskubiderik ez dut? Egiten dudana egiten dudala, beti ikusiko da gaizki sektore batzuetan. Niri gustatzen zait enpresa honen planteamendua, ni neu askotan turista kortxo sentitu naizelako: toki batera joan eta gauzak gainetik ikusi baina ezer ulertu gabe. Kanpotarrei erakutsi nahi diet zer diren tradizioak, nondik datozen eta zergatik egiten diren. Nire ustez horrela pertsona horiek festa beste modu batez biziko dute eta gehiago maitatuko dute hiria. Zilegi izateaz gain, polita ere bada. Horregatik kritikak jasotzea ez dut ulertzen. Ematen du Julen Madinak egiten duen guztia gaizki dagoela.

PTV (de Pamplona de Toda la Vida) bazina, desberdina litzateke?

Agian bai, ez dakit. Badira batzuk gipuzkoarra izatea barkatzen ez didatenak. Nahiz eta milaka urtetan joan Sanferminetara, beti izango naiz kanpotarra. Kritika ugari eta portaera benetan bortitzak ere jasan behar izan ditut entzierroen kontura. Batzuek betidanik entzun dute protagonista izan nahi dudala eta ukondokadak ematen ditudala zezenen aldamenean jartzeko eta hori sinesten dute itsu-itsuan, ni ezagutu egin gabe ere. Norbait epaitu baino lehen, ezagutu egin behar da. Hiru aldiz gertatu zait, esate baterako, pertsona bat etortzea nire atzetik eta zezen saldoa pasatzerakoan haien kontra bultzatzea. Heriotza mehatxuak ere izan ditut eta 2004an harrapaketa izan nuenean pankartak eta guzti atera zituzten zezen plazara. Hori dena zergatik? Azterketa soziologiko bat egiteko modukoa. Jende asko agurtzera eta besarkatzera etortzen da, baina beste batzuek oso modu bortitzean tratatzen naute, hori bai, hurbildu gabe. El conquistador del fin del mundo saioan agertu ondoren jende askok esan dit ez zekiela horrelakoa nintzela.

Aurtengoak San Fermin bereziak izanen dira?

Bai, desberdinak. Hala ere aurten bezero gutxi espero dugu proiektu berriarekin oso berandu jarri delako martxan. Horrez gain AEBetatik deitu didate egunero, behin entzierroa bukatutakoan, haren kontakizuna egiteko Los Angeleseko telebista baterako.

Estatuko telebisten eskaintzarik ez duzu izan?

Nik uste dut aukerak banituela telebista espainiarrean, baina duela bi urte kritikak egin nizkien eta aurten bazterrean utzi naute. Ulertu zuten nik kritika egiten niela futbol partiduak balira bezala ematen zituztelako entzierroak eta ez omen zitzaien gustatu.

Adarkadak jaso zenituenean zer sentitu zenuen?

Ezina. Ezintasun hutsa. Adar ziztadaren soinua, zezenaren bufadak eta apatxen harramazkek zoruaren kontra ateratzen zuten erre usaina ditut gogoan. Une horretan ez nuen minik sentitu, ipurditik hartu eta altxatu ninduen arte. Neure buruari denbora guztian esaten nion ez mugitzeko, lasaitzeko eta taupadak kontrolatzen saiatzeko ahalik eta odol gutxien galtzearren. Oso hotza naiz horretarako. Iruñean mediku eta baliabide onenak daude eta horretan pentsatzen ahalegintzen nintzen.

Zezenketen aurkakoak gero eta gehiago dira.

Eztabaida horiek batzuetan oso demagogikoak dira. Zezenzalea naiz eta ez torerozalea. Zezen hauek hazten badira halako festak egiten direlako da. Arraza artifiziala da. Niri ere ez zait gustatzen animaliak sufritzen ikustea, baina zikloaren bukaera da. Lau urtez bizi dira baldintza onenetan horrela amaitu aurretik. Tristeagoa iruditzen zait behi, txekor edo txerrien bizimodua eta horretaz ez da horrenbeste hitz egiten. Intelektualki animalien min hori onartzea kosta egiten zait zezenzalea naizelako, baina lotura zuzena ikusten dut haien existentziaren eta zezenketen artean.

Nortasun agiria

Julen Madina Ayerbe (Hernani, 1955). Duela berrogeita hiru urte egin zuen korrika lehen aldiz Iruñeko entzierroan. Berez anonimoa den lasterketan ezaguna izan nahi izatea leporatzen diote batzuek. Eibarreko Unibertsitateko irakaslea eta judoan eta jiu-jitsun espezialista da. Berriki enpresetarako coaching zerbitzua hasi da eskaintzen entzierroen bere bizipenetan oinarrituta, eta aurten turismo proiektu berri batean arituko da bisitari dirudunei festa erakusten. Aho bizarrik gabe hitz egiten duen gizona, zalantzarik gabe.

Inbidia

“Iruñea hiria da, baina izaeraz oso herri txikia eta oso polarizatua. Dena da zuria edo beltza. Ez dago grisik”.

 

Basatia

“Zezenzaleok aurkari pila dugu eta lehena Europa, askok uste dutelako hau festa basati bat besterik ez dela. Entzierroa librea bai, baina denak soka motzean lotua egon beharko luke, ongi antolatua. Beste mezu bat zabaldu behar dugu”.
 

AZKEN HITZA
Goi mailako turistak

“Bisitari dirudunak eta adeitsuak Sanferminetara etortzea denontzat onuragarria da, baina badirudi hemen batzuek hori ez dutela ulertzen. Leporatzen didate entzierroaren kontura aberastu nahi izatea, eta berdin jokatu dute Entzierroaren Museoaren edo Kukuxumusuren aurka. Museoa zabaldu zuenak izugarrizko kritikak jaso zituen, laguntzarik batere ez, eta azkenean kanpora joan da bizitzera, eta Kukuxumusuko Mikel Urmeneta batzuek oso gaizki tratatu dute, oso ideia on eta erakargarriak izan arren”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sanferminak
Diego Yllanesi ukatu egin diote haren inguruko albisteak ezabatzea

Nagore Laffagen hilketaren harira, Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.

 


2023-07-11 | Ilargi Manzanares
SOS Nafarroak 11.000 dei baino gehiago jaso ditu Sanferminetako lehen bost egunetan

Uztailaren 6tik 10era bitarte 11.261 dei erantzun dituzte SOS Nafarroaren 112 zenbakian. Besteak beste, entzierroaren osasun azpiegitura koordinatzen da zerbitzuaren egoitzatik.


Hamaika gizon atxilotu dituzte Sanferminetan, sexu erasoak egotzita

Sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Iruñerriko Mugimendu Feministak astelehenean 21:00etan Gaztelu Plazan. Cristina Ibarrola alkateak dio "sexu erasoak kenduta" festak lasaitasunez ospatzen ari direla.


Eguneraketa berriak daude