Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Horiexek aurtengo urtarrilaren 11ko manifestazio handiaren lemak; Bilbon. Martxoan, Bakerako Foruma egin zen Baionan. “Prozesua bide onean doa” esan zuen Brian Currinek. Ekainean jende nasaia bildu zen Baionan, Bake Bidearen “Ni ere banoa!” lemapean. Lehentxeago, Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea ekimen oso adierazgarria izan zen. Aro berriak “gure esku dago” leman hartu du funtsa.
Bestelako aldarrikapenak ere badira Euskal Herrian, lan, kultura eta gizarte eremuetan. Funtsezkoak denak. Edonola ere, “normalizazio politikoa” finkatzeak –biktimen, presoen eta iheslarien egoerak konpontzeak– lehentasuna hartu behar du jendartearen normalizazio bidean.
Europako hauteskundeak –Estatua gobernatu duten PSOEren eta PPren ahulezia agertu dutenak– eta Felipe VI. erregearen izendapena ere oso esanguratsuak izan dira. 40 urteko diktadura frankistaren eta 40 urteko “demokrazia juankarlista”ren ostean, trantsizio berrian gaude. Bai ote? 1975-80 urteetako trantsizio trauskila, aro berrian taxuz gauzatu al liteke?
Aro berriaren aldeko premisak: Europan gaude. Kataluniak hartu duen bidea seinalagarria da, baita Eskoziako prozesua ere. Estatuan Podemos eratu da. Ahal Dugu hego euskal lurraldeetan. Euskal Herrian, Gure Esku Dago, Idiazabalen jaiotako ekimena, Goierrira hedatua, Euskal Herrian zabaltzen joan nahi duen filosofia da.
Trantsizio berrian gauzatu daitekeena ordea, ez dago herritarron ahalmenaren arabera soilik. Aipatu bi herrialdeetan gertatuko denak euskal burujabetasunera bidean eraginen du. Augurio bat: Europaren eta estatuen egiturak aldatzeko beste 30 urte behar badugu, malo! Statu quo zaharra berrituko ez den seinale –bigarren trantsizioari ere bosturteko epea antzematen diot–.
Gure Esku Dagoren ahalmena datorren udazkenaz gero antzemanen da. Garai zailetan “lehiatu” beharko du: datozen urteetako herri eta foru hauteskundeetan (Nafarroako Parlamentukoa barne), Eusko Legebiltzarreko eta Espainiako Kongresuko bozen artean.
Nafarroako norabide politikoa gakoa da Hegoaldearen geroan. Iparraldekoa, berriz, motelago doa. Alta, Hegoaldean ez bezala, paradoxikoki, tokiko indar politiko sozialen –abertzaleak izan edo ez– noranzko bidea urratuago dago jendartearena baino.
“Gure esku dago” berealdiko lema begitandu zait. Hala ere, fenomeno sozial berriak abertzaletasun klasikoaren mugak gainditu beharko ditu, bere xedeak lortuko baditu. Hots, giza eskubideen funtsa bere egiteaz gain, sostengatzaileek barneratu beharko dute lemaren funtsa ez dagokiola ez lurraldetasunaren, ez estatuaren ez independentziaren nahiari. “Gure esku dago” norbanakoak erabakitzeko daukan eskubidean datza. Gure Esku Dagoren “arrakasta” azken 30 urteetan abertzaletasunak nozitu duen ezker abertzalearen abangoardia politikoaren eta EAJren anbiguotasunaren sindrometik askatuko den araberakoa izanen da.