Altxa kopa hori!

Lerro hauek idazten dituenak maite du futbola biziki. Hobeto esanda, batez ere jokatzea maite izan du. Eta telebistako futbol partidu onak ere gustuko ditu, zertarako gezurrik esan. Partidu asko  eskasak dira edo balekoak, gutxiago onak eta bakan batzuk bikainak, baina ai azken hauen arrastoa zein sakona den. Futbol zelaikoa oso bestelakoa da, zirrarak harmailez harmail ukitzen ditu zaleen bihotzak. Burmuinerako tarte gutxi? Ez pentsa, hain gutxi ere ez, batez ere kontuan hartzen badugu ikusle bakoitzak bere baitan duen futbol estratega bikain hori nola astintzen duen, gehienetan norbere taldearen emaitza hain ona ez denean.

Ikuskizuna, indarra, azkartasuna, ausardia, arrakasta, talde lana, estrategia eta askoz gehiago ere bada lehen mailako futbola. Grina hutsa. Hori guztia da, eta batez ere lehen 10 taldeetan, edo lehen zazpietan, edo akaso lehen hiruzpalauetan. Hori guztia eta dirua, batez ere dirua. Dirua jokalarientzat, talde tekniko eta zuzendaritzakoentzat; dirua hortik zuzenean bizi diren guztientzat. Baina baita zuzenean bizi ez direnentzat ere. Agintariek ekonomia mugitzen duela diote. Kontzertu handiek bezala, edo Europako kultur hiriek bezala, edo autobide edo trenbide handiek moduan…

Talde handia, diru handia guztientzat, batez ere ogasunari aitortzen bazaio, jokalari ospetsu eta maitatu askok hainbatetan nahiago izaten baitute beren dirua atzerrira ateratzea, dena norbere herrialdean uztea baino. Ez, dirua beti ez da zerga bihurtzen, besteak beste hainbatetan klubek ez baitute dirurik ordaintzeko. Egia esan, klubek eta beren zuzendaritzek badakite diruaren gainean, ia zorraren gainean beste, eta badakite hobe dela jokalari batean milioi bat euro –edo bi, hiru, sei, hamar…– gastatzea, Ogasunari ordaintzea baino.

Eta badakite hori, lehen mailako futbola ez delako bakarrik orain arte esandako guztia, zerbait bada kohesioa baita. Kohesioa lorian –ai La Rojaren sasoi haiek– edo infernuan –utikan Bigarren B maila hori–. Miragarria da, txiro, aberats, zahar, ume, agintari eta langabe, guztiak bat, txalo, orro, malko. Kohesioa.

Zenbat diru irensten duen lehen mailako futbolak, egia da. Baina zenbat itzultzen dion gizarteari edo hala dioskute agintariek behintzat. Eta ez futbolak bakarrik, goi mailako basketak ere bai, diru ekarpena beste maila batekoa bada ere. Horregatik uler liteke, adibidez, diputazio batek 5,2 milioi euro ematea basket talde handi bati honek zorrak dituenean: baina lasai, azkenean 1,5 milioi  bakarrik izango dira taldearentzat eta bestea diputazioarekiko zorra ordaintzeko. Zuk zorra duzu nirekin, nik ematen dizut dirua eta zuk diru horrekin ordaintzen didazu zorra. Borobila.

Beti ez da horrela, jakina, baina goi mailako kirolean bai, batez ere futbola, basketa edo formula 1 denean. Adibide bat: zuk 80 milioi euroko zorra duzula? Lasai, topatuko dugu modua kitatzeko, garrantzitsuena da Bigarren B mailara ez jaistea. Gaizki egin zenituen gauzak eta nik utzi egin nizun, baina lasai, asko eman diozu gizarteari –bereziki patrika batzuei– eta konponduko dugu.

Lastima gisa horretako jokaldiek ez dutela berdin balio bizitzako beste alor batzuetarako. Bereziki balio du zorrak bankuei eta futbol taldeei eragiten dienean: bankuak zorretan, ekonomia galbidean; futbol taldea zorretan, sentimendu kolektiboa arriskuan. Baina etxebizitzen esparrurako, adibidez, erreskate publikoak ez du balio; sektore horrek ere diru asko eman izan du, baina zorraren mekanismoak ez du berdin funtzionatzen. Adibidez, familia batek ezin baditu 30.000 euro ordaindu, etxerik gabe geratuko da eta listo, topatuko du beste etxe bat, edo zubipean egingo du lo edo autoan edo, azken finean, zertarako daude lagun onak edo familia? Oroitzen ez dudan foru lurralde batean, 2013an 616 familia geratu ziren etxe gabe haien bankuekiko zorra ordaindu ezin zutelako, eguneko ia bi familia. Baina aizu, zer nahi dute bada? Zorra zorra da. Ordaindu ezean, zein gizarte zibilizatu litzateke hau? Horregatik, beren kabuz kolaboratu nahi ez duten familiengana bidaltzen dira poliziak eta elkar lanerako prest diren futbol zuzendariengana ogasuneko sailburuak.

Baina zer arraio, utz ditzagun kontuok eta murgil gaitezen festan. Topa dagigun eta bizi gaitezen betiko.

Osasuna!
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2024-03-31 | Xabier Rodríguez
Paris 2024
Eredu olinpiko ezagun baten sintomak

Hiri bat Olinpiar Jokoen antolatzaile izendatzen dutenean, biztanleen artean  ilusioa sortzea da helburuetako bat. Asko dira hartu beharreko erabaki polemikoak, eta herritarren babesa izateak lana errazten du. Hala ere, 2017an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Paris... [+]


2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Eguneraketa berriak daude