Nola baloratuko zenuke Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearekin izandako bilera?
Lan bilera berezia izan zen, gauzak bere lekuan jartzeko, eta batez ere, konponbideak bilatzeko balio izan zuena. Finantzaketari lotutako bilera izan zen; nork, zenbat, noiz galderei erantzuteko ahalegina. Alde horretatik, aurrepauso garrantzitsua eman zuen Jaurlaritzak, azokak 120.000 euro jasoko zuela hitz eman baitzitzaigun.
Nahikoa izango da azokaren egungo ereduari eusteko?
Azoka ez da erakunde bakar baten diru-laguntzaz egiten. Une honetan badakigu Bizkaiko Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak ehun eta hogeina mila euro emango dituztela. Momentuz, horiek izango dira azokaren laguntzaile nagusiak, baina bi erakunde horien ekarpena baino gehiago behar da azoka aurrera eramateko. Babesle pribatuak ere badira, eta horrez gain, standen alokairuak ematen duena, baina hori ez dugu jakingo iraila bukatu arte. Une honetan, beste erakunde batzuekin ari gara lanean, Gipuzkoako Diputazioarekin eta Arabako Diputazioarekin, esaterako. Durangoko udalarekin uztailaren 3an bilduko gara. Bermatuko den egungo eredua? Etxean bezala, kontu guztiak egin ondoren helduko da gure balorazio orokorra.
Eusko Jaurlaritzarekin egindako bilera aurrerapausoa izan da, eskatzen genuen diru kopuru osoa heldu ez bada ere. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna garaiz heldu da, eta hori oso garrantzitsua da plangintzarako, ezin baita inprobisatzen aritu. Erakunde publikoek datozen urteetan azoka aurrekontuetan sartzeaz ere jardun genuen.
Erakunde publikoen finantzaketa egonkorra aspaldiko eskaera duzue.
Urtarriletik gabiltza erakundeak bisitatzen. Ordu asko eman ditugu guztiok honetan, puntatik punta ibili gara. Urtero horrela ibiltzea ezin du elkarte batek jasan.
Azoka bikaina antolatzearen ardura gure gain hartu eta denboraz aritzen gara, eta edozeini azalpenak emateko arazorik gabe. Egonkortasun ekonomikoak izugarri lagunduko luke azoka. Enpresa pribatuek euren kontuak egin behar dituzte, zenbateko ekarpena egingo duten esan aurretik, baina erakunde publikoek minimo batzuk bete behar dituztela uste dut. Kopuruak ziurtatu behar dizkigute urtero.