Iruñeko Zitadelatik ihes egin zuten alemanen historia

  • 1916ko azaroaren 8an Paramount gerra-ontzi britainiarrak patatxe txiki bat atzeman zuen Mantxako kanalean. Barruan, Iruñetik eta Alcalátik ihes egindako aleman taldea topatu zuten. Nola iritsi ziren haraino? Alemanen ihesaren kronikak zinemarako gidoia dirudi.

El Liberal-en 1917ko urtarrilaren 3ko alea; ihesaren berri zehatz-mehatz eman zuen egunkari madrildarrak.
El Liberal-en 1917ko urtarrilaren 3ko alea; ihesaren berri zehatz-mehatz eman zuen egunkari madrildarrak.

Lehen Mundu Gerraren garaian Iruñeko Zitadelan laketu zen aleman multzo bat, egunero Arga ibaira bainua hartzera joaten hasi zena. Iruñeko Udalak 1919an Arga ibaiaren ertzean bainuetarako etxola bat jartzea baimendu zuen. Laster inguru horri alemanen ibaia esaten hasi zitzaion.

Iruñeko Zitadelakoak Kamerundik etorriak ziren, Afrika ere Lehen Mundu Gerrako borroka tokia izan baitzen. Alemanek 1916ko otsailaren 15ean Kamerunen amore eman zutenean, mila bat soldadu Río Muni Espainiako koloniara pasa ziren. Aliatuak ez ziren fida eta Alfontso XIII.a erregeari alemaniarrak Espainiaratzeko eskatu zioten.

Alemaniarrak eta kamerundarren bat Karl Ebermaier gobernadorea buru zutela Isla de Panay eta Cataluña merkantzia-ontzietan sartu, Santa Isabel portutik atera eta Kanarietako Las Palmasetik igaro ondoren 1916ko maiatzaren 4an Cádizera ailegatu ziren, han bi tren zituzten esperoan. Madrilgo Mediodía tren geltokira maiatzaren 5ean iritsi ziren. Han zen Madrilgo kolonia aleman osoa. Geltokian heldu zen mila lagunez osaturiko taldea sakabanatzeko tenorea. Kontu honetarako, J.A. Tojo Ramalloren Cazadores de Barcos liburua jarraituko dugu. Horren arabera, ofizial gorenak, 60 bat, Madrilen geratu ziren, Alcalán 142 soldadu, multzorik handiena Zaragozara eraman zuten, Aranjuez, Teruel eta Valladolidera dozena batzuk bidali zituzten, Urduñara katolikoak eraman zituzten, eta 217 soldadu Hiri Buruzagira bidali zituzten.

Alemanak Hiri Buruzagian

Kamerundik etorritakoak maiatzaren 6an iritsi ziren Iruñeko tren geltokira. Haien artean, bi kapitain, hamar ofizial, bost sendagile, 147 soldatu, Gobernadorearen kontseilari bat eta 52 zibil. Azken hauen artean, emakumezko bat, zenbait ingeniari, erizainen bat, trenbideetako langileak, postariak, bi arkitekto eta merkantzia-ontziteriaren ofizial bat. Hiri Buruzagiko harreran ere ez zen agintaririk falta, besteak beste hor zen Iruñeko Apezpikua, José López Mendoza y García.

Alemanen trasladoa ez zen inprobisatua izan, Manuel Negrillos y Goicoechea Iruñeko alkateak bando bat atera zuen alemanak begirunez tratatzea eskatzen zuena, Espainiako estatuaren gerrarekiko neutraltasuna maiz itxurazkoa zen. Alkateak aliadofiloen eta germanofiloen arteko liskarrak saihestu nahi zituen.

Iruñeko Zitadela kontzentrazio eremua zen. Baina praktikan aski laxoa zen erregimena, diru piska bat zuten alemanek berehala hartu zuten ostatu Hiri Buruzagiko hostal eta pentsioetan, eta aski fite, maiatzaren 27an, Bilbo eta Donostiatik etorritako alemanekin Iruñean festa bat antolatu zuten.

Sanferminak heldu ziren eta alemanek entzierroa eta erraldoi eta kilikien konpartsarekin gozatu ederra hartu zuten, bestalde Juan Belmonte toreatzailearen dotoreziak txunditurik utzi omen zituen Erteuropakoak. Gerraren eraginez giririk gabeko Sanferminak izan ziren 1916koak, atzerritar gutxiago etortzearenak berebiziko protagonismoa eman zien alemanei, El Pensamiento navarro-k egunero sail bat ateratzen zuen aleman hizkuntzan, bertan gerraren inguruko informazioa eta ferien egitaraua argitaratzen zuen.

Alemanen ihesa abian

Karl Koch zuen izena Iruñeko ihesa antolatu zuen ofizialak. Ihesa 1916ko urriaren hasieran gertatu zen eta prestatze lanetan Iruñeko zein Madrilgo Alcaláko kontzentrazio eremuetan ziren militarrez gain, hainbat kargu eta espia alemanek hartu zuten parte, besteak beste, Ebermaier jeneralak, Vigoko kontsulatuko idazkari Kindling jaunak eta Kochekin batera berebiziko protagonismoa izan zuen Hans Reupke gazteak.

Akaberatik helduko diogu ihesaren kontakizunari. 1917ko urtarrilaren 3an Madrilgo El Liberal-ek azalaren erdia alemanen ihesaren kontakizunari eskaini zion. El Liberal-eko kronikak zinemarako gidoi bat dirudi. Baina ihesa berritzeko informazio iturririk joriena ihesean parte hartu zuen Erich Robert Petersen sarjentuaren kontakizuna dugu. Petersenek 1933an egunkari moduko liburua utzi zigun, Durch Busch und Blockade (Zuhaixketan eta blokeoan barna).

Kochen plana arrunt sinplea zen. Itsasontzi bat erosi, iheslariek bai Alcalá bai Iruñetik alde egin behar zuten eta Galiziako porturen batera iritsi. Hori lorturik, itsasoratu, Irlanda eta Eskoziako kostaldeak inguratu eta Norvegiako kostaldetik Alemaniako porturen batera arribatu.

Iheslariek itsasontziaren kostua eta itsasaldia hornitzeko gastuei aurre egin behar zieten. Dirua ez zen afera aleman askorentzat, aparteko ordainsaria jaso omen zuten Espainiara heltzean. Bestalde, iheslariek gazteak behar zuten izan eta itsasoan arituak baziren, hobe. Hiri Buruzagian Koch ofizialak egin zuen aukeraketa, eta lagun zituen Walter Grätshuss eta Dietrich Kilttlass arduratu ziren Alcalákoaz.

Kochek Zitadelatik kanpo zuen kontaktua Hans Reupke zen. Honek hartu zuen itsasontzia lortzeko ardura. Eginkizun horretarako Kindling jaunarekin jarri zen kontaktuan, Kindlingek Belgrano merkantzia-ontziko eskifaiakoak aurkeztu zizkion Reupkeri. Belgrano A Coruñako portuan zen gerarazia gerra hasiz geroztik, eskifaiakoek bideraturik Reupkek Wolhaupt abizeneko alemana ezagutu zuen eta honen laguntzaz Virgen del Socorro patatxe klaseko arrantza-ontzia feriatu. Noiako Felipe Perez zen arrantza-ontziaren jabea. Perezek patatxea Vigora eraman beharra zuen, bertan salerosketaren izapideak egin zitzaten.

Hau guzti hau irailean lotu zuen Reupkek eta iheslariekin harremanetan jartzeko telegrafoa eta posta baliatu zituen. Bost lagun ziren Iruñeko Zitadelatik alde egin behar zuen taldean. Kochekin batera, Emil Schulz, Karl Schauf, Jacob Lohrmann eta arestian aipatu Erich Petersen sarjentua. Zazpi ziren Alcalako taldean, Gräutschuss eta Kittlass-ez gain, Karl Niemeyer, Leopold Kütz, Bruno Rassak, Hans Fritsche eta Max Jutersonke.

Hamabi horiez gain, zortzi lagun ziren Vigon zain, Hans Reupke, Alex Grossmann marinela, Hans Rautenberg sendagilea, Herman Enken Werth itsasontziaren marinela eta Goeben merkantzia-ontziko lau ofizialak: Henrich Zuppe, Karl Hilburgh, Maxe Griebel eta Emil Stehr. Hauek dena prest eduki behar zuten Iruñea eta Alcalákoak iristerako. Reupke eta Zupperena izan zen hornigaiak erosi eta, gaua lagun, Vigoko portuan gerarazia zen Werth merkantzi-ontzi alemanera eramatearen ardura.

Alemanen ihesa gauzatua

Ihesa Iruñean hasi zen. 1916ko urriaren 3an Karl Koch Zitadelako erietxera hurbildu da, tripako mina omen du, artatu ondoren Salcedo Gobernadore Nagusiak urriaren 3tik 8ra bitartean Lekunberrin tratamendua hartzeko baimena eman dio. Lekunberrira iritsi eta Meyer abizeneko aleman bati automobil bat alokatuko dio. Urriaren 5eko goizean Iruñetik lau kilometro pasatxora Zitadelako gainerako lauekin elkartuko da. Gasteiztik barna Palentziara heldu dira, ilunabarrean, elkarri arrotzak bailiran, Vigorako trena hartu dute. Denak ez dira trenez iritsiko. Lohrmann eta Petersen Redondelako geltokian jaitsi dira, bertan Riedel izeneko agente bat dute zain, Vigorainoko tartea gurdi batean eginen dute landa-bideak ibiliz.

Urriaren 6a da, eta Alcaláko zazpiak ere Vigora ailegatu dira. Hauen ibilbidea ez da ezusterik gabe igaro. Telegramarekin nahaste bat gertatu da. Izan ere, Gräutschussek ez du garbi Pepita (Palentziarako automobila) heldu behar den ala ez. Azkenean Pepita heldu da, Palentziaraino kotxez joan eta handik trenez Vigora. Egun berean, Virgen del Socorro arrantza-ontziak Vigoko portuan sartzeko maniobra egin du eta Werth ontziaren alboan amarratua geratu da.

Itsasaldia hasteko prest dira hogeiak. Virgen del Socorro patatxearen salerosketan 11.150 pezeta ordaindu dituzte eta hornigaien kostua gaineratuta denen artean guztira 17.693 pezeta jarri dituzte. Hogeiak banan-banan Werth ontzian sartu dira eta hortik alboan den Virgen del Socorrora igaro. Urriaren 7an, goizaldean Anduriña atoiontziak Cíes uharteen parean utziko du Virgen del Socorro. Hara iritsi baino lehen Gaviota gerra-ontzi espainiarra agurtzeko tenorea izan dute.

Urriaren 24a da, eta erabat aldatu da iheslarien plana, denboraleak kalte nabarmenak egin dizkio Virgen del Socorroren kroskoari eta masteriari. Baldintza horietan ezinezkoa zaie Irlanda eta Eskoziako kostaldeak ingurutzea. Mantxako kanalaren sarreran dira eta hortik jotzea erabaki dute. Azaroaren 6an eta 7an izkin egin diete destruktore ingelesei, baina azaroaren 8an Paramount gerra-ontzi ingelesak begiztatuko du patatxea. Hasieran Holandako bandera erakutsi diete, baina ingelesek ez dute gezurra irentsi. Britainia Handiko Ramsgatera eramanen dituzte eta han izanen dira hogeiak Lehen Mundu Gerra amaitu arte.

Nonbait, bada Vigon ezer ikusi duenik eta berehala aliatuen informazio zerbitzuak martxan jarri dira. Frantziako kontsulak ihesa salatuko du Espainiako agintari militarren aurrean, baina azken hauek ez dute Virgen del Socorroren jazarpenik abiatuko. Bestalde, azaroaren 21ean, patatxea atxiki eta gero gobernu britainiarrak Madrilgo enbaxadorearen bitartez gaitzespen mezua helaraziko dio gobernu espainiarrari. Ordurako Ramsgateko kartzelan ziren hogei iheslariak.

1917ko urtarrilaren 21ean, ihesaren nondik norakoak vox populi zirela, alemanek jai bat antolatu zuten Iruñeko Parisien antzokian. Hiri Buruzagia festa hutsa zen. n

«Nafarrak baino alemanak dirudite»

Estatu espainarreko prentsa Gerra Handian bitan banatu zen, germanofiloak eta aliadofiloak. El Liberal aliadofiloak 1916ko abenduaren 11ko azalean Nafarroako prentsa germanofiloaren jokabidea salatu zuen.

Hainbat ospetsuk eratu berria zuten batzorde bat nafar-frantses soldadu zaurituak sustengatzeko. Kazetariak nafarren arteko anaitasuna eta Antzinako Erresuma ekarri zituen gogora. Apezpikuak diru-biltzea bultzatu zuen eliz-barrutian eta bildutako dirua Baionako apezpikuaren esku uzteko asmoa adierazi. El Liberalek ez zuen egokierarik galdu Nafarroako prentsa germanofiloa salatzeko. Urte bereko azaroaren 21ean Alemaniako Gurutze Gorriaren aldeko festa antolatu zuten alemanek Iruñeko Euskal Jai pilotalekuan, eta 3.629,15 pezeta bildu. Jaialdi hura aski ongi publizitatu zuten El Pensamientok eta kazetariak espreski aipatzen zuen Diario de Navarrak. Nafar-frantsesen aldeko diru bilketa aldiz zokoraturik agertzen zen egunkari horietan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: I. Mundu Gerra
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Gaztainak Israelgo estatuaren alde

Londres, 1917ko azaroaren 2a. Arthur James Balfour Britainia Handiko kanpo harremanetarako idazkariak gutun bat idatzi zion Lionel Wakter Rothschild juduen komunitateko buruzagiari, hark Federazio Sionistari bidal ziezaion. Balfour adierazpena esan zitzaion idatzi horri, eta... [+]


Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Interesez puztutako globoak

Lisboa, 1709ko abuztua. Bartolome de Gusmão apaizak erakustaldi berritzailea egin zuen Indietako Etxean, Joan V.a Portugalgoaren eta bere gortearen aurrean: aire berozko globo baten aireratzea.


Eguneraketa berriak daude