argia.eus
INPRIMATU
Hautatutako deserri partikularra
  • EÑAUT ELORRIETA :: Deserriko Kantak

    ELKAR, 2013

Olatz Korta 2014ko uztailaren 02a

Jakintsu-itxura izateko bizarra luzatzen uztea dela irakur dezakegu Joseba Sarrionandiaren Propostas para a definiçao do exilio poeman. Eñaut Elorrieta gernikarra bizar luzearekin aurkeztu zaigu Deserriko Kantak bere bakarkako lan honetan. Itxura kontuetan murgildu beharrean ordea, barruko grinak arakatu eta emozioak gidatutako lur berrietan barneratu da. Mugei eta beldurrei aurre eginez, esperimentatzeko arriskuak bereganatu ditu, sorkuntza garaian gorputzak agindutako bultzadetan arreta jarriz. Hasiera batean abestiek izan zezaketen dimentsioaren aurrean askea izanda eta intuizioak gidatutako prozesuan sentitu duenaren arabera eraikitako diskoa egin du.  

Naturaltasunez adierazten den ahotsak indarra hartzen du disko osoan. Ken Zazpi taldeko kide bezala ezagutzen dugun abeslariaren ahotsak tinbre atsegina du, xarmagarria oso. Afinazio zorrotza eta, batez ere, gustu handia. Abesteko duen berezko dohainarekin eta emozioak azaleratzeko duen gaitasunarekin erraz iristen da entzulearengana.

Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu dituen hamar abestiak deserria dute gai nagusi. Abesti sakonak eta intimoak, xehetasunez beteak, zehaztasunez zainduak. Guztiek dute ukitu garaikidea eta Brit pop-arekiko parekotasuna soinu eta efektu erakargarrietan antzeman daiteke. Kantu bakoitzaren lanketan nabarmena da moldaketei eskainitako garrantzia. Gernikarrak Txus Aranburu (pianoa, teklatuak, akordeoia eta programazioak) eta Ruben Caballero (gitarra akustikoa, elektrikoa, mandolina, xilofonoa eta programazioak) bezalako musikari onen laguntza izan du abestiak borobiltzeko orduan. Grabaketan (eta zuzenekoan) euskal zirkuituan ezaguna den Igor Telletxea beratarra izan du baterian, baita jazz estiloan lerratu den Hasier Oleaga ere.

Deserriko kantak bakarkako lan horri ordu asko eskaini dizkio Elorrietak. Lan osoaren perspektibaren erantzukizuna bere gain izan du eta lan neketsu horren ostean abesti arinagoak egiteko beharra azaldu badu ere, gauza berriei ekiteko gogoz da.

Gernikarraren aparteko ahotsak eta abestien moldaketek presentzia handia dute diskoan. Dena den, bereziki azpimarratuko nukeena hitzak dira, musikalki poesiak duen esentziak erabat goratu baitu abesti bakoitza. Deserriari buruzko disko kontzeptual honetan begirune handiz aukeratutako testuek indar eta protagonismo izugarria dute. Gaiaz modu zabalean hitz egiten duten garai, leku eta kultura ugaritako autoreen testuak bildu ditu Elorrietak horretarako (Mario Benedetti, Joseba Sarrionandia, Gabriel Aresti….) Hautaketa horretan euskal idazleen gomendioak eta aholkuak jaso ditu. Uxue Alberdi, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga eta Harkaitz Canoren laguntzaz jasotako testuak malgutasunez eraldatuak izan dira gero, entzulearen interesa piztera bideratuak, beti ere hizkien arima mantenduz.

Deserriaz hitz egiten digu Eñaut Elorrietak; deserri soziopolitikoaz eta deserri emozionalaz. Lan honetan murgildu zenean bere deserriaren ertzak deskubritu zituela dio, bide honetan bere deserri partikularra zeharkatu duela, alegia. Arnasberritzeko aukera ikusi du eta abestiak eginez eta abestiak kantatuz, bizitzen eta bizitzan lagunduko dionaren aldeko apustua egin du. Ez du bizarrik utzi behar, beraz, jakintsu-itxura izateko.