Glasgow, txiroak 54 urterekin hiltzen diren hiri aberatsa

  • Eskoziako hiri nagusi den Glasgow benetan bi dira. Auzo pobreenetan jaio direnak batez beste 28 urte gutxiago bizi dira alderdi aberatsenean sortuak baino. Munduko Osasun Erakundeak salatu zuen 2008an baina sei urteotan leizea are gehiago sakondu da, berrikitan Oxfamek salatu duenez. Murrizketa eta karitate gehiago agindu diete.

Daily Record gunetik hartutako argazkian, Glasgowko kartiel pobre bateko mutikoa, 55 urteak bizirik ospatzeko itxaropen gutxi daukana. Glasgow contre Glasgow dokumentalean Liam Young udal funtzionarioak azaldu du bazterketa soziala gizakien osasunaren oke
Daily Record gunetik hartutako argazkian, Glasgowko kartiel pobre bateko mutikoa, 55 urteak bizirik ospatzeko itxaropen gutxi daukana. Glasgow contre Glasgow dokumentalean Liam Young udal funtzionarioak azaldu du bazterketa soziala gizakien osasunaren okerragotzearekin nola dagoen lotuta. 1980ko hamarkadan industria asko itxi zuten hirian, auzo osoak aurkitu ziren langabezian: Calton, Easterhouse, Parkhead, Castelmilk, Polsal... 50 urterekin aita lanik gabe geratutako familietan handitu dira haurrak. Droga heldu zen gero. Lana zutenek ihes egin zuten auzootatik eta bertara langabe gehiago etorri. "Filantropiaz ari diren aberats handi horiek ez dute sekula ezagutu etorkizunik gabeko bizimodu hau". Thomas Hunter aberatsaren erantzuna: "Dirua dutenak konbentzitu behar dira diru gehiago eman dezaten. Zerga gehiago ez, aberatsek ez dute maite inposizioa".

Glasgow contre Glasgow film laburrari bigarren titulutzat “Pobre bizi aberatsen hirian” ipini dio Julien Brygo kazetariak. Le Monde Diplomatiquek plazaratua, Vimeon ere ikusgai dago. Brygok berak egindako argazkiekin uztartu ditu Eskoziako hiri handiko leize soziala ikertzean lortu zituen lekukoen esanak.

Brygok ez ditu pozik edukiko Glasgowko Rothary Clubeko kideak. Hiriko burgesiarik aberatsenaren biltoki eta karitatezko ekintzen sustapen gunea den klubera konbidatu zuten Brygo, filmean ageri denez: “Adiskideok, konbidatu berezia daukagu gaur gure artean, Julien Brygo, ikertzen ari dena Glasgowko pobrezia, eta Rothary Clubeko kideoi galdetuko diguna nola murriztu txirotasuna”. Bideoaren amaieran ageri denez, aldizkariko zuzendaritzari kexa azaldu diote hiriburu distiratsuaren irudi ilunegia eman duelakoan. 25 minutuko dokumentala ikusita epaituko du irakurleak.

Munduko Osasun Erakundeak 2008an jakinarazi zuen hiriko auzune pobreenetako biztanleek 28 urte gutxiagoko bizi itxaropena zutela aberatsenek baino. Hegoaldeko auzuneko aberatsenetan 82 urtetara helduko dira batez beste; hiriaren ipar eta ekialdean bizi diren txiroenek ez dute 54 urteen muga gaindituko. Hauek Bangladesheko media baino 14 urte gazteako hiltzen dira.

Klubeko lehendakari Michel Guyk aitortu du egia dela. “Ez da pobre izateagatik gertatzen beti, gehiago da elikadura eta bizimodu kontua. Alkohola... Eskoziako Gobernuak ezarri ditu hobetzeko programak, eskoletako menuak aldatu dira, baina umeek nahiago dituzte fish and chips eta patata frijituak saltzen dituzten postuak kantinetako janariak baino. Ezin da gauza handirik egin”. Klubeko presidentearen urrezko koilarea –46.000 euro balioko ditu– daramala mintzatu zaio Guy. Bera bezalako 11.288 milioidun zeuzkan zerrendaturik 2007an Glasgowk.

“Etorri berri naiz Indiatik eta esango dizut hemengo pobreak ez direla hain txarto bizi”. William Haughey mintzo da horrela, 26.a Eskoziako aberatsenen zerrendan 181 milioi eurorekin. “Kontu eman behar da zeri deitzen zaion pobrea edo aberatsa. Hemen pobreak lehenago hiltzen dira eta lan egin behar da horretan, baina beren bizitzeko eragatik da, ez txiroak direlako”. Autoaren matrikula ere berea du: “I-WH” (Ni, William Haughey).

Haygheyk uste du ongizate estatuak jendeari baimendu diola bizirautea gauzak bere ardurapean hartu gabe. “Nik esatea badaukat hori Alderdi Laboristako kidea izanik, ez bainaiz aberats jaio, langileen giroan jaioa naiz eta ongintzazko estatuak desilusionatu nau”.

Eskoziako Alderdi Nazionaleko zinegotzi Fanny Scally auzune txiroetan hautatu dute. Langileen semea, gogoratu du aita 84 urterekin eta aiton-amonak 90 baino gehiagorekin hil zitzaizkiola, pobreak izan arren. “Egoera soziala aldatu da. Jendea hiltzen du drogak, kaleko agresioek... Historian bizi-itxaropen hain apala aurkitzeko gerra arteko garaietaraino jo beharko genuke. Ondo iruditzen zait aberats asko etortzea Glasgowra, baina hobeto legoke aberastasuna era justuagoan banatzea”.

Murrizketa sozialak eta karitatea

2010ean Brygo kazetariak berak idatzia du Margaret Thatcher bere neoliberalismo basatiarekin iritsi artean hiri industriala izandako Glasgow ezkertiarrean inoiz ez dela gaur bezain ikusezina izan klaseen arteko gorrotoa. Auzo batzuetako eta besteetako biztanleen artean dagoen 28 urteko bizi itxaropen tartea loturik dagoela aberatsenen eta txiroenen arteko bereizketa sozial eta baita geografikoarekin ere.

Halako apartheid soziala lurrikararik gabe betikotzeak erakusten du zer nolako lan ideologikoa egin duten azken 30 urteotan, XIX. mendeko eskemara itzuli arte: txiro gaiztoak alde batetik, bihotz oneko aberats filantropoak bestetik.

593.000 biztanle dauzkan Glasgowk baditu 10 golf zelai pribatu inguruetan, 20 jatetxe gastronomiko kario, luxuzko 5 merkatalgune, 5 izarreko 7 hotel. Luxuzko produktuetan Londresen ondoren dago Glasgow. Hemengo Buchanan karrika munduko zazpigarren garestiena da. Eduki daiteke kontzientzia lasai metro gutxira jendea mixerian bizi delarik? Baietz... filantropia praktikatzekotan.

Thomas Hunter da filantropo eskuzabalenetakoa. 1998an lehen enpresa saltzeko zori ona eduki zuen, 310 milioi euro irabaziz. XX. mende hasieran munduko eskoziarrik aberatsena izatera heldu zen Andrew Carnegyren ereduak liluratuta ekin zion: “Filantropia ona da eta oso dibertigarria. Zergatik utzi besteei dibertimendua, norberak egin ahal izanda?”. 1.260 milioi zeuzkan bankuan 2008an Eskoziako gaurko gizonik aberatsenak.

Hunterrek 60 milioi euro oparitu dizkie karitatezko ekintzei. Eskoziako legebiltzarrak saritu zion bere bihotz ona. Orain David Cameronek are propaganda gehiago egiten die filantropooi, Estatuaren aurrekontuetan ezarri dituen murrizketen eraginak arinduko dituztelakoan.  

Hunter mintzo: “Nire iritzian Estatuak ezin ditu arazo guztiak konpondu. Ahalik eta ahulen beharko luke Estatuak. Norberak erabaki behar du zer nahi duen eta Estatuak bakean utzi behar gaitu merkatu librean”. Thatcher agintera iritsi arteko egoera balitz, Hunterrek bere irabazien %98 Estatuari pagatu beharko zion zergatan; gaur egun %45 eta gainera karitatea zergetan salbuetsita dago.

Aberatsenekin solastatu ostean txiroenen bila doa kazetaria. Wyndforreko dorreak dira Europako hiri guztiek dauzkaten auzune madarikatuetako eraikin triste tipikoak. Andy Whright langabetu gaztea izango du gida. “Arratoiak bezala bizi gara mundu aberatsaren erdian, beti laguntza sozialak moztuko dizkigutela mehatxaturik”. Baina jendea 54 urterekin hiltzen diren auzuneetan ez da ezer berezirik ageri. Brygok dioenez, “hirigintzak baketu ditu auzuneak. Klase borroka Glasgown ikusezina da, laua, oharkabean pasatzekoa”. Golf zelaiek bereizten dituzte aberatsak alde batera, pobreak bestera.

Lehen auzo obrero izanak merkatalgune bihurtu dituzte. Hiperrean jaki merkeenak erosiko ditu substantziaren bati loturik denaren itxura daukan Whright langabeak. “Baina zorte txarrak ekarri gaitu honaino, honek ez du zerikusirik aberats edo pobre izatearekin”.

Joan den martxoan Oxfamek plazaratu ikerlanean erakutsi du Britainia Handian azken urteotan gotorragotzen ari dela aberatsen eta txiroen arteko hesia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskozia
Gas eta petrolio ustiaketarako 100 lizentzia eman ditu Erresuma Batuak

Segurtasun energetikoa hobetzeko “diktadore kanpotarren” menpe ez egotea dela "onena" azaldu du lehen ministroak. Oposizioko alderdiek eta talde ekologistek erabakia arbuiatu dute.


2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2023-03-27 | Leire Artola Arin
Humza Yousaf izango da Eskoziako lehen ministro berria

SNP alderdi independentistako buru eta Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek otsailean dimititu zuen, eta horrek gertukoen zuen Yousaf hautatu dute haren ordezko gisa SNPko militanteen %52k; botoen %48 lortu du Kate Forbes ebanjelistak.


Nicola Sturgeonen dimisioa: erantzunik gabeko galderak Eskoziarentzat eta SNPrentzat

Jacinda Ardernek duela aste batzuk Zeelanda Berriko lehen ministro kargua utzi zuenean, Nicola Sturgeonek boto-emaileei esan zien oraindik asko zuela egiteko. Baina, dirudienez, Eskoziako lehen ministroa bere etorkizunaz hausnartua zen. Hala aditzera eman zuen Eskoziaren zati... [+]


Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak dimisioa eman du

SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko burua 2014ko azarotik da Eskoziako gobernuburu. Eskozian erreferenduma egitearen alde egin du lan, besteak beste. Asteazkenean eman du erabakiaren berri, prentsaurrekoan.


Eguneraketa berriak daude