Bihotzak dio... itzuli herrira

GI 631 Gernikako Arbola plazan iragarrita zegoen, baina ekaitzaren mehatxuak Ederrena frontoira aldarazi zuen. (Operazaleak Iparragirre bardoaren begipean).
GI 631 Gernikako Arbola plazan iragarrita zegoen, baina ekaitzaren mehatxuak Ederrena frontoira aldarazi zuen. (Operazaleak Iparragirre bardoaren begipean). Mikel Asurmendi

Herri Opera edota Arte agerralditzat iragarri zuten GI 631 ikuskizuna. Opera baino, kultur ondasuna izatea nahi zuten sortzaileek, eta halaxe antzeman ere. Sarreran aipatu sortzaileak baino gehiago izan dira, baita egileak ere. 600 herrikidek osatu dute GI 631 ikusgarria.

Hainbat ezaugarrik bereizi egin dute Urretxu-Zumarraga eta itsasoa lotzen dituen GI 631 delakoa, Urretxu-Zumarraga bereizten duen Urola ibaiaren ibian doana. Bi herriak batera aritzea GI 631 operaren emaria da. Paradoxikoki bi herriok Urola Garaian izanda ere, Goierrikoak baitira euskarari dagokionez.

GI 631 etorkizunetik (2383. urtetik) heldutako ezohiko emaitza da: antzerkia, dantza, baleta, musika, argazkia, margoa eta bideoa nahasten dituena. Etorkizuna eta iragana bateratzen ditu, oraina bermatu aldera. Agerraldia antzezpenen bitartez sartzen gaitu (h)istori(o)an, munduaren ikuspegi futurista eskainiz: agertokitik nahiz publikoaren artetik mintzo diren aktoreak elkarri mokoka dihardute. Irimo edo Belokiko izan daitekeen gurutzea sinbolo nagusi harturik, Jainkoa dute hizpide: Carta puebla edo Hiri gutuna lapurtu dute... Nazio handiek (NH) nazio txikiak edo erresistentziakoak (R) menpe hartu dituzte. Apokalipsiari aurre egiten dioten erresistente zenbakidunak ezarritako ordenaren aurka gogor ari dira. Bahituak eta xantaiatuak izan arren, izaki zenbakidun eta pastillaz elikatu izateari muzin egiten diote irmoki. Ez dute nahi ere errepidearen zenbaki soila izan. Berbarako, Antzuola herria horren hurbil izan arren, urrunago egon da iraganean urretxuar-zumarragarrengandik Zumaia baino. Iparragirre Bardoak etorkizunetik heldu diren 2014 eta 281 zenbakidun erresistenteak antzuolartzat hartzea adierazgarria izan zen.

Bien bitartean, mundu zaharretik mundu berrira, mendez mende, jendez jende, heldu den herri baten gogoa agertu dute artistek. Iraganeko Arabaolaza, Iparragirre, Belaustegi, Busca Sagastizabal edota Esnaolaren emaitzak errekastoak Urola ibaira nola, isurarazi dituzte egungo kantari, musikari, dantzari hala nola irudigileek Ederrena agertokian (bidenabar, Hermosa ederki ezkutatu zen Ederrenean).

Hermosa, Plazaola, Maia, Iturbe, Rivas, Goenaga, Azkarate, Sudupe, Agirrebaltzategi, Maroto, Aranguren, Apaolaza, Benitez, Aparicio edota Escudero dira. Ez dira aritu direnen izen guztiak, ezta gutxiagorik ere. Ez da 600 lagunen emaitza soilik ezta zenbait talderena ere. Herritarren inplikazioa zabala da. Adierazgarria da, Irrintzi eta Lurra dantza taldeak ekimen berean ikustea, baita musika klasikoa, popa, teknoa edota rockaz herri opera osatzea ere.

GI 631 Gernikako Arbola plazan iragarrita zegoen, baina ekaitzaren mehatxuak Ederrena frontoira aldarazi zuen azken unean. Eta hara, ekitaldi bakarra beharrean, bi eman zituzten egileek.

Oroitzapen bat azkenik: iraganean Ederrena frontoia Gernikako Arbola Plazan zegoen. 2014ko San Joan eta Santa Isabel jaien bezperetan mendia eta itsasoa lotzen dituen errepide baten izenak biak batu ditu: “Asko joanak gara, asko etorriak baina bihotzak dio”, dio lelo berriak. Gehiago ere badio: “Zoaz eta zatoz herrira, bizi dedin oraindio!”.

GI 631 Urretxu-Zumarragako Herri Opera

Sortzaileak: Gorka Hermosa, Jon Plazaola, Edurne Iturbe, Jon Maia.

Non: Urretxuko Ederrena frontoia (Gipuzkoa)

Noiz: 2014/06/21

 

Artikuluaren segidan, hauxe lankide baten bidez heldu zaidan oharra: (Zumarraga-Urretxutik ailegatua)

OHARRA1: "Azken urtean zehar izugarrizko lana egin da Herri opera aurrera atera ahal izateko. Irrintzi dantza taldeak oso oso gustora hartu du parte bertan eta guztiok ados gaude lortu den emaitza ezin hobea izan dela. Banaka banaka ezin naizenez hasi parte-hartzaile guztiak aipatzen, zorionak guzti guztiei! Lan bikaina egin duzue!

Hala ere, ezin aipatu gabe utzi bi herrietako kultur talde guztiek antolatzen dituzten ekitaldiek duten garrantzia. Ez da lan erraza izaten urte guztian zehar eskaintza kultural polit eta erakargarri bat mantentzea, ditugun baliabide gutxiekin.

Honen ildora, hainbat iruzkinetan irakurri dugu oso adierazgarria izan dela Irrintzi eta Lurra ekitaldi berean dantzan aritzea. Gogorarazi nahi dugu, ez dela bakarra. Urtero urtero hainbat eta hainbat saio egiten ditugu guztiok batera. Hala nola Zumarragako eta Urretxuko txistu alardeak (bietan ere herriko kultur talde ugari biltzen direlarik), edo larunbat honetan bertan Zumarragako festetan bi taldeak batera egingo dugun ekitaldia.

Jarraitu dezagun guztiok batera lanean ekitaldi kultural guztiak indartzen".

 

OHARRA2: Idatzi ahala, ohartu nintzen ziur aski aipamen hori, (Irrintzi eta Lurra ekitaldi berean dantzan aritzea,...) lekuz kanpo zegoela, zahar baten lamentua baino ez zela/dela, desegokia gaur egun...
Beraz, Antton-i, ustez ohar egileari, eskerrak ene partetik. Eta barka. Besarkada!

mikel asurmendi


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude