argia.eus
INPRIMATU
Utopiak indar-bidean

Edu Zelaieta Anta 2014ko ekainaren 24a

Ederra da Rogelio Botanzen ahotsa Alfonso Sastreren hitzak kantari: “Es lo propio en nosotros soñar” (Gaztelupeko Hotsak, 2004). Kantuak eta kontuak asebetetzen naute, bi-biek. Hain dugu geurezko eta hain dugu ahantzia amets egiteko ahalmena! Gure izaera humanoaren funtsetako bat dela esango nuke; baita ere, ametsak partekatuak direlarik, egitasmo sozial baten xede edota adierazle.

Alabaina, gogor kritikatu izan dituzte hainbat autorek ameslariak; politikari ugarik irri egin izan diote utopiak ozenki aldarrikatzeari: absurdua ez ezik, arriskutsua ere bada lortzerik ez dagoen idealari fierki atxikitzea. Zentzu falta ere adierazten omen du ameskeria eroekin ilusionatzeak, ezjakinaren nahiz heldugabearen pare egoteraino.

Eta mutiko bixarguria izaki ni in my forties, panorama soziopolitikoan zerbait aldatzen ari dela ikusi uste dut azkenaldian; utopien aldeko leloak indar-bidean sumatu ditut. Balirudike, aspaldiko partez, errealitate egoskorra moldatzeko ahalaren sinesmena berreskuratu dugula, oinak lurrean finkatuta.