Nola ez ditudan idatzi nire poemetako batzuk

Joseba Larratxe

Igerilekurako bidean noa. Igerilekura joateko indarra biltzea egitandia dut eta pozbidea, bizitza ordenatuagoaren lehen zantzua. Igerilekura doan bidea –behin abiatzea lortzen dudanean– beti du zoriontasunak errazten: neure osasunari on eginen dion ariketa fisikoa alde batera, hemendik gutxira edertasunaren lekuko zuzena izanen naiz, beteen ulertzen dudan formatuan, humanoan, eta, ez halabeharrez aurrekoarekin lotuta, sorkuntza literariorako abagunea izanen dut.

Nire poema gehienak igerilekuan sortu ditut, igerian bururatu zaizkidalako edo, egindakoak neure buruari errezitatuz, uretan zuzendu edo baztertu ditudalako. Uretan beti entretenitu naiz hitzekin, hauek hark osatuta daudela sinesteraino.

Igerilekurako bidean noa, poema bat idazteko gogoz nagoelako, poema bat etor dakidalako gogoz. Literatura borondate kontu bat ere bada. Bakardadea eta etsipena behar ditu. Garai batean erruz nuen bakardade eta etsipenetik. Orain, drogazale zailduagoa, nik bilatu behar ditut edo antzeratu.

Igerilekurako bidean noa eta euria hasi du. Oinez jarraitu dut. Jendea babestokietara sartu edo korrika egiten du hormatik ahalik eta arrimatuen. Nolanahi ere busti behar denaren baretasunarekin, beste logika batek mugiaraziko banindu bezala, nik ez dut halakorik egiten.

Poema bat bururatu zait, zeinean protagonista –lehen pertsona bat: ni– igerilekurantz doan baina bidean euria egiten dion. Kale erdian gelditu egiten da –akaso, poemaren lehen bertsioan, zabaltzen ditu besoak, orrazketaren zain– eta sentitzen du bila zihoan garbitzapenak bera bilatu eta aurkitu duela. Ohartzen da jada ez duela igerian ibili beharrik, naturak eskaini dion ur jasa ezinen diolako inolako piszinak berdindu. Bira eman eta etxera abiatzen da.

Zalantza egiten dut –euripean, nagoen moduan, bustirik– bira eman, etxera itzuli ez itzuli, poema hori idaztera. Berez, poemako pertsonaia bezala, bilatzen ari naizen inspirazioak ni neu aurkitu nau. Idatzi beharko nuke ikustearren idaztea azkenean merezi ote duen. Duda ere pizten dit poemak iradokiko lukeena errazkeria ote den: ur basa ur menderatua baino hobetzat ematea, sublimea ederraren gainetik jartzea, igerilekuei (neurri batean uraren lorategi edo baratze itxiak dira igerilekuak) diedan maitasuna traizionatuz.

Ohartzerako, igerilekuaren sarreraraino iritsi naiz. Orain barregarria litzateke buelta ematea. Poema beti dezaket geroago idatzi. Edo ahantzi.

Bainujantzian ekin diot temati ura goldatzeari, ondoko kalearen igerilariarekin lehia sekretuan, baina poema hori dagoeneko idatzita daukat. Serieen arteko atsedenaldi batean biok gatoz bat. Begiratu diot eta –hor ageri zait azkenik poemarako gaia– aurpegi bustiaren erdian odol anpulu bat hasi zaio sudurrean eta aho ertzetik behera irristan isuri, gorriz koloreztatuz musua. Mutila ederra da. Odolak, ahuldu ordez, heroi itxura ematen dio. Jakin dut poema eskainiko diodala. Poesia gauzen eta pertsonen gaineko jabegoa galdatzeko bide bakarra dut.

Heroiari menia eman eta ohartarazi diot gizakia dela, sudurreko odol jarioa baduela. Berak ez dit ulertzen. Amore emateko aukera aztertzen dut, horrek eskainiko zidan poema –odol lorratza uretan– aurreikusiz. Neure sudurra seinalatzen dut eta berak ere bai berea. Neure poeman biok odoletan bagenitu sudurrak, gorriz koloreztatuz muxuak?

Urrutiegira eraman dut olerkiaren aukera. Pasadizoak hona ekartzeko besterik ez dit dagoeneko balio.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Eguneraketa berriak daude