Arma zaharrak, garaipen berriak, borroka bera

  • Berlinen, mundu osoko langileek eta sindikatuek hainbat biltzar egin dituzte lan baldintza duinen aldeko borrokak aztertzeko. Jendartearen eta langileen arteko elkartasuna giltzarri da egun ere, borroka horiek irabaziko badira. Arrakastatsu suertatu diren adibideak badaude, ikusi besterik ez dago zer gertatu den Rio Tinto meatzaritzako multinazionalean, Italiako Piacenzako Ikean, eta Bosnia-Hertzegovinako Dita detergente enpresan.

Italiako Piacenzan, Ikeako langileak altzari-dendako ataria blokeatzen ari diren bitartean, poliziak haien aurka oldartu dira. Piacenzako saltokian, azpikontrataturiko CGS enpresak hamabi lagun kaleratu zituela-eta hasitako protesta Ikearen Italia osoko d
Italiako Piacenzan, Ikeako langileak altzari-dendako ataria blokeatzen ari diren bitartean, poliziak haien aurka oldartu dira. Piacenzako saltokian, azpikontrataturiko CGS enpresak hamabi lagun kaleratu zituela-eta hasitako protesta Ikearen Italia osoko dendetara zabaldu zen. Multinazional suediarrak langileak berkontratatu zituen.La Batusa bloga

Krisialdiak Europan egiaztatu du lan jarduna bizitzeko bestekoa ez dela eta, hala ere, lan baldintzek okerrera egin dezaketela. Azken mendean lortutako eskubideek atzera egin dute, baina XXI. mende teknologikoan langileak XIX. eta XX. mendeetako borroka-tresnak berrerabiltzen hasi dira. Berlinen maiatzean mundu osoko langileak eta sindikatuak elkartu dira, nazioarteko langileen egoera aztertzeko, hiru erakundek deituta: lan borrokak ikertzen dituen Global Labour Universityk, Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioak (ITUC) eta LabourStart munduko lan borrokei buruzko sareak.

Munduan nagusitu diren eta porrot egin duten borrokak aztertuz, protesta emankorra izateko baliabideen inguruan eztabaidatu dute Donna McGuire eta Wilfried Schwetz Global Labour University-ko ikerlariek. Lehenengo eta behin, langileen eskakizuna arrakastatsuagoa izango da, egoera jakin bat hobetzeko konponbide legez aurkezten bada. Bigarrenik, beharginen borroka horretan parte hartzeko haien prestutasuna izatea ezinbestekoa da. Sin­dikatuek euren kabuz hartutako erabakien desabantailak azaldu dituzte ikertzaileek, beharginek eskakizuna eurena egiten ez badute, bidean desmoralizatzeko aukera handiagoa dagoelako. Era berean, etor daitezkeen zatiketak aurreikustea komeni da, botere borrokek helburutik albora ez ditzaten. Hirugarrenik, baliabideei erreparatzea oinarrizko suertatzen da. Protesta babesteko diru-iturriak ez ezik, euren errebindikazioarekin bat egin dezaketen eragileak erakartzeari garrantzia handia eman diote, borroka jendartera zabaltzea alegia.

Jendartearen inplikazioa

Langileez gaindiko elkartasuna lortzeko hiru adibide osatzen dute Rio Tinto, Piacenzako Ikea eta Tuzlako Dita enpresetako beharginek. Rio Tinto meatzaritzako transnazional erraldoian langileek abiatutako protesta jendartean zabaltzeko, tokian tokiko babesa bilatu dute. Adam Lee IndustriALL nazioarteko sindikatuko eledunak adierazi bezala, Rio Tintok meategiak dituen herrietan –munduko bost kontinenteetan–, haren jarduerak ingurugiroari eragiten dion kaltea gutxitzeko har litezkeen neurriak azaldu ohi dituzte. Hala, langileen haserreari, tokian tokiko biztanleen sumina gehitzen zaio, neurri ekologikoak eta osasuntsuagoak eskatzeko.

Piacenzako Ikea altzari-dendako langileek, ordea, sektore bereko gainerako beharginen babesa bilatu dute, Berlingo jardunaldietan izandako ordezkarien hitzetan. Ikeak azpikontratatutako CGS garraio enpresan etorkinek italiarrek baino soldata txikiagoa zutela eta sindikatuetan parte hartzeko eskubidea ukatzen zitzaiela salatzeko, Piacenzako dendan hamabi langilek itxialdia egin zuten. Denda horretan guztira 300 lagun inguruk lan egiten duela kontuan izanda, protesta txikitzat har daiteke. Hala ere, enpresak hamabi langileak kaleratzean, Italiako beste Ikea denda batzuetan ere protestatzen hasi ziren beharginak. Are gehiago, enpresak erosleekin komunikatzeko dituen tresnak erabili zituzten. Esaterako, Ikea hobetzeko interneteko kanpainak milaka erantzun jaso zituen “oinarrizko lan eskubideak errespetatzeko” leloarekin, enpresak webgunea blokeatutzat eman arte. Lau hilabete eta gero, langileak berkontratatu zituzten.

Langileek jendarteko beste eragileen elkartasuna ere lortu izan dute, Bosnia-Hertzegovinako Dita detergente enpresarekin gertatu bezala. 2014ko otsailean, Tuzla herrian bost enpresa pribatizatu nahi izan zituztenean (Dita, Polihem, Poliolhem, GUMARA eta Konjuh), langileek jakin zuten ez zietela inoiz gizarte-kontribuziorik  ordaindu. Langabezia soldata ez ezik, jubilazio pentsiorik ere jasoko ez dutela egiaztatzean, manifestaziora deitu zuten langileek. Polizia gehiegikeriaz oldartu zitzaien eta horrek ikasleen eta beste eragileen erantzuna piztu zuen. Ondorioz, Bosnia-Hertzegovinako herritarrek gobernuaren ustelkeria kritikatzeko protesta jendetsuak abiatu zituzten. Langileek, baina, nazioarteko hedabideen arreta eza kritikatu zuten, aginte politikoaren aurkako matxinaden berri ematean langileen protestak kontuan hartu ez zituztelako.

Langileen eskubideak errespetatzeko borrokek, gainera, enpresaren irabaziak jomugan izaten dituzte, dela lan baldintzekiko aldea handiegia delako, dela protestaren bideragarritasuna bertan dagoelako, Adam Leek azpimarratu bezala. Boloniako (Italia) Granarolo esnekien multinazionaleko langileen borrokak horixe egiaztatu du. Azaroan enpresak soldaten %35eko murrizketa abiatu nahi izan zuenean –hileko soldata 700 eurora jaitsiz–, horren aurka borrokatu ziren 51 langile kanporatu zituen. Orduan, langile gehiago batu zen, beharginak berkontratatzeko. Esnekiak denbora laburrean kontsumi daitezkeen produktuak direnez, horien garraioa trabatzeak enpresari kalte handiegiak ekarri zizkion. Langileek kalkulatu zutenaren arabera, lauzpabost orduko grebak 200.000-300.000 euroko galera izan zitekeen.

Europako langileei, elkartasun eske

Lan eskubideak errespetatzen ez dituen enpresa zenbat eta ezagunagoa izan, orduan eta oihartzun handiagoa izaten dute protestek. Are gehiago, langileak antolatzeko eskubidea trabatu edo ukatzen duten herrietan, nazioarteko kanpainen garrantzia azpimarratu dute izenik jakitera eman ezin dezaketen Turkiako eta Pakistango beharginek. Turkiako langileek, adibidez, Alemaniako metalgintza sektoreko mobilizazioek haien lan baldintzak hobetzeko balio izan dutela azaldu dute, “Turkiako Estatuaren eragozpenak” gainditzeko indarra zutelako. Era berean, Pakistango beharginek Pepsi Smash kanpaina abiatu berriarekin bat egin zuten, “ez bakarrik Pakistango langileen eskubideak errespetatzeko, Ohioko (AEB) beharginen osasun-neurririk ez murrizteko”.

Kapitalismoak etengabe bidegabekeriak sortzen ditu munduan eta Europan, noizean behin, krisialdiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Eguneraketa berriak daude