Eusko Jaurlaritzak atea ireki die zulatzaileei Gasteizko Mendietan

  • Hautsak harrotu ditu Gasteizko Mendiak parke natural ez izendatzeko EAEko Ingurumen Sailak hartutako erabakiak. Horren ondorioz, Subillan haustura hidraulikoko lehen bi putzuak irekitzeko asmoak indarra har dezake berriz.

Euskal Herriko lehen bi fracking putzuak Gasteizko Mendietako paraje honetan egitea aurreikusita zegoen. Eremua parke natural izendatzeko prozedurak asmoa bertan behera utziarazi zuen, baina azkenean babesik gabe geratu da ingurua.
Euskal Herriko lehen bi fracking putzuak Gasteizko Mendietako paraje honetan egitea aurreikusita zegoen. Eremua parke natural izendatzeko prozedurak asmoa bertan behera utziarazi zuen, baina azkenean babesik gabe geratu da ingurua.

Hego Euskal Herriko zati handi bat dago haustura hidrauliko bidez gasa ustiatu nahi duten enpresen jomugan. Araba eta Bizkaiaren kasuan, ia lurralde osoa. Gauzak astiro doaz ordea. Bistan da oraindik ez direla zulatzen hasi; eta zulatzen hasteko unea atzeratuz doa gainera. 2007rako lehen putzuak egiteko asmoa zutenek nekez pentsatuko zuten 2014 ere makinak lanean jarri gabe joango zitzaienik.

Munduko bazter honetan frackingaz hitz egiten hasi zenean, begi guztiak Subilla herritik gertu dagoen eta alboko argazkian ageri den zelaiari begira jarri ziren, aurreikusita baitzegoen lehen bi putzuak han egitea. Baina hala egin nahi zuten enpresek bazuten zalantzarako arrazoirik. Aipatutako eremua Gasteizko Mendien barruan dago, eta oraintsu arte Gasteizko Mendiak parke natural bihurtzeko tramiteak martxan izan dira. SHESAren (hidrokarburoen EAEko enpresa publikoa) eta Heyco eta Cambria konpainien arteko bileretako aktetan irakur daitekeenez, 2007an Heycoko presidenteak galdetu zuen ea ingurumen aldetik oztoporik egon zitekeen frackingerako; SHESAko ordezkari batek erantzun zion Gasteizko Mendiek etorkizunean lor zezaketen babes araudiarekin kontuz ibili beharko zutela. Babes hori gauzatzeko urratsak eman ahala, Subillan bi putzu zulatzeko asmoa bazterrean geratu zen. 

Ingurua parke natural izendatzeko prozedura nork eta PPk bultzatu du, Gasteizko Udaletik. Hara non baina, azkenik ezetz esatea erabaki duen Jaurlaritzak. Parke natural ez, Europako babes-eremu kategoria, ahulagoa, emango zaie Gasteizko Mendiei, eta hasieran aurreikusitako gainazalaren zati txiki bati besterik ez. Argudio nagusia da aintzat hartu dituztela inguruko herrietako lehen sektoreko langileen alegazioak, haiek ez baitzuten nahi babes figura sendo bat ezartzerik, horrek euren jardun ekonomikoa oztopatuko zuelakoan.

Kontua da Subillako zelaia, hala nola Gasteizko Mendien bost seiren, lege-babesik gabe geratu direla. Zulatzaileek libre dute bidea. Haustura hidraulikoaren gorabeherak gertutik jarraitzen dituen Iker Armentia kazetari arabarrak txiokatu du: Jaurlaritzaren mezua da ez dela komeni Gasteizko Mendiei babes handia ematea, etekin polita eman dezakeen ingurua baita. Diskurtsoan nolabaiteko anbiguetateari eutsi badio ere, ekintzek garbi erakusten dute EAJ frackingaren aldeko posizioetara lerratuz joan dela –inoiz kontra egon bada–, Lakuara itzuliz geroztik.


ASTEKARIA
2014ko ekainaren 29a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude