Borroka eta maitasuna

  • ODOLAREN MINTZOA ::Odolaren Mintzoa

    Oihuka, 2013

Odolaren Mintzoa Usurbilgo (Gipuzkoa) talde gazte bat da. Beren lehen CDa kalean dute. 6 kantuz osaturik dago lana.

Taldekideek odol beroa daukate. Grina, kemena eta indarra barrutik ateratzen zaie, eta borrokatzeko eta maitatzeko gogoa ere bai.

Gazteak dira, baina ez du ematen, CDko kantuak entzun eta gero taldekideek erraztasunez eta segurtasunez, gatz eta piperraz jotzen dutela sumatzen baita. Doinu potoloa, gordina eta trinkoa osatu dute. Kantuak azkarrak dira, zuzenak, zorrotzak eta oldartsuak, baina taldekideek melodia politez borobildu dituzte.

Gitarrak dira oinarria. Ahotsak batzuetan oldarkorrak dira baina beste batzuetan ez hainbeste. Luken kantariak leun samar abesten baitu hainbat kantutan. Bakarrik ere kantuan aipagarria da Oihana Arsuaga taldekideen lagunaren parte-hartzea, bere ahots politak ederki osatzen baitu Luken kantariaren abesteko modua.

Joanes Txueka Segurola (baxua eta ahotsak), Beñat Txueka Segurola (gitarra), Jokin Irastortza Larrañaga (bateria) eta Luken Arkarazo Silva (ahotsa eta gitarra) dira Odolaren Mintzoa taldeko kideak. Andoaingo Garate estudioetan (Gipuzkoa) grabatu dute diskoa, 2013ko uztailean. Kaki Arkarazo arduratu da grabazioaz, nahasketez, masterizazioaz eta ekoizpen artistikoaz, eta oso lan ona egin du. Ander Gilleneak (argazkia) eta Unai Aranak (diseinua) ere parte hartu dute Odolaren Mintzoa lanean.

Doinuak bezala, hitzak zuzenak dira, eta batzuetan bortitzak –“Nahiago dugu ilunpetan bizi, zertarako gure beldurrei aurre egin? Arriskurik gabeko bizitza eder bat, arriskurik gabeko hildako bizi bat!” (Gaua)–, baina taldekideak sentikorrak direla nabari da. Jadanik joan den maitasunaz mintzo dira Mirabe kantuan –“Lotura sendoenak apurtzerakoan etortzen dira ondorio larrienak. Gauero nire buruari galdetuz: zertan ari zinen, maite zenidala telefonoz esaten zenidan bakoitzean?”– eta Betirako kantuan –“Zure begiekin ikasi nuen begiratzen, bizitzaren onenak ikusten. Zure eskuekin ikasi nuen borrokatzen, maite nuen oro defendatzen”–.

Borroka egiteaz: “Bagoaz aurrera, denok batera, aske izatera! Goazen mundua salbatzera, batera, gauzek zentzua galdu ez duten bitartean” (Askatasunerantz); “Guztia ahazteko, ekintza antzuak burutu eta gero, ikasi nuen, borrokatzen dela amore eman baino lehen! Maitatzen dela borrokatzen!” (Bakarrik ere).

Eta aske izateko nahiaz: “Nazkatuta gaude geu ez garela izateaz oraindik onartu ez den gatazka batean. Hain zaila al da ulertzea? Ezberdinak garela!” (Ezberdinak).

Odolaren Mintzoa talde berri bat da. Talde on bat. Beren lehen lana ere ondo egina dago, eta kantuak arin eta gustura entzuten ditut. Hemendik aurrera arretaz erreparatuko diet taldearen hurrengo urratsei, taldearen hurrengo grabazioei eta jendaurreko emanaldiei.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude