Zaratak liluratuta

  • Ospatu berri da Astro Artian musika esperimentalen jaialdia, Gernikako Astran. Hainbat sortzailek egin zuen han topo, eta haien arteko aldeak nabariak izanik ere, denek egiten dute bat lan egiteko moduetan, askotan musika industriak markatutako moduetatik kanpo. Zaila egiten da talde hauen estiloa genero musikaletan sailkatzea, baina Arto Artian plataformak katalogo berezia osatu du musika talde eta sortzaile hauen lana jasoz.

Gora Japon taldea
Gora Japon taldea

Ekainaren 14an antolatu zuten Gernikan, Astro Artian musika esperimentalen jaialdia. Besteak beste, Gora Japon, Ainara Legardon, Colombinas, Al Karpenter, Amorante, Bazterrak, Miguel A. Garcia, Loty Negarti, Oier Iruretagoiena eta Inazio Escudero izan ziren protagonistak. Jaiaz eta musikaz gain, liburu eta gainerako materialen azoka, instalazioak, proiekzioak eta herri bazkaria baliatu zituen Arto Artian plataformak, bere webgune berria eta musika esperimentalen katalogo berritua aurkezteko.  

Zein da musika eta zarata banatzen dituen lerro estua? Ahotsa edo hitza eta honen fonetika musika izan daitezke? Entzuleei sentipenak eta sentsazioak sorrarazteko helburuz ateratzen den zarata arte sorkuntza da? Galdera hauek erantzuteko, Eten musika taldeko Ibon Rodriguez, Aitor Loty Negarti eta Oier Iruretagoiena sortzaile eta Arto Artian plataformako kideekin bildu gara.

Jaialdiaren antolaketan parte hartzeaz gain, Loty Negartik musika elektroniko inprobisatua egiten du, poesia, hitza eta fonetika baliatuz. Oier Iruretagoiena, berriz, soinutik hurbilago dago musikatik baino, eta arte instalazioak barneratzen ditu bere proposamenetan.

“Katalogoan bildu ditugun talde guztiei luzatu genien jaialdian parte hartzeko gonbita. Batzuek kale egin zuten, Akauzazte kasu, baina gehienek baiezkoa eman ziguten” azaldu digu Aitor Loty Negartik. “Gehienak Bilbo eta Bizkaia inguruko taldeak izan dira”, gaineratu du.

Sortzaile arras desberdinak bildu ditu jaialdiak: Iban Urizar musikariak –Amorante ezizenez– bakarka aritzen denean, cante jondoa egin du gitarraz lagunduta. Bistan denez, ez du zerikusirik Loty Negartirekin, Miguel A.Garciaren musika elektroniko inprobisatuarekin edo Al Karpenterren rock esperimenatalarekin. Beste adibide bat, Ainara Legardonen ahotsezko inprobisazioak. Oier Iruretagoienaren eskultura, soinua eta instalazioak baliatzen ditu. “Musika esperimentala etiketa hor dago beti, baina inork ez du beretzat hartzen. Hala ere, musika estiloak baino gehiago, gauzak egiteko moduak elkartzen gaitu. Musika industriatik kanpo gabiltzan sortzaileak gara, agian industriak berak kanpoan utzi gaituelako” dio Ibon Rodriguezek.

Proiektu berritzaile, apurtzaile eta ausartek badute tokirik egun, musika industrian dagoen anabasatik kanpo.

Gernikako jaialdian erakutsi ziren sormen-lan asko site specific izan ziren, hau da, lekuan lekuko ezaugarrietara egokitutako ikuskariak. Gernikako gerra garaiko bunkerrean egindako kontzertua kasu. “Espazioak dituen ezaugarri historikoek, akustikoek eta bestelako nabardurek eragina dute zuzenekoetan” dio Ibon Rodriguezek, “are gehiago inprobisazioan oinarrituta badaude”. Sortzaileen inplikazioa erabatekoa izan zen jaialdian, apenas dirurik gabe antolatu baitzuten. Bestalde, jaialdira USB giltza eraman zutenek Arto Artian katalago osoa eskuratu ahal izan zuten doan.

Euskarriez gaindi

Arto Artian plataforma musika esperimentalen katalogoa da berez. Akauzazte eta Gutural musika taldeen ideia izan zen hasiera batean, “baina denborak beste eremu batzuetara eraman gaitu, Arto Artian zer den geuk ere ez dakigu”, azaldu digu Ibon Rodriguezek, barrez; “Badakigu zer ez den. Beharren arabera asmatzen joan gara”. Gauza praktiko moduan sortu zen, musika taldeen sarea osatzeko helburuz. “Musika ekoizpena oso aldatu da azken urteotan. Euskarri fisikoa bera desagertu egin da ia, eta banaketa arazorik ez dago jada. Baina talde hauen bistaratzean egin behar da lan.
 

Gauzak honela, euskarri digitala lantzen dute nagusiki, Arto Artian plataformakoek. Webgunea berritu dute, musika ondarea jasotzeko, eta nahi duenarentzat eskuragarri egon dadin. “Weba eztabaidarako gune ere izatea nahi dugu, bereziki modu horretan ekoizten duten taldeentzat” dio Ibon Rodriguezek.

“Besterik da, musika webgunean jartzeko erabakia hartu duten musikariek zein konpromiso maila duten plataformarekin”, zehaztu du Aitor Loty Negartik. “Webaren funtzioa, funtsean, musika sorkuntza katalogoan batzea da, eta sorkuntzari bide ematea” gehitu du Oier Iruretagoienak. Horregatik, katalogoan dauden erreferentzia guztiak doan deskargatu daitezke. Zaletu eta sortzaileen arteko harremana “zuzenagoa izango da” diosku Ibon Rodriguezek, “ale fisikoa nahi duenak sortzailearekin jarri beharko baitu harremanetan”.

Musika esperimental edo txiki hauen ondarea kudeatzea da Arto Artian plataformaren helburua, “eta, talde hetereogeneo hau, eszena ez dena, baina izan litekeena, jarri nahi dugu harremanetan”, argitu du Loty Negartik, “webgunea haien tresna izan dadin”.

Astra, beharrezko egitura

Hemeroteka lana egin, kontzertuak antolatu, musika ondarea sortu eta jaso, finean lan ugari dago katalogoan dauden musika taldeak dinamizatzeko eta ikusgarri egiteko asmoan. Abangoardiako artea zabaltzeko gunea izan nahi du Arto Artian plataformak, disko fisikoen bertsio digitala eskuragarri jarri baina baita zuzenekoen grabazioak egin ere, Rodriguezek azaldu digunez: “Plataformako kideek egindako kontzertu grabazioak zintzilikatuko ditugu. Batetik gaurko eszenan gertatzen ari dena zabaltzeko, eta bestetik, hemendik 10 urtera gaurko egunean zer egiten ari den ikusteko”.

2006an sortu zen Arto Artian plataforma, eta bere lehen aurkezpena Astra arma fabrika eraldatu gabean egin zen. “Astra nola sortu den, nola eraldatu eta modu partehartzailean nola kudeatzen den, zoragarria iruditzen zait” nabarmendu du Ibon Rodriguezek. Eta Aitor Loty Negartik gehitu: “Astro Artian jaialdiari Astrak eman dio dimentsioa. Azpiegitura moduan, zoragarria da Astra, aldi berean hiruzpalau kontzertu egiteko aukera eskaintzen du. Toki askea da, Bilbotik ateratzeko aitzakia...”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arto Artian
2019-03-31 | Jon Urzelai
Gutariko Bat eta zarataren ernamuina

Gizarte bakoitza bere zaratarengatik epaitu behar genukeela zioen Jacques Attali pentsalari frantziarrak. Hala bada, zer dio euskal zaratak? Horixe bera izango dugu mintzagai hiru artikuluko serie honetan. Lehenbizikoan, Euskal Herrian izan den talde interesgarri bezain ezezagun... [+]


Arto Artian festa 2015: abangoardia musikalarekin zita

“Musika txikien katalogoa” izen xumea jarri zioten beren buruari duela hamar urte Arto Artianeko kideek eta Euskal Herriko musikari esperimentalen topagune bihurtu dira.


'Astro Artian', musika esperimentalak Gernikako Astra hartuko du

Musika esperimentala ardatz hartuta, hilaren 14an Arto Artian plataformaren jaia egingo dute Gernikako Astra gaztetxean. Hamabost artista baino gehiagok hartuko dute parte egun osoko egitarau zabalean.


2009-10-04 | Lander Muñagorri
Arto Artian
Musika txikien artasoro zabala
2006 urtetik hona Arto Artian elkarteak Euskal Herriko sortzaile txiki askoren argitalpenak (diskoak, liburuak, fanzineak...) katalogatzen dihardu. Helburu komertzialik gabeko proiektua, musika erabiltzen dute pertsona aberasteko, eboluzionatzeko, hazteko tresna gisa.

Katalogo berria aurkeztu dute Arto Artian-eko musikariek
Hirugarren katalogoa aurkeztu zuten joan den ostiralean Arto Artian kolektiboko musikariek. Soinuarekin lan egiten duten artistek osatzen dute kolektiboa, eta musikan independentziaz aritzea dute helburu. Gora Japon, Billy Bao eta Xabi Erkiziaren lanak jaso ditu, besteak beste,... [+]

Eguneraketa berriak daude