argia.eus
INPRIMATU
Yoko Ono eta iraultza isila
  • Half-a-Wind Show. Yoko Ono. Atzera begirako erakusketa
    Non: Bilboko Guggenheim Museoa.
    Noiz: 2014ko martxoaren 14tik irailaren 4ra.
     

Myriam Garzia 2014ko ekainaren 18a
"Jakin ezazue iraultza isila gertatzen ari dela. Ez da eztandarik, ezta zarata berezirik ere, baina errealitatea une oro aldatzen da, esandako hitz bakoitzeko"

“Jakin ezazue iraultza isila gertatzen ari dela. Ez da eztandarik, ezta zarata berezirik ere, baina errealitatea une oro aldatzen da, esandako hitz bakoitzeko”. Hau aipatu eta gero, Yoko Onok Amerikan oso bogan dagoen meditazio liburua gomendatu zigun, Guggenheim Museoan paratu duen Half-a-Wind Show atzera begirako erakusketaren prentsaurrekoan. Trajez jantzita, hego zabaleko kapela buruan eta betaurreko beltz handiek aurpegia estaltzen diotela, halaxe agertu zen aurkezpen jendetsuan.

Azken 50 urteko sorkuntza biltzen du atzera begirako erakusketa honek, berrehundik gora piezaz osatuta dago eta Bilboko Guggenheim museoko hirugarren solairu osoa hartzen du. 60ko hamarkadan egindako performanceen argazkiak, instalazioak, 16 mm-ko filmak, eguneroko objektuak artelan bihurturik, Plastic Ono Band musika taldeari eta sortzailearen ibilbide musikalari eskainitako aretoa...

Europan barrena biran dabil Half-a-Wind Show erakusketa. Inori ez zaio oharkabean pasako Yoko Ono, batzuentzat madarikatua da eta besteentzat mirestua, baina inolaz ere arrastorik uzten ez duena.

Bilboko zenbait lekutan, hiriaren eguneroko paisaia eraldatzen duten hiru hitz jarri ditu sortzaileak: “Egin hegaz”, “Amestu” eta “Imaginatu”. Euskaraz eta ingelesez daude idatzita. Ez da lehen aldia Yoko Onok espazio publikoan eragiten duenik. Antzeko baliabide artistikoa erabili zuen Richmond-en (Virginia, AEB), 1996ko erakusketan. Hitz horiek publizitate euskarritan jarri zituen orduko hartan. Guggenheim museoko aretoren bateko paretan ere paratu ditu euskarazko hitzak. Sortzea sortzeagatik, horrela ulertzen du Yoko Onok sorkuntza. Eta horregatik, askotan bihurtzen ditu eguneroko objektuak artelan, haien behin-behineko izaeratik haragoko esanahia eman guran. Kontzeptuaren bilaketa honetan, ez dira falta jarraibide zehatzak dituzten instalazioak, Gela Urdineko Gertaera bezalakoa, non gela urdindu arte, arratsaldeko argiaz edo, zain egon behar den. Edota gelaren ezkerrean jarritako iman indartsu batek eraikitzen duen espazio okerra, Oreka piezan. Eguneroko objektuak eraldatu eta mezuak igortzen dizkio munduari, sortzaileak adierazi zuenez.

Performanceak ere usu baliatu izan ditu Yoko Onok. Erakusketa honetan asko dira sortzaile estatubatuarrak egindako preformanceen argazkiak eta filmak. Gehienak, hala ere, 60ko hamarkadan egindako ekintzak dira. Esate baterako Londreseko Trafalgar Plazan egindakoa, Erresuma Batuaren sinboloa den harrizko lehoi handia izaraz estaltzea lortu zuenekoa, 1967an. Lehen saioan poliziak debekatu zuen ekintza, bigarren saio bat egin eta, film baterako ari zirela esanez, lortu zuen lehoia estaltzea Yoko Onok. Espazio publikoan esku-hartzea gustuko du sortzaile honek eta ekintzak argazkitan biltzea ere bai.

16 mm-ko filmak ere badaude erakusketa honetan. 5. Filma (Irrifarrea) izeneko pelikulan adibidez, John Lennonek berak 51 minutuz eusten dio lehen planoari, irrifarre egiten duen arte. 4. Filma (Ipurdiak) izenekoak 80 minutu ditu eta ipurdien lehen planoak agertzen dituzten irudiz osatuta dago, zinemagintzaren xedea ezbaian jartzeko helburuz.

Yoko Onoren ibilbide musikalari eskainitako aretoa dugu erakusketa honen beste ataletako bat. John Lennonekin batera, bakarka edota Plastic Ono Band taldearekin grabatutako biniloen azalak, eta kontzertuen grabazioak ageri dira areto honetan. 1962an hasitako ibilbide luzea du Yoko Onok, 2012an Kim Gordonekin batera (Sonic Youth) argitaratutako diskoa ere barnean du.