Arbasoekiko lotura eta etorkizuneko ohitura

  • Ia 300 dantzek mugimendua, aniztasuna, identitatea eta historia azalduko dituzte Nafarroako Dantzen Atlasean. Bizirik daudenek, hildakoek zein bidean jaiotakoek babestuko dute utzitako ondare ez materiala. Hala ere, Euskal Herrian dantzaren inguruko ikerketa, ezagutza eta transmisioan zenbat jende ibili den ikusita, ez da zalantzarik: euskal dantza aspaldi hartu zen ondaretzat.

Otsagabiako neskak.
Otsagabiako neskak.

Dantza mugimenduan dagoen gorputza baino gehiago dela sinetsita, jauzi da proiektu honekin Ortzadar Euskal Folklore Elkartea. Berrogei urte beteko ditu aurten eta haietako hamabi, ideia hau lantzen daramatza. UNESCOk aireratutako ondare ez materialen barruan txoko bat eskaini nahi zioten euskal dantzari. Nolabaiteko babesa emateko asmoz, dokumentazio prozesu bat jarri zuten martxan, gaur Nafarroako Dantzen Atlasa deitu diotena.

Zerrenda bat osatuz hasi zuten bidea, baina helburua inbentarioa egitea baino sakonagoa dela nabarmendu du Karlos Irujo elkarteko kideak. Dantzan eta ez dantzarian jarriko dute fokua, bakoitzari fitxa bat ireki eta modu “erakargarrian” plazaratuz. Izena, geokokapena, garapena, azalpena, argazkiak, bideoak, jantziak, partitura eta musika definituko dira. Erabilera pedagogikoa izango duela ziurtatuta, dantzariari, ikertzaileari, kultura maitaleari, argazki zaleari eta jakin-mina duen orori zuzendutako ataria izango da.

Nafarroako dantza asko herrikoi bihurtu dira Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan: Lantzeko zortzikoa, larrain dantza, bolanten martxak, jauziak… XX. mendearen hirugarren hamarkadan Bizkaiko dantzak zabaldu ziren bezala, orain eragina ekialdetik datorrela adierazi du Irujok. Historia edo orografia kontua dela eta, Nafarroak beste jendarteekin errazago kontaktatu du eta mugimendu kulturala ekarri die. Hortik omen dator dantzetan ematen den aniztasuna: “Beharbada horregatik iraganean baino garrantzi handiagoa dauka orain Nafarroak”. Horrela bada, ‘euskal’-ek geografia, administrazioa edo kultura definitzen ote duen zalantzan, atlasak euskal dantzak jasotzen dituela adierazi du Irujok: “Nafarroa Euskal Herria da eta, beraz, euskal dantzak agertuko dira bertan, jatorri desberdinetakoak izan arren”.

Dantzak fitxategi bihurtu eta webgunea eratzen ari dira orain. Ilusioz baina kostata ari dira lana aurrera ateratzen: “Gure denbora librean ari gara lanean eta idatzi, zuzendu eta argazkiak bilatu behar ditugu. Amateurrak gara, gainera… Lan mardula”. Atlasa publiko egiteko gutxienez hamar dantzen fitxak prest izan nahi dituzte eta ekainerako sarean erabilgarri egotea espero dute. Hala ere, bakoitzaren xehetasunak erabilgarri izatea luzerako lana izango da.

Ortzadarren ibilbide luzeak eman dien jakituriaz gain, liburutegiak arakatzen zein aurretik egindako ikerketak miatzen ibili dira azken urteotan. Hala ere, auzolanean gauzatzen ari diren proiektua dela azpimarratu du Irujok, atlasa denona eta denontzat izatea nahi dutela, identifikatzeko eta eman diren aldaketak jakiteko ezinbestekoa delako protagonisten partaidetza. Era berean, zerrenda sekula itxiko ez dela baieztatu du: “Abiapuntu bat besterik ez da. Hemendik aurrera ziberauzolana egin beharko dugu”.

Aldaketak guda leku

Tradizioa identitatea eta gure arbasoekiko lotura gisa ulertzen da. Baina gaurko munduari eta balioei ongi badatorkie soilik biziraungo duela dio Irujok: “Erabiltzen den jendartearen orainaz mintzatzen da tradizioa”. Hortaz, eguneratzeak tradizioarekin zerikusirik baduela dio, hori baita eguneratzen dena. Eta baita etorkizunarekin ere, “ondorengoei erakusten diegulako nolakoak garen adierazpen horrekin”. Halaber, atlasak dantzek izan dituzten aldaketak jasoko dituela azpimarratu du.

Belaunaldiz belaunaldi gaur arte iritsi diren dantzak erraz identifikatu ditu Ortzadar Elkarteak. Jendartearen beste elementu askok bezala dantzek aldaketak izaten dituztela gaineratu du, tradizionalak izaten jarraitzen duten arren: “Corteseko dantzak emakumeek ere dantzatzen dituzte orain, baina horrek ez dio izaera tradizionala kentzen”. Fitxa bakoitzak landuko duen garapenaren barruan aldaketa guztiak sartuko direla adierazi du: jantzien garapena, mugimenduena... “Gizartea banatzen denean sortzen diren irtenbide berriak, tradizio hitza eta dantza guda-leku bilakatzen dira. Aspalditik ematen den borroka hori ere agertuko da atlasean”, aipatu du.

Maisuek urtero dantza eta doinu berriak sortzen dituztela kontuan izanik, etengabeko aldaketak gertatzen direla gaineratu du: “Dantza baliagarria denean erabiltzen da. Gurean oso egoera zailean heldu ziren XX. mendera. Baina jendartea aldatzen doa eta horrek mantentzen ditu bizirik”. Dantza dantzariek gauzatzen dute eta orain arteko material grafikoetan “tamalez” gehiengoa gizonezkoa dela adierazi du. Hala ere, emakumezkoen partaidetza handiarekin dokumentuak sortuko dituzte.

Garai batean egiten ziren dantzak gaur bihurtu dira tradizionalak eta, beharbada, gaur ere tradizioa sortzen ari da. Jendearen “manifestazio espresibo” gisa ulertuta, anitzak dira orain atera daitezkeen argazkiak. Tradizio batzuk galdu eta besteak sortu egiten dira. Orain arte biziraun dutenak, berreskuratutakoak zein bidean asmatutakoak batuko ditu Atlasak, “zilegitasunik kendu gabe”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


2023-12-22 | dantzan.eus
Filipe Oihanburu euskal dantzari eta koreografoa hil da

Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]


Eguneraketa berriak daude