"Ezinbestekoa da EAE eta Nafarroaren arteko elkarlana hitzarmenaren defentsan"

  • 2013ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso berri du Zuzenbidearen Historian aditua den unibertsitateko irakasle eta ikerlari honek. Euskal herritarren eskubide historikoen herentzia nagusi diren egungo hitzarmen ekonomikoez, haien garrantziaz eta pairatzen dituzten erasoez mintzo zaigu, besteak beste, elkarrizketa baino gehiago klase partikularrean. 

Galar Zendeako Arlegi herrian duen etxean egin genuen elkarrizketa.
Galar Zendeako Arlegi herrian duen etxean egin genuen elkarrizketa.Dani Blanco

Abertzale kontzientzia nola piztu zitzaizun?

6 urte baino ez nituela anaia batek esan zidan euskal herritarra nintzela. Berak 13 edo 14 izanen zituen eta abertzalea zen. Gerra ondoko Nafarroa hartan abertzaletasuna ez zegoen soilik gorderik, 20 metrotan lur azpian ezkutaturik baizik. Kontzientzia pizte moduko hori niretzat onuragarria izan zen, gai guztiekiko jarrera kritikoa sorrarazi zidalako. Ikasle garaian, Deustuko Unibertsitatean, 1961ean edo 62an, ia denak Franco zaleak ziren. Garai hartan ni alde ezkutuan mugitu nintzen eta horrek bai eramaten zaituela herria eta historia beste jarrera batez ulertzera. Hori historialari batentzat oso interesgarria da bertsio ofizialen inguruan susmo etengabea izaten baituzu.

Tesia Bizkaiko Foru Zaharrari buruz egin zenuen. Zergatik?

Andres de Mañerikua, aditu handia Bizkaiko historian, irakasle izan nuen Deustun. Formakuntza handiko pertsona zen, oso kritikoa, eta niregan oso eragin handia izan zuen. Bizkaiko Forua ikaragarria da. Nafarroatik eta, batez ere oraingo korronte pan-nabarrista honekin, ematen du bizkaitarrak ez direla ohartzen haiek ere nafarrak direla. Baina ez da horrela. Oso erakunde politiko bizkorra eratu zuten XII. mendearen aurretik. Europako legedi aurreratuena zen eta Rousseauk, ilustratuek… harrigarria zela aitortzen zuten. Frantziako Iraultzari berari ere aurre hartzen zion eskubide eta askatasunei dagokienean.

Eta hori zergatik zen horrela?

Herri bezala bizkaitarrek askatasunaren kontzeptu oso garatua zutelako eta aspaldidanik praktikan erabiltzen zituzten eskubideen multzoa oso aberatsa delako. Adibidez, emakume ezkonduek ondareak kudeatzeko zituzten ahalmena eta seme-alabekiko aginpidea, kasu askotan senarrarenaren bezain bestekoa. Foru eredugarria izan da. Horregatik Bizkaiak izan duen boterea eta hortik ere Gernikako Arbolaren garrantzia askatasunen ikur bezala.


Pirinioetan erakunde juridiko propiorik izan al da inoiz?

Hizkuntzaren aldetik Joan Corominasek esan zuen euskal oinarri toponimiko oso zabala zegoela. Antzekoa da esparru juridikoan gertatzen dena: familiaren ondare antolaketa oso antzekoa da Bizkaitik Kataluniaraino. Testamentua egiterakoan dagoen askatasuna edo etxearen iraupena ziurtatze aldera dena seme edo alaba bati uzteko aukera, adibidez. Hori guztia Pirinioetako zuzenbidearen ezaugarri nagusietakoa da. Beste bat da auzo ondasunen garrantzia. Nafarroan, Iruñerritik gora, gehienak herri lurrak dira eta bailaren arteko itunak egiten dira lur horiek erabiltzeko.
 

Mantendu da halakorik?

Aragoin, Katalunian eta Nafarroan kode zibil propioak sortu dituzte, esate baterako. Zuzenbide publikoaren aldetik azpimarratu behar dugu hazienda propioa dugula eskubide historiko batzuk ditugulako. Hau Espainian ez da oso ongi ikusia izan. Zaharkitutzat hartzen dute, baina kontuan hartu behar dugu gaur egun herrialde modernoenak anglosaxoiak direla eta han eskubide asko Erdi Arotik gordetzen dituztela batere konplexurik gabe.


Valladolid, Extremadura eta Madrilgo unibertsitateetan aritu ondoren etxera itzuli eta EHUren sorreran parte hartu zenuen kementsu. 1981etik 85era errektorea izan zinen.

Herri honek ez zuen unibertsitate propiorik eta iruditu zitzaidan hori lortzeko modurik onena zela kanpora ateratzea eta beste unibertsitateak ikustea. Unibertsitatearen aldeko ahalegina oso urrutitik zetorren. Argi ikusten zen unibertsitate onik gabe zailtasun handiak izanen genituela herri bezala bizi eta iraun ahal izateko.  
 

Zer ekartzen dio unibertsitateak herri bati?

Gauza asko. Lehena, ikasleek bertan ikasteko aukera izatea, eta bigarrena, goi-mailako kultura trataera eman ahal izatea bertako gaiei: historia, literatura, geografia, ekonomia… Geure zientzia propioa egin ahal izatea, hitz batez. Hori da gakoa eta hau funtsezkoa zen gure kasuan. 1841ean eta 1876an foruak galdu ondoren, mekanismo babes emaile hori gabe, autogobernurik gabe, hizkuntza lehen planora pasa zen, baita unibertsitate propioa sortzeko beharra ere.
 

Eragile intelektual bat da?

Unibertsitateari oso lotua dago zer nolako medikuak, enpresarioak, irakasleak formatzen ditugun etorkizunari begira. Oso zaila da politika ongi egitea, adibidez, politikariek formakuntza egokirik eta herriaren ikuspegi oro hartzailerik ez badute. Hori baldintza ezinbestekoa da baina ez nahikoa, izan ere orain unibertsitate propioa dugu eta hala ere politikari gehienek oso ikuspegi murritza dute gure herriaz.
 

Hiru hamarkadaren ondoren nola ikusten duzu gaur egun EHU?

Oso une zailetan sortu ginen. EHUk oso eboluzio positiboa izan du. Ez da nahi genukeena, argi eta garbi, baina aurrerapausoak eman dira. Bestalde, Mondragon Unibertsitatea sortu zen, oso interesgarria, errealitateari eta lurraldeari estuki lotuta, eta hor dago Deustukoa ere, oso klasikoa, erantzun egokia ematen diona enpresa arloari. Gure arrakasta ekonomikoaren giltzetako bat da hori, zalantzarik gabe.
 

Nafarroan unibertsitate publiko baten premia zegoen?

Nafarroako Unibertsitatea bertan errorik ez duen erakunde batek sortua da eta alor estrategikoetan ari diren irakasle asko ere kanpotarrak dira, beste balore batzuk dituzte. Nafarren bizpahiru belaunaldi formatu dira balore horiekin eta horrek eragina du gaurko gizartean. Gizartean atxikimendu altua irabazten joan den arren, begi-bistakoa da inoiz NUP ez dela izan oso unibertsitate maitatua botere publiko nagusien aldetik. Horregatik bere aurrekontuetan murrizketak egiteak ez die batere minik ematen instituzioei.
 

Hezkuntza eta ikerkuntzarako murrizketen inguruan zer gogoeta egiten duzu?

Kaltea hurrengo bizpahiru hamarkadetan nabarituko da. Produkzio zientifikorako, proiektuetarako dirurik ez badago, egitura ahuldu egiten da. Ikerketarako eta irakaskuntzarako atea itxita dute balio handiko gazte askok. Profesionalak egonen dira enpresa, administrazio edo lanbide desberdinetarako, baina ikertzaile eta irakasleen multzoa murriztuz doa eta horrek eragin zuzena du gizarte osoan.

Zer aterabide izan daiteke?

Hitzarmen ekonomikoa dela medio guk foru ogasun propioa dugu, ikaragarri autonomoa dena. Baliabide ekonomikoen aldetik ia konfederazio bat gara gu Estatuarekin. Beste gauza bat da zer egiten dugun gero gure diruarekin. Baliabideak xahutzen baditugu denok buruan ditugun proiektu horietan guztietan eta ez ikerketan edo hezkuntzan, adibidez... Jendeak arduratsu jokatu eta argi eskatu beharko luke dauzkagun bitarteko horiek egoki gastatzeko.
 

Estatuan askok uste du gure hitzarmen ekonomiko horiek pribilegioa direla.

Bai, baina hau ez da zerutik eroritako zerbait. Honen inguruan oso borroka latza izan zen XIX. mendean eta gaur egun ditugun erakunde garrantzitsuenak dira. Hemendik aurrera, hori bai, hitzarmenak mantentzea gehiago kostako da. Orain arte Europako dirua iristen zen, baina egun Ekialdeko herrialdeetara ere bidali behar denez, hori bukatu egin da. EAEn eta Nafarroan diru moltsa oso interesgarria da eta eskatuko dute kupoa handitzea, agian gure sistemaren mantentzea bera ere arriskuan jartzeraino. Hori izanen da hurrengo urteotarako borroka handia, seguruena.
 

EAE eta Nafarroa eskutik helduta negoziatzera joatea, onena?

EAEko eta Nafarroako hitzarmenak oso antzekoak dira, ikuspegi instituzionaletik. Nafarroarentzat bermea da EAEk hitzarmena izatea eta jakitea ongi defendatuko duela, lorpen horiek gero Nafarroara aplikatzen direlako. Eta alderantziz ere bai: hemen negoziatzen bada lehenago eta behetik egiten bada, Madrilek nahi izanen du hori bera aplikatu EAEn. Baina Nafarroako Gobernuan agintean daudenen arrazoi ideologikoengatik, EAErekiko harreman politikoa hutsaren hurrengoa da, nafar gizartearen kalterako. Bi erkidegoen arteko elkarlana hitzarmenaren defentsan ezinbestekoa litzateke. EAEn badira elite batzuk oso ongi prestatuak daudenak hitzarmenaren defentsarako eta, oro har, interes handiagoa dago Nafarroan baino. Nafarroan hitzarmena berritzear gaude eta ematen duen inpresioa da prestaketa oso eskasa dela, oso berde dagoela dena. Botereak hemen behetik negoziatzeko prestutasun handiagoa du eta hori da beti Nafarroaren arrisku handia. 1841an oso azpitik negoziatu zen, benetako baldintzek autogobernurako eskumen gehiago kontserbatzeko aukera ematen zuten arren. Eta orain berdin gerta daiteke. Ez dakit gai honen garrantziaz jabetzen ari ote garen, baina gure etorkizuna kinka larrian jartzen ari gara.
 

Herriaren eta parlamentuaren aurka aritu dira askotan gobernatzen hemengo agintariak?

XIX. mendetik argi ikusi da herritarrek interesa zutela erresuma mantentzeko, baina goi-mailako klaseek ez.
 

Hori zergatik? Zergatik ez zuten erresuma izan nahi?

Hiru arrazoirengatik: Erriberako uzta jabe handiek Estatuko merkatua zabaldu nahi zutelako. Ebron zeuden aduanak gainditu nahi zituzten eta horretarako erresuma izatea traba zen. Beste alde batetik, 1836an Elizaren jabetasunen desamortizazioa egin zuen Madrilek. Komentu askori lurrak kendu eta gehien ordaintzen zutenei saldu. Orduko dirudunek lurra ausarki erosi zuten eta beldur ziren desamortizazio hori ez ote zuten kontraforutzat joko eta, ondorioz, lurrak itzularaziko. Beraz, haientzat onena erresumari agur esatea zen. Eta hirugarren kontu bat zegoen, goiko klase horri eragiten ziona: zor publikoa. Nafarroan errepide sarea mailegu bidez egin zen, aberatsek utzitako diruz. Nafarroa, karlistada eta frantziarren aurkako gerraren ondorioz, erabat pobretuta zegoen. Egoera horretan pentsatu zuten erresuma izateari utzita, Madrilek bere gain hartuko zuela zor publikoa.

Goi-maila horretako ordezkarien kontrolpean sinatu zen erresuma izaeraren bukaerako hitzarmena. Geroztik agintarien klase honek beti behar du Madrilekin paktatu herritik defendatzeko. San Cristobal gotorlekua, adibidez, ez zuten Frantziatik babesteko egin, bertako populazioa kontrolpean izateko baizik, herritarrez fio ez zirelako. Baina nafar gizartea otzana da, uste daitekeena baino otzanagoa. Gure ereserkia minuetto bat da, burua makurrarazten duen dantza mota hori. Nafarroan edozer gauza egin daiteke boteretik. Madrilekiko itun hori behin eta berriz ageri da eraginkor. Azkenaldi honetan, martxoan bertan, argi ikusi genuen: ezin da aurrera eraman nafarrek nahi duten gobernu ituna, Madrilek ez badu nahi. Horregatik iruditzen zait horren arriskutsua orain hitzarmenaren negoziazioa. Noren esku dago? Beti oso zorrotz eta zuzen jokatu duten teknikarien esku? Ez. UPNk izendatutako batzorde baten esku.
 

Beraz, aldaketa politikoa amets hutsa da oraindik?

Madrilgo baimenik beharko ez lukeen gehiengoa aterako balitz… baina oso zaila da. Oso gizarte anitza da gurea. Hemen begirune eta ulermen kota handiak behar dira elkar ulertzeko, bestela beti egonen gara gehiengo jakin baten menpe. Baina arazoa da ez gaudela aniztasunerako heziak, erasorako baizik. Horri beste faktore bat gehitu behar zaio: 80ko hamarkadan EAEn izan zen krisi izugarria.
 

Testuingurua aldatu egin da azken urteotan ordea...

Bai. Orain EAE ez da jada saihesteko moduko tokia, eredugarria baizik, krisitik nola ateratzen ari den ikusita. Orain aurrerapen gunea da eta zentzu horretan hori ona da orain eta epe luzera begira.
 

Eta euskararen aurrerapena ere, positiboa da?

 

Hizkuntzaren eboluzioa Nafarroan izugarri positiboa da eta testuinguru soziopolitikoaren aldaketa oso ona da hizkuntzarentzat. Euskara ezkortasunari lotua egon da denbora luzez. Orain, aldiz, positiboari lotzen zaio gero eta gehiago. n

Nortasun agiria

Gregorio Monreal Zia (Etaiu, Nafarroa, 1942ko martxoaren 11). Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zuen Deustun eta Madrilen. EHUko lehen errektorea izan zen. 1994tik NUPeko Zuzenbide Historian katedraduna. Egun irakasle emeritua da eta ikerkuntzan dihardu buru-belarri. 1992tik 1996ra Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria izan zen. Politikan aritu zen senatari moduan Madrilen, Frente Autonómico-an Gipuzkoatik 1977ko hauteskundeez geroztik. 1979an Gernikako Estatutua idazten ere parte hartu zuen. Lotura estua du Renoko unibertsitatearekin (Nevada, AEB) eta bertako Wiliam A. Douglass irakaslearekin.

Eman ta zabal zazu

Monrealek berak hautatu zuen goiburu hau EHUko ikur gisa, Iparragirrek XIX. mendean Foruen ereserkian idatzitako hitz hauekin “bizkaitarrek mendez mende garatu eta defenditutako askatasun politikoen eta zibikoen hazia munduan zehar barreiatzea” proposatzen delako.
 

AZKEN HITZA
Abertzaleok

“Abertzaleok akats ikaragarriak egin ditugu. Bortizkeriaren erabilpena pozoia bezalakoa izan da abertzaletasunarentzat nafar gizartean. Bizi eta hil gaitezke benetako errealitatearekin zerikusi gutxi duten asmakizunetan sinesten. Nafarroa Euskadi dela esatea soilik populazioaren %30ak hori pentsatzen duenean eta hori hala balitz bezala jokatu nahi izatea ez da zuzena. Hemen oraindik lokarri asko lotu behar da, kultura politikoa aldatu. Urte oso gogorrak izan dira eta argi dago elkar ulertzea beste modu batez egin behar dela, gure artean lehenbizi eta EAErekin gero, interes komunak aunitz direlako”.

Burua makur

“UPNren PPrekiko joera hori, presidenteak Madrilgo Gobernuari dion amodio sakona eta burua makurtzeko joera hori oso arriskutsua izan daitezke hitzarmen ekonomikoa negoziatzeko unean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

 Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Eguneraketa berriak daude