"Ingalaterrako zaleen sindikatuak dirua oinarri duen ereduaren aurka mobilizatu dira"

  • Ekonomian aditu Andy Robinson kazetariak hamaika lan argitaratu du 2008an lehertutako krisiaren zio eta ondorioez, liburu bat tartean: Un reportero en la montaña mágica. "Cómo la élite económica de Davos hundió el mundo" (Ariel, 2013). Liverpoolen jaioa, maiz idatzi du futbolaz, Erresuma Batuko taldeez bereziki, Kataluniako La Vanguardia egunkarian azken urteotan. Munduko Koparen atarian dozena erdi erreportaje publikatu zituen "Futbolaren geopolitika" goiburupean.


2014ko ekainaren 22an
Andy Robinson kazetari ingelesa.
Andy Robinson kazetari ingelesa.

Txapeldunen Ligako finala amaitzean, Real Madrileko presidente Florentino Fernandezek eta Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznarrek bostekoa eman zioten elkarri palkoan. Zer iradokitzen dizu irudi horrek?

Ez dakit zer-nolako harremana duten, baina Real Madril taldea Espainiaren ikurra da, Aznarren Gobernuak ordezkatzen zuen Espainiaren ikurra, katalanismoaren aurkako sinboloa…  Espainiar identitatea ordezkatzen du Madrilek, nazionalismo katalana Bartzelonak. Futbol taldeak zubi modukoak dira. Beste herrialdeetan ez dut halakorik hain garbi ikusi.

Herrialde guztietako palkoetan elkartzen dira, ordea, futbol taldeetako presidenteak politika edota ekonomia munduko goi-karguekin.

Bai, hala da, futbola beste edozein tresna baino eraginkorragoa baita politikarientzat, haien buruak hautesleen interes bertsuak dituzten herritar gisa aurkezteko. Ingalaterran, duela 50 urte, segmentu konkretu batzuen kirola zen futbola, proletalgo eta klase ertainarena. Politikari kontserbadoreek baztertu egiten zuten. Gaur egun, baina, ez dago klase jakin bati loturik. Talde bateko zale gisa aurkezteak ez dizu kalterik egingo, selekzio nazionalaren kasuan bereziki; lehen baino errentagarritasun handiagoa atera diezaiokezu.

Liverpoolen, Anfield estadio inguruko auzotarrak haien etxebizitzak saltzen hasi ziren duela hamar bat urte, taldeko jabeek bultzatuta, futbol zelai berria eraikitzeko asmoa zeukatela-eta. Proiektua geldirik dago, ordea, eta auzoan etxe ugari dago orain hutsik.

2005ean AEBetako Texas Rangers beisbol taldearen jabe Tom Hicks espekulatzaile errepublikanoak erosi zuen Liverpool kluba, eta 2010az geroztik Bostongo Red Sox beisbol taldearen jabe John Henry demokrata buru duen Fenway Sports taldea da nagusia. Ikusteke dago gaur egungo jabeek Hicks eta haren bazkide George Gillet-en estrategiari eutsi ala bide berria hartuko duten. Badirudi ez dutela Anfield botako, handitu baizik, nahiz eta Spirit of Shankly zaleen kolektiboko bozeramaile Paul Goldberg-ek dioen moduan, inozoa litzatekeen prezio erakargarria balu kluba salduko ez luketela pentsatzea.

AEBetako inbertsio kudeatzaileak dira, era berean, Manchester United, Sunderland, Arsenal, Aston Villa, Cardiff eta Fulham taldeen jabeak. Erositako produktuei ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzea dute xede, eta horrek ekarri du, besteak beste, sarreren prezioak garestitu eta zale leialenek partidak ikustera joateko aukera geroz eta txikiagoa izatea.

Futbola eta kriketa ziren lehen langile klasearen kirolak, errugbia elitearena. Gaur egun guztiek jokatu nahi dute futbolean, telebistak inbertsio handiak egin ditu, sarrerak garestitu dira, betiko hintxek nekez bidaiatu dezakete haien taldeak ikustera… Egoerak bultzatuta zaleen sindikatuak mugitzen hasi dira, Spirit of Shankly tartean. Haiek behartu zuten Tom Hicks kluba saltzera, eta jabe berriei ere presio egin diete futbolaren globalizazioaren eredu den merkatu-estrategia muturrera ez eramateko. Brasilen antzekoa gertatu da: estadioak modernizatu ahala sarrerak garestitu egin dira eta zale pobreenek zailtasun geroz eta handiagoak dituzte partidak zuzenean ikusteko. Iazko protesten olatua baliatuz elkar antolatu eta kluben asmoak geldiaraztea lortu dute, hein batean bederen. Estadio batzuetan, adibidez, partidak zutik ikusteko guneak mantendu dituzte.

Nola eragin dio horrek guztiak taldeen eta zaleen arteko identitate-harremanari?

Espainian osagai identitarioa oso politizatua dago, estatu barruko tentsioak medio, talde askoren kasuan behintzat. Ingalaterran desberdina da. Zale leialenetako askok utzi egin behar izan diote partidak ikustera joateari, ez dakite jokalariak datorren urtean taldean izango diren ala ez… Zaila da jokalariak taldearekin identifikatzea. Zer geratzen zaigun? Gure identitate zeinu nagusia gainerako zaleak dira, komunitatea, horrek du balioa.

Urte hasieran Liverpooleko arduradun batek adierazi zuen Dunkin Donuts konpainia futbol taldearen babesle ofiziala izango zela, Liverpool eta Donuts merkatu berdinean mugitzen diren marka globalak direlako. Hain da zinikoa. Anfield auzoan umeen %43 pobrezian bizi da, elikadura eskasak eragindako osasun arazoak izateko arrisku handiagoa dute…

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/liverpool.jpg

“Liverpool futbol kluba, Shank zaleek eraikia, yankiek suntsitua”, dio Anfield estadioan zabaldutako pankartak. AEBetako kapital espekulatiboaren esku-hartzeaz kexu dira hintxak.

Espainian maiz hitz egiten da telebista eskubideen desorekaz. Ingalaterran pastela banatuago al dago?

Bai, nahiz eta ez den guztiz parekidea. Futbola ez dago hain monopolizatua: Madril, Bartzelona eta azkenaldian Atlético. Ingalaterran zailagoa da aurreikustea zein taldek irabaziko duen; diru-sarrerak banatuago daude. Klub handiek fitxaketa handiak egiteari ematen zaio garrantzia Espainian.

Eredu hori jasangarria al da?

Espainiako Liga ez dela jasangarria dio aditu ugarik, batetik, oinarri duelako Florentino eredua: fitxaketa galaktikoak egin, ondoren telebista edo marketin bidez amortizatzeko. Bestetik, edo ondorioz, boterea –arrakasta– bizpahiru talderen esku egoteak emozioa akabatu eta jendearen interesa itzali dezakeela diote. Ez dakit zer esan.

Bestetik, goi mailako futbolak sortu dituen  desberdintasunak gutxitze aldera, UEFAren joko garbiaren aldeko urratsek eman dezakete fruiturik, gehienezko soldata biguinak ezarri daitezkeelako. Alegia, taldeek ezingo lituzkete zorrak pilatu hiper-soldatak ordaintzeko. Lagunduko luke ere Europako Batzordeak zigortuko balitu mega-fitxaketak babesten dituzten diru-laguntzak.

Ingalaterran arazoak sor daitezke futbolaren balio preziatuena, zaleak, lotura identitarioa, kaltetua den heinean. Inbertsio funtsek eurek termino bat erabiltzen dute, Fan Equity balioa, zaleen berotasunari, taldeari lotutako komunitate sentipenari, erreferentzia egiten diona. Aktibo ukiezina da, ez dago formula ekonomiko batekin azaltzerik; klubak emaitza kaskarrak lortuta ere, balio horrek eutsi egingo dio. Hor datza futbolak duen magiaren parte batek. Urre meategia bezalakoa da eta inbertsio funtsek badakite hori. Paradoxikoa da, baina: balio handia duela jakitun diren arren, hari etekina ateratzea besterik ez dute nahi, eta suntsitu egingo dute azkenean. Hori da tristeena.

AEBetan ez dago tamainako loturarik zale eta taldeen artean, klubak hiritik hirira mugitzen dituzten frankiziek erakusten duten moduan. Bitxia da hango inbertsio talde handiekin gertatzen dena. Kirola erregulatuago dago: jokalariek gehienezko soldatak dauzkate, telebista eskubideak banatuago daude, jokalari berriak aukeratzeko talde ahulenak laguntzen dituen draft sistema baliatzen dute… Horrek guztiak dirua irabazteko aukera mugatzen duenez, gure ereduak izugarri erakartzen ditu.

 

Eredu erakargarria da, ezbairik gabe, futbola diru-iturri oparo bihurtu duen kapital espekulatiboarentzat bederen. Emaria agortuko ote den ikusteke dago orain. Beste gozoki bati helduko liokete orduan batzuek; aldiz, itxitako bidea irekitzeko aukera izango lukete futbol talde askok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Munduko Futbol Kopa
2022-11-27 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022, eliteko kirolaren iparrorratza

Abian da gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. Ustelkeria zantzuak, estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen aritu diren milaka obreroren heriotza, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako jazarpena, ingurumen inpaktua, zentsura, futbol-egutegiaren... [+]


2022-11-23 | Euskal Irratiak
Patxi Vrignon Etxezaharreta kazetaria Qatarretik
"Munduko Kopa, oro har, ustela da"

Futbolaren erritmora biziko da Qatar ondoko asteetan. Lehen aldia da arabiar erresuma batek Mundial bat antolatzen duela, eta egia da polemika handia sortu zuela Qatar hautatua izan zelarik mundiala antolatzeko.


Eguneraketa berriak daude