Bai, patetikoak. Kontua da jakin berri dugula AEBetako golf federazioan oso kezkatuta daudela azken hilabeteotan laburrean bost milioi lizentzia galdu dituztelako. Lizentzia bakoitzak dirutza balio duenez, eta gero golfari izeneko horiek gastu itzela egiten dutenez klubetan, normaltzat jo beharko dugu negozio ikaragarri horren etekina jasotzen dutenak kezkaturik egotea.
Itxura txarrekoa da galtzaile itxura ematea. Imajinatu: materialik hoberena eskutan dabilkizu, monitorerik trebeenak gertu, zelairik aproposenak eta milaka entrenamendu ordu zure gainean, eta zure maila hobetu ezin. Zer aipatu behar duzu ibilbidea ehun kolpetik gora amaitu baduzu zelaiaren parra 72 ingurukoa izanik. Nora zoaz 30etik gorako handikap-a jaitsi ezinik bazabiltza? Nola gin tonic bat gozatu aitzakia guztiak orain urte batzuk bukatu bazitzaizkizun? Erremedio txarra.
Baina ia arazo guztiek omen dute hasieran ikusten ez den irtenbidea, eta, hemen ere, aurkitu dute beraiena: zuloak lau aldiz handitzea. Bai, lau aldiz handiagoak izango diren zuloak egitea. Zertarako ibili sufritzen helburuak lortu ezinik! Eta lau aldiz handituta ere, baldarrek ez badituzte irribarre eder batekin lanak amaitzen, meteorito baten kolpeak utzitakoaren pareko zuloak egin, eta hala ere ez badago gustura uzteko modurik, ozono kapa baino handiagoak egin denak, poz-pozik ordain ditzaten kuotak, material berriak, monitoreak eta gin tonicak.
Bunkerreko hondarretan itoko dira kirolak bere-bereak dituen “baloreak”. Esfortzuaren ondorioz lortutako abilidadea, zure buruari eta gainontzekoei erakustea. Ondo penatu ostean, garaipen txikienak duen zapore gozoa bakardadean edo lagun artean dastatzea eta ospatzen jakitea. Zure mugak naturaltasunez onartzea. Gainontzekoenak errespetatzen ikastea. Harrokeria arrazoira makurtzea, umiltzea.
Eta honetan ari naizela beste era bateko kirolariak etortzen zaizkit gogora: kirolaz gozatze hutsagatik, umeak oheratu ostean euritara ateratzen dena korrika saiotxo bat egitera, esate baterako. Inori esplikaziorik eman beharrik gabe, hanka pausoa behartu gabe eta putzuak saihesteko inongo asmorik gabe. Gozamenaren truke, korrika. Eta horrelakoak zientoka.
Esaiezu haiei belarriaren ertzera euren buruari iruzur egiteko. Seguru ez dakitela kilometroa zenbatean egiten duten, kilometroko zenbat gozatzen duten badakite adierazterik ez badago ere.
Eta ez dakit usteltzen ari den gizarte baten isla ez ote den helburuak lortzeko esfortzuaren balioa ahaztu behar hori. Zuloak handitzean zaila errazago bihur daiteke, baina besteak engainatzen saiatzen den hark inoiz ez du bere burua engainatuko. Ala… bai?.