Haitzen gibelean, itsaso gainean

  • Magaletik magalera. Hondarribiko kaitik Pasaiako farolara.Ur tantei so, harkaitzetan barna. Tartean Jaizkibel, haitzezko kutxa zabala. Historiako altxorren gotorlekua. Natura 2000 sareak babesten duen gunea. Bidean itsasargien argi-itzalak, gerren oihartzunak eta naturaren kantu bizi-bizia ditugu zain. Zelaietan igerian, behatzekin itsasoa ukitu litekeen mendian.

Hondarribiko eta Hendaiako hondartzak, Jaizkibeletik ikusita.
Hondarribiko eta Hendaiako hondartzak, Jaizkibeletik ikusita.

Hondarribiko kaian hasiko dugu ibilbidea. Batel ttikiak Tuku-Tuku, Pittar eta Kuku Harri ontzi handien ondoan dira dantzan. Arrantzaleen Kofradia eskuineko aldean utzita aurrera egingo dugu, gauetako itsasontzien  gidariaren bila. Higer lurmuturrean eta itsasargian dugu lehenbiziko geltokia.

Gutxik dute aukera itsasargia barrutik bisitatzeko, baimen berezia behar delako. Ederra da harrizko eskaileretan barna igo eta enaren pareko sentitzea. Urdina nagusi eta ingurua berdez tindatua, iratzeek janzten dute Higer. Farolaren goiko aldetik Amuitz uhartea ttiki bezain eder ageri da. Parez pare, Lapurdiko kostalde zabala dugu ikusgai.

Eskaileretan behera, kanpinerantz abiatuko gara, errepidearen amaieran hasten den xendra hartzeko. Itsasertzetik goaz aurrerantz, kostaldea lotzen duen Talaia bidean. Bidexka ugari aurkituko dugu, erdi ezkutuan dauden kaleetara garamatzatenak. Lamien bila hasi nahi baduzue, aurrera, baina adi marea aldaketekin.

Bide nagusiari segika bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuinerantz behera doan bidexkatik Artzuko Portura goaz, erromatarren ontzien atsedenlekua izan zenera. Artzuko Errota izenez ere ezaguna da ingurua, bertan zegoen errotagatik. Kalara doan errekaren indarra baliatzen omen zuten garia eta artoa ehotzeko.

Balio ekologiko eta geologikoa

Karramarroen gisara atzera egin eta bidegurutzera itzuliko gara, bide nagusiari segika Guadaluperantz abiatzeko. Bideak ez du galbiderik eta aurrera joan ahala, Jaizkibelen magaletik goranzko bidea egiten ari garela nabarituko dugu. Nazioarteak babesten duen eremuan gabiltza, begiak erne beraz, balio ekologiko eta geologiko handia duten bitxiak ditugulako bazter orotan.

Tipi-tapa, Guadalupeko Gotorlekura iritsiko gara. Defentsarako eraikia izan zen 1900ean. Barruan dituen sekretu guztiak ezagutzea ia ezinezkoa den arren, gotorlekuaren barrunbeetan bisita gidatua egiteko aukera dugu Hondarribiko Udalaren Arma Plaza Fundazioaren eskutik.

Barrutik kanpora begiratuz gero, aski ezaguna da kaskoan XV. mendean eraikitako Guadalupeko Amabirjinaren Basilika. Ez da horren ezaguna basilikatik hurbil dagoen tabernari buruzko historia. Justiz edo Guztiz Ederra izenez ere ezaguna den baserria, garai batean, Antso Abarka erregearen babesleku bihurtu zen, erregea etxe hartako zerbitzari batekin maitemindu zelako.

Artzuko Matxinen historia

Tabernatik kanpora begiratu eta kartel zurian, kolore berdez irakur dezakegu bisitatu beharreko hurrengo baserriaren izena: Artzu. Bertako seme zen Matxinen balentriak egin zuen ezagun etxea. 1280 inguruan, Frantziako eta Gaztelako erregeek Hondarribian izandako borrokaldian, Matxinek gaztelarrei lagundu zien. Inguruak ondo ezagutzen zituen eta gauez soinurik ez egiteko zaldien apatxak estaltzea ere otu zitzaion. Gaztelako tropek mendean hartu zituzten frantsesak eta Matxini esker ona adierazteko, armarri bat oparitu zion Gaztelako erregeak Artzuko semeari.

Baserriaren aurrealdean keinuka ari zaigu Jaizkibelgo gaina. Hara igotzeko Guadalupeko aparkaleku nagusira itzuliko gara, eta bertatik ipar-mendebalderantz joko dugu. Errepidea zeharkatu eta nabarmen egiten du bideak gora. 1872 eta 1876ko Karlistaldian eraikitako dorreak topatuko ditugu bidean. Erramotz gainean, Santa Barbara Dorretik norbait zelatan dugula dirudi. Txingudiko badiaren ikuspegi paregabea goza liteke bertan dagoen begiratokitik.

Telekomunikazio-antenak agerian, gailurra gero eta hurbilago dago. Igo ondotik, Xangasiko dorrearen eta beste bi dorreren ondotik igaro beharko dugu, eta eskuinera dagoen bidexkan behera joango gara, errepidera iritsi arte. Mitxintxolako gaina dugu ibilbideko azken igoera. Bertatik ikus liteke Pasaiako herria. Mendebalderantz hartu eta marra zuriei segitu beharko diegu. Gailur malkartsuotan  arreta handiz ibiltzea komeni da. Bideari segika ez dago galbiderik. Portuko semaforoak eta farolak seinalatuko digute helmuga: Pasaiako magal goxoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


Eguneraketa berriak daude