Bolonia: erditze gaitz baten gaitzak

Informazioaren gizartea esaten zitzaion oraindik orain; gero, komunikazioarena... Bizi dugun (bizi gaituen) gizarte modu honen funtsa behar bezala azaltzekotan, ordea, arretaren ekonomiaren gizartean bizi garela esan behar genuke. Garesti dago, bai horixe, jendearen arreta gurean, eta uneoro arreta gune berriak sortu eta eskaini behar dira.

Horregatik da zinema eta telebistako errealizazioa gero eta zoroagoa, bizpahiru segundotik pasatuz gero jendeak arreta galtzen diolako kontakizunari; eta kazetaritzan ere beste hainbeste gertatzen da. Bolonia Unibertsitate Planak, esaterako, Marshall McLuhan oteiza kanadiarraren iragarpena betez, izan zuen bost minutuko bere ospe tartea; gaur egun apenas inork uste duen badela, pastari laguntzekoaz gain, beste boloniar saltsarik.

Boloniak, ordea, aurrera darrai, eta aurten du, nik ezagutzen dudan esparruan behintzat, lehen erditze masiboa. Hots, egunotan emango zaie unibertsitate titulua duela lau urte unibertsitatean hasitako ikasleei.

Arreta eta ganora hain genero urriak ez balira, une egokia litzateke hau, duela lau urte abiatutakoaren lehen balantze bat egiteko. Ez dirudi, ordea, horretarako prest inor dagoenik, ez unibertsitatean ez kazetarien artean.

Duela urtebete pasatxo hartu nuen erretiroa, EHUn hemeretzi urtez irakasle jardun eta gero. Boloniakoa da ezagutu dudan hirugarren plana. Erretiroa hartzera bultzatu nauen arrazoi nagusietakoa ere izan da niretzat Bolonia: infernu bat, orain karrera amaitzear dauden ikasleei esker gainditu ahal izan dudana.

Unibertsitatean lanean ari nintzela, Bolonia kritikatzean neure buruaren alde ari nintzela interpreta zitekeen, eta horrexegatik ez diot orain arte gaiari heldu. Orain, berriz, argi eta ozen esan dezaket: Boloniakoa, aukera galdua ez ezik, disparate latza izan da, eta da, hemen aplikatu den bezala.

Bere bulego ilunean kukututako funtzionario hitsen batek besterik erabaki ez badu, hezkuntzaren helburu nagusia ikasle jendea mundurako prestatzea da. Alde horretatik, abagune bikaina zen Bolonia, behingoz ikasketak eta gainerako guztiak hartzaile eta bezeroen interesen arabera antolatzeko. Tamalez, aukera baliatu ordez unibertsitateko jauntxo-andretxoen interesen arabera antolatu da dena. Unibertsitatearen gaitz zaharrak (formalismoa, korporatibismoa, feudalismoa, endogamia...) gaiztoago bihurtu ditu Boloniak.

Gaitz zaharrak gaiztotzea gaitz erdi litzateke, ordea. Izan ere, horrez gain gaitz berriak asmatu eta hedatu dira plan berriaren aitzakian. Besteak beste, irakats jarduna hutsaren hurrengo bihurtu digute. EHUn gora egin nahi duenak hobe du eskolak txukun ematen segundo bakar bat ez galtzea, nano-gramorik ere ez gastatzea ikasleen beharretara egokitzen. Jakina, ikasleak liluratzea ez omen da irakasleen egitekoa... Ez: boloniar saltsa honetan, irakaslea eta irakaskuntza gaitz erdi bihurtu dira; ikaslea, berriz, gaitz eta erdi.

Erruki ditut ikasleen esker ona sekula dastatu ez duten irakasleak, baina aitortzen dut amorratu egiten naizela ustez ezkertiar, ustez abertzale eta ustez abertzale ezkertiar diren irakasle asko Boloniaren simaurrean aztarrika ikusita, urrezko ezkurra dutela amets.

Horra nire sentimendua deklaratu. Etorriko da, (ez) egon lasai, argudio eta arrazoibideen garaia. Eta zuei, Itziar, Josune, Janire, Lorea, Hegoi... animo, badakit-eta hala ere primeran moldatuko zaretela munduan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude