1859ko ekainaren 4an Magentako gudua (irudian) egin zuten frantziarrek eta italiarrek austriarren aurka, Lonbardia mendean hartu nahian. Bertan isuritako odola gogoan, italiarrak fuksina koloreari magenta esaten hasi ziren, eta izen berria berehala zabaldu zen. Baina Magentakoa ez zen izan garaiko gudu odoltsuenetakoa. Hogei egun geroago, Solferinokoa askoz latzagoa izan zen, Gurutze Gorria sortzea bultzatzeraino. Eta more ukitu handiagoa zuen beste gorri bati solferino esan zioten handik aurrera. Baina magenta kuatrikomian inprimatzeko oinarrizko koloreetako bat da, eta, hala, gudua apalagoa izan arren, solferino baino ospetsuago bihurtu da.