Lucie Félix: Bi begi?
Denon artean, 2013
Literaturaren kontzepzioa gero eta irekiagoa da gaur egun. Istorioak kontatzetik jolasetara, elementu ugariren konbinaketara, formatu eta generoen ugaltzera, eta abarrera pasa gara. Batzuetan liburua objektu moduan nahiko ongi definituta dagoelako onar dezakegu zer den, baina inork esan al dezake liburu bat jostailua ere badenik?
Bi begi?, Denon artean etxeak eskaintzen digun liburu hau, jostailua ere bada, edo jolasteko proposamen bat. Izenburutik bertatik egiten zaigu proposamena; aizu, irakurle maitea, esango al didazu hor ikusten duzun hori bi begi diren… edo zure usteak erdiak baino gehiago diren ustel?
“Zortzi irudi urdin marraztu ditut,” dio egileak ipuinaren hasieran eta horixe bera ageri zaigu orrian. Ondoren “paperezko orria zulatu…” eta horixe egin du orrian, zortzi zulo aurreko irudien antzera. Kontua da hurrengo orrian, zuloen azpitik irudien zatitxo batzuk ikustean, “Eta euria ari du” esaten zaigula; izan ere, euri tanten efektua lortu du egileak.
Ondorengo orrietan nenufar batzuk eta urmaela irudikatuko zaigu hainbat elementu, irudi eta zuloren bidez. Eta urmaelean “Hara! Begira dauzkat bi begi! Bi begi?” irakur eta ikus dezakegu. Oraingo honetan ere, egileak irakurlearen espektatibekin jolastuz, begi horiek igel arrautzak direla ikusiko dugu.
Hortik aurrera arrautza igel bilakatzeko prozesuaren lekuko izango gara.
Eta, halako batean, liburuan eten bat gertatzen da, eta hasierako prozesuaren antzekoa abiaraziz, beste errealitate bat ikusiko dugu, irudiak, zuloak, espektatibak… eta amaieran hontza ageri zaigu “Hontza dugu, bere begi argiekin, guri zelatan, gau ilunean…” eta hontzaren irudian nor ageri eta hasierako igela! “Kontuz igeltxo! Hontz zelatariak jan zaitzake erraz!”.
Ipuinak, edo jolas liburuak, ezin amaiera txarrik izan; eta “Uf, salbatu naiz! Gure igeltxoa gorde-gordeta dago, hontza da hegatu eta nire ipuina bukatu!”.
Komentario hau irakurri duen edonork ikus dezakeen bezala haur txikiekin jolasteko liburua dugu Denon artean argitaletxearen lan hau. Espero duguna, sorpresa, irudi eta zuloen bidezko sorkuntza berriak; horiek guztiak hari mehe batez loturik ageri zaizkigu, igela eta hontzaren aurkikuntzak lotzen duena.
Norbaitek esan dezake literatura aldetik ez dagoela figurarik, elementu literariorik, kontakizuna apalegia dela… eta arrazoia izan dezake; garbi dago liburu honen helburu nagusia ez dela idazkera edo narrazioa, kontakizun sinplearen bidez irakurlearekin jolastea baino; honen espektatibak, irudimena, jolasteko grina erabiliz une atsegina igarotzea baizik.