Mendukilo, Aralarren bihotzera sarbidea

  • Hainbat ikerlariren hitzetan lur azpia ikertzeke geratzen den azken kontinentea da. Gaurkoan Mendukilo leizea bisitatuko dugu, Aralarreko mendilerroaren magalean, Larraungo (Nafarroa) bailaran. Lur azpiko altxorrak nahi duen orori erakusteko asmoz, 2005ean zabaldu zuten mundu berezi horretan murgiltzeko sarbidea.

Laminosin gela.
Laminosin gela.

Herensugearen gotorlekurainoko sarbideak 350 metro ditu; bost gelatan dago banatuta, baina egun, fauna eta haitzuloaren kalitatea zaintzeko asmoz, horietako hiru daude zabalik. Ordubete eta erdiko bisitan eguzkiak argiztatutako Artzainzulo gela, eta eguzkitik urrun dauden Laminosin eta Herensugearen gotorlekua –hogei metroko altuera eta 60 metroko luzera– ezagutzeko parada izango du bisitariak. Bisitetan ikusten ez badira ere beste bi gela baditu, esan bezala, Mendukilok; bolumen handiko Gerlariaren gela, eta Intxixuen gotorlekua, beheranzko tutu estua. Horiez gain, Laminosin gelak badu bisitatzen ez den leku bat ere. Baina bisitariak ezagutuko dituen hiru gelek zur eta lur utziko dute, ziur.

Formazio geologiko askok, eta estalaktita eta estalagmitek, uraren bidea erakutsiko diote ikusleari. Batzuk hilda daude, jada urak bertan lanik egiten ez duelako, besteak aldiz bizi-bizirik. Guztiak gertutik ikusten dira, eta horien berezitasunak sortzen ditu lehen harridurak.

Herensugea bidelagun

Horrez gain, kobarekin zerikusia duten kondairak aipatuko dizkigute. Aralarren elezaharreko herensugearen istorioak, konparazio baterako, zer esan handia emango du bidean zehar. Haren ahoa dirudien formazioa baita protagonistetako bat.

Bisita guztia pasabide baten bitartez, argiztapen dinamikoaz lagunduta egiten da, eta eskaileretan gora eta behera arituta kobaren hainbat sekretu ezagutuko ditu bisitariak. Lur azpiak berez dituen zailtasunak erraztuta, nahi duen orok egin ahalko du koban barrena bidea. Bisitarien aurpegietan ikusten da lurraren azpiko sekretuek sortzen duten zirrara. Familiak dira nagusi, eta haurren begiek islatzen dute egokien koba hauen handitasuna. “Mendi barrualde hori zer den oso ongi sentitzen da; zer den iluntasuna, eta zer lasaitasuna. Horrez gain, milioika urtean urak bere lana nola egin duen ere ulertzen da bidean”, dio bisitari batek.

Lasaitasun horretatik ihesi, abentura bila dabiltzanak badute lekua Mendukilon. Soka lodiz lagunduta, kobaren bihotzetik haratago, hesteetara ere iritsi ahalko baitira, koban behera 70 metro eginaz. Lurrazaletik hain urrun dagoen altuera horretara jaitsita, kaskoetan dituzten argiak itzalita, isiltasuna bilatzen dute une batez abentura maite duten horiek; hala, kobazuloaren barrenak entzun eta bizitzeko aukera izaten baitute.

Informazioa

www.mendukilo.com edota 948 396 095 telefonoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Eguneraketa berriak daude