argia.eus
INPRIMATU
Javier Ciga: euskal baserritarrak artearen historian sartu zituen artista

Fermin Erbiti 2014ko maiatzaren 28a

Duela ehun urte, iruindar gazte batek munduko arte erakusketa ospetsuenean parte-hartzea lortu zuen: Parisko Grand Salonen, hain zuzen. Javier Ciga zen gazte hura, eta Elizondoko Merkatua saritutako obra, lehiaketan Paysans Basques izenaz aurkeztua.

Koadro hori, eta Parisko egonaldian eginiko beste hogeitik gora, ikusgai daude Iruñeko Kondestablearen jauregian, Ciga Fundazioak eta Udalak antolaturiko erakusketan. Inpresionismo kutsua darien Senako paisaiez gain, artistak sekula ahantzi ez zituen Euskal Herriko jende eta parajeak ikus ditzakegu... eta Eulalia emaztearen erretratu ederra, ondorengoa izanagatik alaba Gurutzek ekarrarazia: “Ama ekartzen ez badute, alaba ere ez doa inaugurazio ekitaldira”.

Ciga Nicolas Urdampilleta amerikanoari esker joana zen Parisera. 1909an ezagutu zuten elkar, iruinsemeak Sanferminetako kartel lehiaketa irabazi zuelarik. Entzierroaren irudi ederra ikustean, haren babesle bihurtzea erabaki zuen.

Munduko lehen gerra piztean, ordea, Cigak etxera bueltatu behar izan zuen. A ze aldaketa artista batendako!: utzi munduko artearen hiriburua harresiz inguraturiko Iruñera itzultzeko. Irakurtzekoak dira, eta barregarriak, garaiko kazetari batzuen esanak Cigaren etorrera iragarriz. El Pensamiento Navarrorena lekuko: “Egun batean bere herrira etorri zen, Euskal Herriaren ama den Nafarroara, eta orduan argi ikusi zuen askoz erakargarriagoa zitzaiola bohemia baino”.

Ez zen hura pintoreak markatu zuen gerra bakarra, Espainiakoak zauri larriagoa utzi baitzion. PNVko kidea, Ciga Iruñeko zinegotzia izana zen hogeiko hamarkadan, bitan. (Udaleko ordezkariek ahantzi egin zuten datua gaztelania hutsezko hitzalditxoetan). Kontua da 1937an atxilotu, torturatu eta ondasun guztiak kendu zizkiotela. Kartzelatik atera, eta adiskide zuen Jose Arruek bezala egin zezakeen: “Bi urtez kartzelan eta orain kalera, goian zerua eta behean lurra. Dena desagertu da, nire obra barne. Pikutara artea, kritikoak eta erakusketak”. Cigak, ordea, aitzina egin zuen, agian beste aukerarik ez zuelako. Geroztik, maisuen maisu eta erretratu-egile ospetsu bihurturik bizi izan zen, 1960an zendu zen arte. Iruñetik atera gabe, baina Parisko oroitzapenak gogoan, batez ere duela 100 urtekoa: biziki maite zituen Baztango baserritar xume haiek, artearen historian sartuko zirela jakin zuenekoa.