argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko udaltzainei jarriak

Julio Soto 2021eko ekainaren 30

Doinua: Gai horrek badu mamia

Kaskoa buru gainean,
porra eskutan fuerte
Jai Alaien egon ziren
duela hamar urte.
Ikurrinaren atzetik
gogotsu dihardute.
Gaitz erdi autoen martxa
erraztuko balute…
Ezkerretik ibilita
multa jartzen dizute.
Urdinez jantzita baina,
berdez nahiago dute.


Lehengoan Ignacio Polo
leporaino txanpaina:
“Bai, badakigu nor zaren…
Gure lana da baina”.
Zero kakotx zazpi zortzi (0.78)
hura alkohol usaina…
Handik hogei minutura
tutuluan mingaina
zero kakotx sei hirura (0.63)
jaitsi zen alajaina!
Kasualitatez delitu
ez izateko aina…


Gogoan daukat abuela
gaueko ilargiaz
hatzetan arrosario
bolatxoak, hariaz
ahopez “ Santa Maria…”
errezoan ariaz.
Fabore tratu, presio,
mehatxu emariaz…
Orain nonbait, jasandako
lan ingurumariaz
gogoratzen da udaltzain
asko Santamariaz…