Busturialdeko hizkera guztiak ikasgela berean

  • Ibilaldia ez dadila bakarrik Gernikarako izan, eskualde osorako izan dadila. Esan eta egin. Bagilaren 1erako Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolak antolatu du Bizkaiko ikastolen jaialdia, baina Busturialdea batuko dute Euskararen bihozferaren barruan: Urdaibaiko biosfera naturala eta Busturialdeko euskara, alegia. Bien ezaugarria delako dibertsitatea, naturgunearena eta eskualdeko 20 herrietako euskalkiena.

Seber Altube ikastolan 600 haur-gazte ari dira ikasten eta 150 Gernika-Lumotik kanpokoak dira. Ondorioz, 
Busturialdea eskualdeko euskararen aldaera ia denak entzun daitezke ikastolako jolastokian. 
Argazkian ikasleak Ibilaldiko jantziak elegante asko e
Seber Altube ikastolan 600 haur-gazte ari dira ikasten eta 150 Gernika-Lumotik kanpokoak dira. Ondorioz, Busturialdea eskualdeko euskararen aldaera ia denak entzun daitezke ikastolako jolastokian. Argazkian ikasleak Ibilaldiko jantziak elegante asko erakusten.Seber Altube

Mendebaldeko euskalkiaren barruan erdiguneko azpieuskalkia egiten da Busturialdean, baina herri batetik bestera aldaera asko batzen dira eta ia guztiak entzun daitezke Seber Altube ikastolan. Izan ere, Bermeokoak izan ezik, eskualde guztiko neska-mutikoak ari dira ikasten Gernika-Lumoko ikastolan. “Bakoitzak bere usaindun euskara dakar, baina askotan ez dira kontziente eurek dakarten zer horregaz”, diosku ikastolako euskara irakasle Jon Andoni Uriartek. “Galdetuta zuek zelan esaten duzue gaztelaniazko ‘ir’, Ibarrangeluko batek ‘joan’ esaten dizu, ohartu barik euren etxean ‘yun’ esaten dutela”, jarri digu adibide irakasleak. Euskalki jabeak izanik ere, euskara estandarrean aritzeak euskalkia alde batera uztea eragiten du eta hori neska-mutikoengan igarri dute. “Ikastolara datozenean teknikotu egiten dira. Euren euskara homogeneizatu egiten da, ez bakarrik eskolaren edo estandarraren eraginez, baizik eta euren artean gehien entzuten duten hori egitera jotzen dutelako” diote Uriartek eta ikastolako zuzendari Roberto Arteagabeitiak. Hori dela eta, Ibilaldiaren aitzakian, Busturialdeko euskararen aniztasuna ikasgeletan jorratzeko tresna abiatu dute. Paperezko formatuan batetik eta webgunean bestetik. Ikasleek, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek, 4-5 saiotan, euren euskalkia lantzeko aukera izango dute. Proiektuaren asmoa da hizkuntzaren aberastasuna era dibulgatiboan jasotzea eta ikasleak horren garrantziaz jabetzea. Horretarako hainbat ariketa praktiko osatu dituzte, EHUko EUDIA Euskararen Bariazioa Aztertzeko Ikerketa Taldearen laguntzarekin. Eurek hartu dute irakasleentzako materiala era sintetiko batean egituratzeko ardura. Eskualdeko euskararen ezaugarri nagusien gida moduko bat osatu dute, herri bakoitzaren aldaera nabarmenenak identifikatzen laguntzeko.

Izan ere, ikasleek euren zaharrei egingo dizkieten galderen bidez, hainbat ariketa egin beharko dituzte eta horretan lagunduko diete irakasleek. Garrantzitsutzat jo dute hasieratik irakasleentzako materiala osatzea, “irakasle denak ez baitira adituak horretan eta eurentzako laburpen teoriko bat, edo irakasleentzako gida, prestatzea garrantzitsutzat jo dugu, herriak elkarrengandik bereizten dituen ezaugarriak nabarmenduz”, azaldu digute. Hala ere, Seber Altuben ari diren 54 irakasleak “euskalki jabeak gara, batek ‘doa’, besteak ‘due’ eta hirugarrenak ‘doie’ esaten badu ere”, dio Arteagabeitiak.

Gernikatik Busturialdera

Seber Altube ikastolan ikasten duten 600 ikasleetatik 150 Gernikatik kanpokoak dira, eskualdeko gainerako herrietatik datozenak. Hori kontuan izanik, pentsatu dute Busturialdeko euskararen aniztasuna ikasgeletan jorratzeko material didaktikoa ezin dela Seber Altubera mugatu eta proiektua askoz ere handinahiago bihurtu dute: herriko gainerako ikastetxeetara eta eskualde osoko beste eskoletara zabaltzea, alegia. Kalkulatu dutenez, eskualde osoan, maila horietan, (LH 5-6 eta DBH 1-2), 1.400-1.500 ikasle inguru ari dira. Horregatik, eskualdeko udal guztiekin harremanetan jarri dira proiektua aurkezteko eta babesa eskatzeko. Ibilaldiko prestaketei erantsitako lan gehigarria-edo. Baina gustura daude Seber Altuben. “Harrera oso ona izan dugu udalerri guztietan eta espero dugu gainerako ikastetxeek ere erabiliko dutela materiala”, dio ikastolako zuzendariak.

Aniztasun horri esker, gainera, baikorrak dira proiektuaren sustatzaileak. “Ikasleek oso gertu daukate eskualdeko herri bateko baino gehiagoko senideren bat. Nekez dira guraso biak gernikarrak, beraz, informatzaileak topatzeko oso erraza izango da eta gela bakoitzak eskualdeko hainbat herritakoak bilatzeko arazorik ez da egongo”, diosku harro euskara irakasleak.

Kontuak kontu, maiatzaren 29an aurkeztuko dute proiektua Busturiko Madariaga dorrean: paperean 500 ale aterako dituzte eta egun horretan jarriko da abian webgunea ere. Ikasleek egiten dituzten elkarrizketak, bideoak eta eskualdeko euskalkiaren gaineko bilduma sarera igotzeko aukera izango dute, irakasleen laguntzarekin. Egun horretatik aurrera, eskualdeko ikastetxe guztiei eskainiko zaie proiektuan parte hartzeko aukera, hau da, egindako materiala erabiltzea, eta webgunera batuko diren lekuan lekuko euskalkiaren adibideak gehitzea. “Publiko, pribatu, kontzertatu izan berdin digu. Busturialdeko hizkuntzaren aniztasunaren alde lan egiteko aukera ahalik eta zabalena izan dadin gura dugu”, aitortu digute Seber Altubekoek.

13.000 euroko aurrekontua dauka proiektuak eta hortik aurrera diru gehiago batuz gero, luzatu egingo litzateke proiektua, paperezko formatuan zabalkunde handiagoa emanez eta hitzaldi edo saioak eginez, lekuan-lekuan.

Ariane Esnuza
"Sekulako nahasketa, dibertsitate eta aldakortasuna dago Gernikako euskaran"

Ariane Ensunza Aldamizetxebarriak (Gernika-Lumo, 1988) Gernikako euskararen ezaugarri fonetikoak aztertu zituen lehenengo eta Busturialdekoekin ari da gaur egun, tesia egiten. Bera ibili da, Leire Gandarias eta Lorea Unamunorekin batera, EUDIA ikerketa taldean, Busturialdeko euskararen dibertsitatea ikasgeletan jorratzeko tresnaren prestaketan, Seber Altube ikastolak eskatuta.

Zuk zeuk gernikarrez egiten duzu?

Bai, baina ama ereñarra daukat, beraz, gauzatxo batzuk igartzen ditut handik hartutakoak direla. Gernikan asko gara guraso biak gernikarrak ez ditugunak eta horrek ere eragin du herriko euskalkian. Sekulako nahasketa, dibertsitate eta aldakortasuna dago Gernikako euskaran.

Non daude Busturialdeko herrien arteko desberdintasunik handienak?

Hortxe ditugu Bermeo eta Elantxobe, biek ere kostako hizkera dute eta, esaterako, Gernikako edo Muxikako euskararekin konparatuz gero oso desberdinak dira; beti ere, bi mutur horiek aztertuz gero. Baina Gernika eta Ereño ikertuta, akaso, desberdintasuna ez da hain nabarmena, distantzia handia izan arren herri bien artean. Mendialdean, esaterako, gehiago kontserbatu dute euren euskalkia, baina gazteen artean, mugikortasuna handiagoa izanik, hasi dira ez egiten euren aitita-amonena.

Zure ikerketari dagokionez, bina informatzaile erabili dituzu.

55 urtetik gorako informatzaileak eta euskara batuan alfabetatu eta mundu ‘berrian’ bizi diren gazteak, hau da, herri batetik bestera mugitzen direnak. Gazteok herriko euskara mantendu duten edo norantz aldatu duten aztertzea zen helburua, beraz, gazteenen kasuan beste herrietako hizkerekin hartu-emanak izan dituzten informatzaileak aukeratu ditut.

Gazte horiek euren hizkera estimuan daukate?

Badira herri txikiago batzuk sen handiagoa dutenak, nortasun sendoagoa dutenak eta kontziente direnak horixe dela euren berba egiteko modua. Beste herri askok Gernikako euskararantz jo dute. Kontuan izan Gernikakoa dela euskara batutik hurbiltsuen dagoena. Esaterako, ‘-o’ amaiera orokortuago dute, hau da, batuan ere hitz asko horrela esaten direnez, amaiera hori orokortu dute eta ‘-ue’ amaiera baztertu dute. Adibidez: astue (astoa), lepue (lepoa), karamelue (karameloa), due (doa). Belaunaldien artean bertako euskara gehien mantendu dutenak Elantxobe eta Ereño direla esango nuke.

Periferian biak ere.

Bai, eta bertako gazteak asko mugitzen diren arren, haiek eutsi diote gehien eurenari. Foruko eta Kortezubiko hizkerak, esaterako, Gernikan egiten denetik gertuen daudenak dira.

Master amaierako lanean Gernikako euskararen aldakortasuna aztertu zenuen. Zer nolako aldaerak identifikatu zenituen?

Bustiduraren inguruko ikerketa egin nuen, euskara batuaren eraginez zelan galtzen ari den bustiduraren eragina. [‘Goixien’, ‘aretxa’, ‘gatxa’; ‘goizien’, ‘aretza’, ‘gatza’ beharrean edo ‘ixen’, ‘badakixu’; ‘izen’ eta ‘badakizu’ beharrean]. Esaten da Busturialdeakoa zubi-hizkera dela, sartaldeko eta sortaldeko euskararen artekoa. Gura nuen ikusi zer duen batetik eta zer bestetik.

Eta asmatu duzu?

Errekaren banaketaren isla baino gehiago, ipar eta hegoaren arteko desberdintasuna ematen da hemen. Busturialdean ardatz bi dago: errekarena eta ipar-hegoarena. Batzuetan banaketa horizontala da, hau da, iparraldea (kosta) eta hegoaldea (barrualdekoa) eta beste batzuetan da errekaren eskumatara eta ezkerretara; biosferaren erreserbaren argazkia, alegia.

Zein da aldaerarik nabarmenena, batzuen eta besteen artean?

Berba amaieretan, artikulua gehitueran, bustidura –itturrixe (iturria), eztixe (eztia), azerixe (azeria)–; eta aditz morfologian, erabiltzen diren markatzaileak. Azken batean, denean ematen dira aldaerak. Baina, bereizketa nagusia belaunaldiz belaunaldikoa da. Lehen Busturiak harreman handiagoa zuen Bermeorekin, eta orain berriz, Gernikarekin.

Busturialdeko euskara ezagutzen ez duenari zelakoa dela esango zenioke?

‘-ie’ amaiera egiten dugu asko, ‘etxie’, ‘farolie’... bai euskal berbetan zein maileguetan. Arratian ‘-ea’ egiten da eta Lea Artibain ‘-ia’. Aldaera hori ez da aldatu euskara batuaren eraginez, edo belaunaldien arteko aldaketen ondorioz. Hala ere, egia da herri batzuetan lehen ‘-i’ egiten zela eta galtzen dabiltzala, ‘etxi’ esan ordez ‘etxie’ esaten hasi dira.

Seber Altube ikastolaren proiektuaren helburuetako bat umeek etxetik dakarten euskara prestigiatzea da.

Bai, batua sartu da eskolan zuzen-zuzenean eta umeek euskalkia baztertzen dute. Kontua ez da euskalkia baino ez egitea, baizik eta bertako hizkerari prestigioa ematea, ezaugarri asko galdu baititu. Ikas dezatela testuinguru bakoitzean erabili behar den erregistroa aukeratzen.

Euskara batua aipatu duzu aldaketen arrazoi legez. Beste zerk eragin ditu aldaketak herritarren hizkeretan?

Indar garrantzitsuenak euskara batua eta alfabetizazioa izan dira. Gernikako euskararen kasuan, esaterako, kontsonante epentetikoa galtzen hasi da: meri(x)enda, bih(x)otza… Belaunaldi gazteenen eta helduaroan euskaldundu direnen artean antzeman dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude