Ukrainan argi geratu da Mendebaldeko hedabide gehienek duten lotsa eskasa manipulatzeko eta propaganda politikoa egiteko. Ez da gauza berria, lehen telebistek zituzten irudiekin lehiatzeko irudi alternatiboak izatea eta zabaltzea zaila zen. Orain, sakelako telefonoarekin edonork graba dezake eta jasotakoa interneten sareratu. Hala ere, oraindik populazio masak gertutik bizitzen ez dituen gaiak hedabide arrunten bitartez jarraitzen ditu, eta hor manipulazioak eta errusiar-fobiak emaitzak lortzen dituzte. Adibidez, Odesan nazionalista ukrainarrek dozenaka pertsona zibil erre eta hil zituzten tiroz sindikatuen etxean, baina hedabide gehienek berria manipulatu edota ardurak difuminatu zituzten Kieveko gobernu kolpista babesteko.
Mendebaldeak agenda mediatikoaren kontrola jarraitzen du izaten, baina larrialdi uneak pasatzen ari da. Herritarrek grabatu eta interneten zintzilikatu zituzten Mariupoleko gertakariak (armadak desarmaturiko zibilak tirokatuz) eta Donetsk eta Lughanskeko erreferendum egunekoak (botoa ematera zihoazenen aurka tirokatuz). Kieveko gobernu kolpistaren eta Mendebaldeko potentzien bertsioak ez zuen zerikusirik errealitatearekin. Baina, mendebaldar zaleen artean edo Mendebaldeak duen botere mediatikoaren presio eta bazterketa saihestu nahi dutenek aitzakiak bilatzen dituzte: kolpearen aurkako jarraitzaileen artean jende biolentoa eta ideologia arriskutsukoa topatu dute. Noski, gatazkaren bando bietan horrelako jendea aurkitzea erraza da, kasu honetan eta guztietan. II. Mundu Gerran horrela izan zen ere bai, baina aliatuen arteko elementu deitoragarriak ez ziren eta ez ditugu erabiltzen nazien jarduna eta helburuak aliatuenekin konparatzeko.
Ukraina konplexua da, baina egun bizi dugun egoera azaltzea ez da hain zaila. Kieven estatu kolpe biolento bat gertatu zen otsailean. Broma txarra dirudi kolpistek eta ordena konstituzionala hautsi dutenek demokraziaz eta legeaz hitz egitea jendeak eskura duen arma garrantzitsu bat gaitzesteko: botoa. Ekialdeko Ukraina erabakitze eskubidea egikaritzea eta hautestontzietara gerturatzea terrorismoaren pare jarri nahi dute. Baldintzak noski ez dira egokienak erreferenduma egiteko, kontua da Kievek ez duela nahi inolaz ere erreferenduma adostu, ez urtebete barru, ez inoiz.
Ukrainarrek lurralde batasuna mantendu nahi badute boterea partekatzen ikasi behar dute, hori modu desberdinetara egin daiteke: gobernu zentralean desberdinen arteko gobernuak osatuz edota herrialdea deszentralizatuz eta federalizatuz. Egun Ukrainan ez daude hauteskundeak eskualdeetan eta hauen gobernadoreak, presidenteak eta gobernuak hautatzen dituzte zuzenean. Honen aurrean, hego eta ekialdeko biztanle gehienek Ukraina izaten jarraitu nahi zuten harreman federalekin, baina, Kievek ikuskera horretara gerturatzeko asmorik ez duenez, geroz eta gehiago dira pentsatzen dutenak ez dagoela Ukrainan jarraitzerik. Ez da inkonpatibilitate esentzial (etniko-nazional) batengatik, proiektu politiko desberdinak dituztelako baizik. Zure lurraldean dauden lehentasun politikoak ez badira islatzen Estatuko proiektuan, normalena da Estatu berri bat eraikitzea lurralde horretako borondate demokratiko-politikora egokitzeko. Ukraina ekialdean asmo horrekin burutu dute erreferenduma: botoak armen kontra. Nahiz eta kontsulta egunean Kieveko eskuin muturreko miliziek balak banatzen jarraitu zuten. Tristea da botoa ematera gerturatu eta bere herritarra zarela dioen gobernuaren aginduetara dauden gizon armatu batzuek zu hiltzea. Horrelako gobernu batekin nork ez luke nahi independizatu?