Euripidesen benetako tragediak

Euripidesen bustoa, K.a. 330. urte inguruko artelan greziar batean oinarritutako kopia erromatarra.
Euripidesen bustoa, K.a. 330. urte inguruko artelan greziar batean oinarritutako kopia erromatarra.

Euripoko itsasartea (Grezia), K.a. 480. urtea. Bigarren Gerra Mediko betean, Greziako hiri-estatuak pertsiar inperioaren armadaren aurka borrokatu ziren Salaminako itsas guduan. Grezia inbaditzeko pertsiarrek egin zuten bigarren ahalegina alferrikakoa izan zen, eta gudua greziarrek irabazi zuten.

Garaipenaren egun berean, Salaminan bertan, Klitonis eta Mnesarko tabernarien semea jaio zen. Garaipena eta jaiotza bat etortzea seinale ontzat hartu zuten; haurrari zorte ona ekarriko omen zion. Hala, gudua Euripoko itsasartetik gertu amaitu zenez, jaioberriari Euripides izena jarri zioten.

Iragarpen baikor horiek haurtzaroan hasi ziren hausten. Euripidesek berak idatzi zuenez, gurasoak ez ziren batere ondo konpontzen eta elkarren arteko etengabeko liskarrek tartean harrapatzen zuten haurra.
Ikasle ona izan arren, lanak izan zituen karrera bideratzeko. Atleta izateko ahalegina egin zuen lehenik. Gero, Atenasko Polignotoren margolanek erakarrita, margolaria izateko grina piztu zitzaion. Erretorikako maisu eta filosofo izateko ere trebatzen hasi zen. Baina horietan guztietan porrot egin zuen.

Azkenean, tragedian nabarmendu zen. Antzinako Greziako hiru tragediagile nagusietako bat izan zen, Eskilorekin eta Sofoklesekin batera. 95 tragedia inguru idatzi zituela uste da, hamazortzi edo hemeretzi baino gorde ez diren arren. Euripidesek tragediara ekarritako berrikuntzek eragin handia izango zuten antzerkigintzan. Esaterako, ez zen ohikoa emakumezko pertsonaia hark bezalako errespetuz eta indarrez jorratzea; Medea lana horren adibide garbia da. Baina bere garaian Euripidesek ez zuen nahi adina arrakastarik lortu.
Adituek bikaintzat jotzen zituzten idazlearen obrak. Sokrates lagun mina zuen, eta filosofo handia Euripidesek idatzitako lanak ikustera besterik ez omen zen joaten antzokira. Baina, oro har, publikoak aspergarritzat jotzen zituen haren tragediak. Sofoklesek hogei bat tragedia lehiaketa irabazi zituen; Eskilok, hamahiru; Euripidesek lau besterik ez. Arrakasta partzial horrek etengabeko ezinegona eragiten zion Salaminako idazleari.

Hori gutxi balitz halitosi larria omen zuen Euripidesek, eta jendea ez omen zitzaion hurbiltzen. Hala ere, bitan ezkontzea lortu zuen.
K.a. 408. urtean mahiko garbi zegoen atenastarrek Peloponesoko gerra galduko zutela eta, hiriko giro nahasitik ihesi, Euripides Mazedoniara joan zen, Arkelao I.a erregeak gortean bizitzeko gonbita egin zionean. Baina egoera hura gutxi luzatu zen. K.a. 406. urtean hil zen Euripides, kondairak dioenez, txakur saldo batek janda. Haren tragediak ez ziren hor amaitu. Idazlea hil eta hainbat urtera, haren hilobiaren alboan ur pozoitsuzko iturburu bat azaleratu omen zen. Hala, bizi artean hats-kiratsak bezala, hil ondoren iturburuak urrundu zituen bisitariak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
?-tziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude