Espainia 1, Argentina 0

JUSTIZIA UNIBERTSALA kontzeptu zoragarria da teorian, munduan inork nahi duena egin ez dezan, eta jakin dezan mundu mailan delitutzat hartzen dena eginez gero, munduan zehar jazarria izango dela eta, hala badagokio, zigortua. Baina, munduan zer da delitu eta zer ez? Hor dago koska ugarietako bat. Gauza asko jadanik zehaztuak daude NBEn eta nazioarte mailako justizia itunetan: auzi judizialik gabeko hilketa masiboak, tortura, desagerketak… eta beste hainbat dira kontzeptu honen pean han hemenka epaitu izan direnak. Egunotan María Servini epaile argentinarra dago Espainian eta Euskal Herrian, frankismoan zehar egindako delituak ikertzen. Argentinatik hona etorria ikertzera? Bitxia bada, zalantza barik, bai herritarra ez dagoelako batere ohitua justizia unibertsalaren ingurukoak entzutera –estatuek, oro har, ez diote batere apologiarik egiten– eta baita ere pentsarazten duelako ea zergatik etorri behar duen Argentinatik eta zergatik ez duten Espainiakoek ikertzen.

Espainiako Justizia, egia esan, azken 20 urteetan ez da atzera geratu justizia unibertsala indarrean jartzeari dagokionez. Hego Amerikako hainbat diktaduretan izandako delituak ikertu ditu eta zigorrak ezarri ere bai. Argentinako desagerpen eta tortura kasuak tartean, 2007an Adolfo Scilingo militar argentinarrari 1.089 urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak Argentinan 1976 eta 1977an ia 300 pertsonen atxiloketa, tortura, heriotza edota desagertzean parte hartu izanagatik. Scilingo Mexikon atxilotua izan zen, Espainiara estraditatua, epaitua eta zigortua. Gaur egun, Espainiako kartzeletan ari da betetzen bere zigorra.

Dena justizia unibertsalaren izenean eta, besteak beste, Baltasar Garzón epaile izarraren bultzadarekin. Dena da ETA doktrinaren akuilu handienetakoa izan da Garzón, Egin egunkariaren itxiera bideratu zuena adibidez, edo bere aurretik torturak txikitutako dozenaka euskal herritar pasatzen ikusi zituena, horren aurka atzamar bakarra mugitu barik. Scilingoren zigorraren aldeko haizea baliaturik, 2008an frankismoan gertatutako delituen ikerketari ekin zion. Eta hortxe egin zuen topo Espainiako justiziaren paretarekin: Auzitegi Nazionaleko fiskaltza –PSOEko Zapateroren gobernupean– ikerketen aurka agertu zen, prebarikazio salaketa egin zitzaion Garzóni eta epaitua izan zen. Absolbitua izan zen orduan, baina epaiak balio izan zuen frankismoaren aurkako ikerketaren bidea ixteko. Geroago PPren Gobernuak ateak itxi dizkio, oraintsu justizia unibertsala dela eta egindako erreforma medio. Ondorioa bitxia zen: Espainiak ikertu eta zigortu dezake norbait Argentinako diktaduran egindako delituengatik (Scilingo, adibidez), baina frankismoko krimenak ezin dira ikertu. Kontraesana eskandaluzkoa da; justizia unibertsalak bidean topatzen dituen oztopo ugarietako bat. Espainiako epaileek ere badakite oztopo mota hortaz. Santiago Pedraz epailea José Couso kameralariaren hilketa ikertzen ari da. Tanke estatubatuar batek egin zion tiro Iraken. Pareta gaindiezina da –AEBek esan diote jada jai duela–, baina Pedrazek jarraitzen du ikerketarekin.

María Servini epaileak ere bai, jarraitzen du justizia unibertsalean sinesten eta, Argentinan frankismoaren aurkako salaketak aintzat hartu ondoren, ikerketarekin ere bai. Eskatu zuen Antonio González Pacheco Billy El Niño-ren estradizioa Argentinara. Espainiak ukatu. Eta Espainiak ikertzen ez duenez, bera dator Espainiara. Espainiak Scilingo epaitu bazuen, berak zergatik ez Billy el Niño? Logikoa eta justiziazkoa. Kasu honetan Espainiako Justiziak jarri dio pareta, Auzitegi Nazionalak: delitua preskribitua dago.

JUSTIZIAREKIN komeni dena egiten dela ez da berria, izan unibertsala ala ez. Espainiak badaki zerbait hortaz. Epaile batek 2002ko kasu batez El País-en (2014-5-19) kontatu duena lekuko. Espainiako segurtasun indarrek 2002ko apirilean ustez atentaturen bat egitera zihoazten bi espioi frantsez atxilotu zituzten Marbellan, arma eta guzti. Frantziako Gobernuaren eskariz, Jose María Aznarren gobernuak –fiskaltza bidez– auzia bertan behera uzteko agindua eman zuen eta bi espioiak libre ziren 2002ko urrirako. Eta Frantziak, justiziaren izenean, jarraitu zuen etakideak espainiaratzen.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2014ko maiatzaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude