Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: John Axelrod.
Bakarlaria: Alexandre Da Costa (biolina).
Egitaraua: Txaikovski eta Schumann-en obrak.
Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia.
Data: Apirilaren 30a.
Saio erromantikoa proposatu digu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak edizio honetako 10. abonu kontzerturako. Txaikovskik eta Schumann-ek, hain desberdinak sentimenduak azaleratzeko erabiltzen dituzten bideak aukeratzerakoan, ordubeteko saio disfrutagarria eman ziguten. Hori biribiltzeko, izartxoa den Alexandre Da Costa biolin jotzaile kanadarra (azkenaldi honetan hemen sarritan entzuten duguna) eta John Axelrod zuzendari bitxia izan genituen taula gainean. Dibertigarria.
Zein ederra den Txaikovskiren Biolin eta Orkestrarako re maiorreko kontzertua, op. 35. Lehenengo mugimendu maiestatetsua, dotorea, publikoaren begikoetako bat da, eta ez da harritzekoa. Konpositorearen irudimen melodiatsua modu apartaz agertzen da lan honetan. Melodiak kateatu egiten dira bata bestearekin, doinu-orgia bat eginez. Nahiz eta forma aldetik bitxikeriak eduki, erraz eta gustuz entzuten da. Aldi honetan, gainera, bertsio aipagarria izan genuen, ez dakit nahita edo nahi gabe, baina kontraste harrigarria sumatu genuen bakarlariaren eta zuzendariaren ikuspegien artean. Axelrodek partituraren “ertzak” azpimarratu zituen, irakurketa nolabait gogorra eta erritmikoa eginez. Da Costak, aldiz, melodia gozo eta bigunak marraztu zituen. Agian “hozkada” gehiago espero edo nahi genuen, baina, tira, kontraste interesgarria suertatu zen, ezohikoa. Hori bai, Da Costa birtuoso akatsgabea da, estilo guztiak menderatzen dituena. Halaxe frogatu zuen bisetan, non mundu klasikotik rockaren estetikara pasa zen arazorik gabe.
Erromantizismoaren beste aurpegi bat dastatu genuen saioaren bigarren zatian. Schumann-en mundu estetikoak ez dauka zerikusirik beste erromantikoekin. Haren musika eta literatura beti oso lotuta ibili dira. Pianorako obrek, adibidez, askotan, erreferentzia literarioak dituzte, konplexutasun intelektual berezia emanez musikari. Haren 4. Sinfonia, re minorrekoa, op. 120, ez da garai hartako sinfonia estandar bat. Hasteko, lau mugimendu ditu, gainera elkarloturikoak, eta itxura programatikoa du, imajinatiboa. John Axelrod zuzendari estatubatuarrak obraren irakurketa dinamikoa egin zuen, bere estilo pizgarri eta biziarekin.