Muga berdeen magalean

  • Zazpi herrik ukitzen dituzte haren lurrak, baina bere udalerriak ez. Tolosako auzoa izan arren, ez baitu harekin inongo harreman geografikorik. Horregatik, kolorez aldatzen diren mugetara lotu da Bedaio, marroi udazkenean, berde udaberrian. Mendien itzalpean edota Artubiko gainean, ozen diote auzo izena eduki arren herri izaera dutela.

Ikuspegia Arritzagako bidegurutzetik.
Ikuspegia Arritzagako bidegurutzetik.

Alegiatik Amezketa alderantz doan errepidean ezkerretara jota hartuko dugu Bedaiora eramango gaituen bidea. Ugarten barna gorantz segituko dugu, parez pare Balerdi mendia zelatan dugula. Bidegurutzetik zazpi kilometrora dago gure ibilbidearen hasierako puntua, baina aurretik bidean geldialdi pare bat egitea komeni zaigu, mendetan zehar iraun duten altxorrak baititugu esperoan.

Errepidearen ezkerreko aldean, gure arreta erakarriko du antzinako baserri batek. Egurrezko habez eta oholez osatutako aurrealdeak agerian uzten du Zugasti Barrena eraikin historikoa dela. Arkitektura tradizionaleko baserria da, eta diotenez, Bedaioko lehenengo eraikinetako bat.

Gurbil Haundi

Errepidera itzuli eta aurrera egingo dugu bidean. Arretaz gidatzea komeni da Gurbil Haundi baserriko seinalea ikusi arte. Ezkerretara egin eta bidexkatik iritsiko gara Gipuzkoako baserririk handienetakoen artean katalogatua izan denera. Haren ezaugarririk bereziena ikusi nahi badugu bidean pixka bat gorantz egin beharko genuke. Goiko ikuspegi horretatik argi agertuko zaizkigu baserriaren lauki forma eta erdiko patioa. Historian hainbat erabilera izan ditu eraikinak, baina batez ere garai batean kartzela izan zelako da ezaguna. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko pasabidean dagoenez, karlisten gerra garaian kuartel bezala ere funtzionatu omen zuen.

Baserri bidean atzera egin eta errepidera itzuliko gara. Minutu gutxiren buruan iritsiko gara Bedaio Goikora. Aralarko Parke Naturaleko sarrerako kartelak egin digu ongi etorria. Mendiko oinetakoak jartzeko garaia heldu da orain, Artubira (1.254 m) igotzea baita mendizaleei egingo diegun proposamena. Agerikoa da bedaiotarrek maite dutela Aralarko tontor hori, Tolosako punturik garaiena. Bedaiori azken hogei urteetan bizia eman dion kultur elkarteak ere horixe du izena. Auzolanaren bidez, herri izaera hori indartu dute eta horren adibide dira antolatzen dituzten ekitaldiak: Mendi eta BTT proba, Zaldi Raid-a eta ingurutxoa, besteak beste.

Artubirantz

Lokarriak lotu ondotik, txanpon batzuk poltsikoan hartzea hoberena. Kukuaren kantua bidelagun izaten da txoko hauetan. Eliza ezkerretara, ondoan Abaetxe jatetxea eta frontoia ditugu. Frontoiaren parean, ezkerreko aldean seinale batek erakusten digu Artubirako bidea. Lerro zuri-horiak (GI-112) izango ditugu gidari. 25 minutu ondoren bidea bitan banatzen da. Ezkerrekoa da guk hartu beharrekoa, metalezko langa duena.

Segidan, pagadi eder batera iritsiko gara eta pixkanaka altuera hartuko dugu. Bidegurutze batera eramango gaitu bideak eta bertako seinalean Plazegiko iturria eta Bedaio irakur ditzakegu. Langa pasa eta iturri ederrean ase dezakegu egarria. Dena den, okerreko biderik ez hartzeko hoberena atzera egin eta seinalea dagoen tokira itzultzea da. Bertan seinalea parez pare dugularik eskuinerantz jo behar dugu.

Txindokiren deia

Hemendik aurrera gidariz aldatu eta marra zuri-gorriek seinalatuko digute bidea. Ttirriki-ttarraka 40 minutuz aurrerantz egingo dugu. Ibilbidearen zatirik xamurrenetakoa dugu hau, bideak lautadak zeharkatu eta zenbaitetan beherantz ere egiten du Larrondora iritsi aurretik. Indarrak berreskuratzeko leku aproposa da Kalekuko iturria. Lerro zuri-gorriak berriz topatu eta eskuinerantz joko dugu bidegurutze batera iritsi arte. Txindoki dugu aurrez aurre, kukuka eginaz. Hainbat ibilbide lotzen dira puntu honetan, eta guk Arritzagarako bidea hartuko dugu.

Igoera gogor xamar baten ondotik, Arangoen bordara iritsiko gara. Aurrera segitu eta arantzadun hesia ikusiko dugu. Bide nagusiak Arritzagara garamatza baina guk mendebalderantz jo eta hesiaren albotik jarraitu behar dugu. Lurzorua bera ere aldatuz doala sumatuko dugu, Balerdi inguruan ohikoa den harkaitza ugaritzen baita. Helmuga hurbil dagoen seinale. 40 minuturen ondoren, Artubiko gutunontzira iritsiko gara. Abaetxe jatetxean ongi irabazia dugu otordua. Etorritako bide beretik goaz bueltan txoko lasai bezain bizira, muga berdeetan barna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2024-03-21 | Estitxu Eizagirre
Leire Udabe, Lakari proiektuko kidea
"Elikadura osasungarriaren izenean zer kontsumo mota egiten ari garen aztertu beharko genuke"

Zer da dieta osasuntsu bat? Galdera hori egin dio Egonarria saioko aurkezle Eli Pagolak Leire Udaberi. Udabe Lakari proiektuko kidea da: bertako elikagaiak eta elikagai ekologikoak saltzen dituzte Zarauzko dendan, eta asteko otorduak antolatzeko Jaki tresna garatu dute.


25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


2024-03-20 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Euskara harrotasunez transmititu dutenen lekukoa

Korrika egunez egun erakusten ari da pasatzen den txoko guztietan nola pizten duen harrotasun sentimendua, euskaldun izatearen harrotasunarena. Emozio horixe da, batik bat, euskara transmititzen jardun duten adineko pertsona horiena.


Eguneraketa berriak daude