Maiatzaren 4an, Kanadako Ontario probintziaren hegoaldean, hainbat automobiletako kamerek mugitzen ari zen gorputz gori bat grabatu zuten; ondoren, eztanda handi bat entzun zen. American Meteor Society elkartearen arabera, meteorito baten lurreratzeak eragin zuen eztanda hori. Atmosferarekin talka egitean sortu zuen argitasuna eguzkiak sortzen duen adinakoa izan zen une batzuetan.
Horrelakoak askotan gertatzen dira, baina meteoritoak pertsonak bizi garen lekuetan erortzen direnean baino ez gara konturatzen; adibidez, iragan apirilaren 19an, Errusiako Murmansk hirian. Frantziako espazio-agentziak (CNES) dioenez, egunero 100 eta 1.000 tona bitarte material ailegatzen zaigu espaziotik. Gehiena hauts eran, zorionez.