"Trujilloren garaia beldurgarria izan zen Dominikar Errepublikan"

  • Behin halako, Gasteizko Olabide Ikastolaren historia berrosatzeko lanetan, garai batean bertako zuzendari izan zen Isabel Iturbe ezagutu genuen. Eta, haren ahotik, uste ez genuen lekukotasuna jaso genuen: Trujilloren Dominikar Errepublikako garai beldurgarria.

Isabel Iturbe Salegi Bristol  (Azkoitia, 1931), Espainiako II. Errepublika garaian jaioa, Errege egunez! Moja mesedetakoa izan zen.
Isabel Iturbe Salegi Bristol (Azkoitia, 1931), Espainiako II. Errepublika garaian jaioa, Errege egunez! Moja mesedetakoa izan zen.Zaldi Ero

Zure jaiotza egunak ere badu komeria…

Errege egunean jaio nintzen, Errepublika urtean. Kontraesana, ala? 1931n. Kalean bizi ginen, plazan. Etxetzar handi bat zen, baina botata dago. Bost anai-arreba izan ginen, bi mutilak ziren zaharrenak. Ondoren, hiru neska. Laugarrena, ni. Jaio nintzenerako, amama hilda zegoen. Aitaita ere gazterik hil zen, gure aitak, senideetan zaharrenak, 11 urte zituela. Amaren aldeko aitaita-amamak, berriz, Lasturtik etorritakoak ziren. Lasturkoa genuen guk ama. Aita harakina zen, aitaita izan zen bezala. Udaletxe ondoan zuen harategia. Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian zituen harategiak. Hil ere, halaxe hil zen, Zestoako harategitik autobusean zetorrela, jaisterakoan erori, guardasola izterrean sartu eta hortixe hil zen. Aitaitaren lanaren jabe egin behar izan zuen gure aitak, gazterik.

Laster zinen eskolan zu.

Nik uste txiki-txikia nintzela hasiko nintzela eskolan. 3 urte nituela, hor nonbait. Hemen Karitateko mojak ziren, eta hara joaten ginen gu. Orduko eskola zen; dena gaztelaniaz. Entziklopedia bat genuen, eta handixe ikasten genuen. Oso-oso bihurria izan nintzen eskolan… Neuk esatea gaizki egongo da igual, baina oso nota onak ateratzen nituen. Horrek, hala ere, kastigu asko ekarri zizkidan. Neu ez naiz kastiguaren zalea izan, baina kastigua jaso nik, askotan.

Zer zen zuen giroa Azkoitian?

Garai hartan Azkoitian, etxean dena zen euskaraz. Oraingo moduan. Eta kalean ere, berdin, dena euskaraz. Horretan ez da batere aldatu Azkoitia. Eskolan, orduan, batere euskararik ez zen. Hala ere, erraz jarri ginen. Gure etxean asko irakurtzen zen. Gure aita zenak asko irakurtzen zuen. Beti egoten zen gurean egunkaria. Etxe aurrean, berriz, maisu-maistrak bizi ziren, familiarik ez zeukatenak. Gure amak tratu handia zuen haiekin, oso etxekoak genituen eta, esaterako, euskara eta gaztelania batera ikasi nituela esango nuke. 15 urte arte egon nintzen Azkoitian, eskolan. Gero, urtebete Bartzelonan egin nuen, Divina Pastora kolegioan, manuerdiko. Gure etxe aurreko maisu-maistra haiek zuzendu gintuzten hara. Lehenengo, nire ahizpa zaharragoa, eta ondoren ni.

Bartzelonara joan zinen 15 urte beterik. Zer ikusi zenuen han?

Ikusi? Bartzelona osoa, kar, kar, kar. Hemen egon zen maisu hura serio-serioa zen, barrerik ez zuela egiten ematen zuen, baina harekin irtenez gero Bartzelona osoa ikusten zenuen! Haren emaztearekin irtenez gero, zinemara edo antzokira joango zinen. Asko ikasi nuen hango kolegioan. Gero, bueltan, Zumarragara joan nintzen, 18 urte nituela, moja mesedetakoa. Bokazioa etorri zitzaidan, eta joan. Ez duzu ulertzen. Misterio pixka bat bada. Dena elkartzen zaizu. Ez dakit nola den ere. Etxean inork ez ninduen animatu, eta desanimatu ere ez. Ez nuen oztoporik izan, neuk nahi nuen joan. Egia esan, misioetara nahi nuen nik. Horixe zen nire poza, misioetara joatea. Apaiz batek bideratu ninduen Zumarragara, baina misioetara joatea zen beti nire gogoa.

Misioetara baino lehen bazen egin beharreko biderik…

Jakina. Urte eta erdi egin nuen Zumarragan. Lehenengo, nobizio, eta gero botoak egin genituen. Handik Zaragozara, 20 urte nituela. Umezurztegia zuten han, Agustina Aragoikoa. Gerran zurtz geratutako neskak zituzten han. Urte eta erdi egin nuen eta, hala ere, beti estudiatzen. Itxura, gazterik hartu ninduten, eta estudiatzen beti! Handik, Bartzelonako Modelo kartzelara bidali ninduten. 22 urte nituela! 1953. urtea zen. Kartzelan bertan genuen moja-etxea. Bi mila preso zeuzkaten, denak gizonezkoak. Han ere estudiatzen ni, Batxilergoa eta beste. Eguartean izaten nintzen kartzelan, heriotzara kondenatutakoekin. Haiek ez ziren besteekin batera patiora irteten. Gainerakoak ziegara sartu, eta irteten ziren haiek. Jatordua ematen nien. Gazte-gazte ni, eta hantxe! Heriotzara kondenatuak hainbat ziren han. Preso politikoak, nire sasoian, bat, Zaragozakoa. Ni han nengoela bi hil zituzten. Garrotea, nonbait. Borreroa etorri zela esaten zuten, misterioan. Hark ere han zuen etxea. Ni gazte, eta ez nintzen nola hiltzen zituzten ikustera joaten.

Latza…

Esperientzia bat. Euskararekin ere izan genuen zerbait. Arrasateko bat bazen gurekin batera Bartzelonan. Arrasateko Txikito zuen anaia, pilotaria. Gizon handikote bat. Hura ikustera joaten ginenean, haiek dena katalanez, eta guk berriz, euskaraz, eta haserretu egin zitzaizkigun. Guk dena ulertzen genien, eta haiek guri aldiz, ezer ez. Eta haserretu. Esperientzia ona izan zen Bartzelonakoa. Bizimodua zer den ikusi nuen bi urte haietan. Handik Ameriketara, 21 urterekin. Han konplitu nituen 22.

Bizimodua zer den ikusi zenuen, esan duzunez. Bizian ikusiko zenuen guztia, beharbada.

Ikusiko nuen guztia ez, Latinoamerikan ere gauza asko ikusten dira-eta. Nire mundutik kanpo nengoen Bartzelonako kartzelan. Azkoititik irten nintzen, gazte-gaztea… eta kartzelako haiek ere ez zeuden han igandero-igandero mezatara joateagatik! Preso eta kondenatuekin ginen, entzuten genuen zer esaten zuten, zer egiten zuten… Alfer eta gaizkile edo homosexual izateagatik…

Bartzelonatik Ameriketara…

Harako destinoa eman zidaten. Bazekiten nik misioetarako gogoa neukala. Joera hori nuela. Santo Domingora joan nintzen, Dominikar Errepublikara, Trujilloren denboran. Hori beste mundu bat da. Barku zahar-zahar batean joan ginen, Bartzelonatik irtenda. Beldurgarria zen hura. Hamahiru egun barku zahar-zahar hartan. Lehenengo eskala, Tenerifen; bigarrena, Puerto Ricon; hirugarrena, Santo Domingon.

Nolakoa zen Trujilloren Dominikar Errepublika?

Ene, ene! Lehenengo egunetan, hango mojek hartu gintuzten eta komentuak ikustera eraman gintuzten. Batera eta bestera bidean eta “¡Dios y Trujillo!”, “¡Dios salve a Trujillo!”, “Esta casa es de Trujillo” ikusten genuen txartel handietan. Den-den-dena horrelaxe. Hura zen beldurgarri-beldurgarri-beldurgarria. Esaten dena gutxi da. Komentuan ere ez zegoen askatasunik Trujilloren gainean hitzik egiteko, ez zenekien grabatzen ari ote ziren! Dena zuen berea. Kolegio handi bat bagenuen han, barnetegia. Neska asko sartzen zituzten barnetegietan, gurean nahiz beste batzuetan. Trujillori neska bat gustatzen bazitzaion, eta deskuiduan neska hark kasurik egiten ez bazion, edo nahi ez bazion, kito neska haren familia. Pikutara! Ez dakit La fiesta del chivo irakurria duzun…

Mario Vargas Llosarena. Bai.

Oso eskasa iruditu zitzaidan. Eskas-eskasa. Gauza asko zegoen esateko, baina ez zuen esan. Oso eskasa liburua. Trujillo beldurgarria izan zen. Esaten dena, gutxi. Eta semea, berdin. Behin, semeak banketea eman eta esan zuen: “Orain postrea emango dizuet”, eta jendearekin sotora jaitsi eta, han, ileetatik esekitako pertsonak, azkazalak kendutakoak… Horixe erakutsi zien! Beldurgarria! Jaun eta jabe zen. Trujilloren iloba bat komentura etorri ohi zen, eta harekin, Trujilloren palazioa ikusi nuen. Nobela askotan “urrezko grifoak” eta gainerakoak aipatzen dituzte. Bada, halakoxe etxeak zeuzkan. Hondartza pribatuak, nahi adina. Haren ilobarekin ikusi nituen horiek denak. Esaten dudana gutxi da. Noiznahi, “¡Una salve por la preciosísima salud de Trujillo!”, “¡Te deum por Trujillo!”… Eliza ere horrelaxe. “Padre de la patria”, “Benefactor de la patria”… Izan zitezkeen titulu denak zeuzkan Trujillok. Txapas esaten zioten, paparra txapaz beteta zeraman-eta. Baina buruan sartu zitzaion “Protector de la Iglesia”, “Benefactor de la Iglesia” eta beste titulu batzuk eman behar zizkiola Elizak. Garai horretan, aldatu egin zuten nuntzioa. Monsinore Faninik hartu zuen kargua. Haren idazkariak (Mario Tadria Ferri, gero Espainian nuntzio egon zena) igandeetan nuntzio berriak idatzitako sermoia irakurtzen zuen. Nuntzio berria gauzak esaten hasi zen, Trujilloren diskurtsoari buelta ematen hasi zen, eta denok elkarri begira: “Hau zer esaten ari da, ordea?”. Orduantxe hasi zen Trujillo Elizaren kontra, eta orduantxe asmatu zuten Trujillo akabatzea ere…

Elizaren kontra eraso zionean…

Bai, bada! Komentuan bagenuen moja bat, Estrella. Honen anaiak Trujilloren bizkartzain egiten zuen. Hark eta beste hiru lagunek Trujillo akabatzea pentsatu zuten. Trujilloren kontrako atentatu saio asko izaten ziren, baina ez zuten arrakastarik. Gure moja horren anaiak-eta, ordea, oso ondo organizatu ziren. Militarrekin bat eginda zeuden. Bazuten Trujilloren ibileren berri. Oso emakumezalea zen Trujillo, eta bazekiten gauez nola irteten zen eta joaten zen halako eta halako etxeetara… Baten bat bazuten barruan haiek. Esanda zeukaten, Trujillo hilko zutela eta militarren aurrera eramango zutela gorpua. Gainera, Trujilloren semea ere ez zegoen Dominikan orduan. Parisera etorrita zegoen hura. Horrela, Trujillo irten da gau hartan, besteek abisua jaso zuten, eta malekoira irten zenean, akabatu egin zuten. Txoferra ere hil zuten beraien ustetan, baina bizirik irten zen, eta arrastaka-arrastaka, hurren zeukan ospitalera joan zen. Alarma jo zuen. Beste hauek, Trujilloren gorpua sartu maletategian, militarren aurrera eraman, eta hauek atzera egin! Egon omen ziren gau osoan gorpu harekin zer egin ez zekitela. Akabatu zutenek beraiek hartu behar izan zuten, eta ezkutatu. Bitartean, semeari jakinarazi zioten, eta hartu abioia eta zuzenean etorri zen Santo Domingora. Trujillo akabatu zuten, baina ezer ez zuten lortu! Lau haiek ezkutatu egin ziren. Ni ordurako Puerto Ricon nengoen. Eta haien arreba Estrella hura ere bai. Pentsa ezazu zer egun pasatu zituen gure moja hark, anaia egoera hartan eta! Izan ere, bizkartzain izandako hura ere preso hartu zuten, eta arreba preso hartu zutela esaten zioten, eta hau eta hura egin ziotela, ez ziotela eta baziotela… Denborarekin, lau lagun haiek hil zituzten. Santo Domingon, berriz, Trujilloren semea jarri zuten agintean eta ez zen ezer lortu, ez egoera aldatu ez ezer, ondo gerora arte, behintzat… Galindezena ere jakingo duzu, ezta?

Horrek ere badu istorio… Trujillo hil zutenean ez zeundela Dominikar Errepublikan esan duzu.

Sei urte egin nituen Santo Domingon, eta hamalau Puerto Ricon. Baina zuzen-zuzen jakin genuen Trujilloren zera hura, plana, izena eta dena. Haitiarrak ere edozein momentutan akabatzen zituzten, bide bazterrean, azukre kanpainara etortzen zirenean. Hura beldurgarria izan zen, beldurgarria. Puerto Ricon diferente izan zen: immigrazio legeak oso estuak ziren, eta ikasle eman behar izan nuen denbora guztia. Teologia ikasketak egin nituen, ingelesa ikasi nuen… Udan Pittsburgera joaten ginen, ingelesa lantzera. Gure komunitateak kolegio berria egin zuen Puerto Ricon, eta irakasle lana egin nuen. Zuzendaria Errusian jaiotakoa zen, aita poloniarra zuen, ama lituaniarra, baina AEBetako erresidentzia agiria zuen. Hogei urte aurrerago bizi zen hura. Etorkizuna ikusteko gaitasuna zuen, mundua ikusteko moduan ere aurrera bizi zen hura, oso aurreratua zen. Urrutitik ikusten zuen zer zetorren. Urte askoan izan genuen zuzendari, eta ni haren laguntzaile. Ikusmena galtzen hasi zen, ordea, eta zuzendari nahi izan ninduten. Horretarako, unibertsitatera bidali ninduten, hiru urteko graduondoa egitera, Eskola Gainbegiratzea eta Administrazioa ikasketak, zuzendari izateko derrigorra zen.

Puerto Ricon baziren euskaldunak. Frantziskotarrak, pasiotarrak…

Oso lagunak, denak! Frantziskotarrak eta pasiotarrak. Etxebeste, Unzurrunzaga, Mariano Errasti… Joan Mari Torrealdai ere han ezagutu nuen nik. Izenez, pasiotarrak ez nituen hainbeste ezagutu. Baina frantziskotarrak bai, Burgosko prozesuaren garaian bilerak egiten zituzten-eta. Santa Ageda zenean ere etxe batean edo bestean biltzen ziren. Urtain joan zenean –sekulako porrota izan zuen–, han joan ziren fraide horiek denak, ikurrinak hartuta. Harreman handia izan nuen frantziskotarrekin nahiz pasiotarrekin. Ahizpek esaten zidaten frantziskotarrek aldatu zutela nire burua…

Zer ikasi duzu hor zehar ibili zarenean?

Esperientzia bat izan da. Aberasgarria. Horixe izan da nire bizitza. Zazpi urtez egon nintzen Puerto Ricoko kolegioan zuzendari, baina hona etortzeko zera egin zitzaidan. Ez dakit, bada! Hamalau urte pasatu nituen aita-amak ikusteke... Tira, Ameriketan hamar urte neramatzala etorri nintzen, hilabete: aitak bihotzeko txiki bat izan zuen eta etorri nintzen, han zen Azkoitiko moja batekin batera. Gero, buelta. Hurrena betiko etorri nintzenean Zumarragako komentura joan nintzen, baina Azkoitiko etxean hiru-lau hilabete egin nituen. Ez neukan osasun txarra, baina zer edo zer... Txita bat baino gehiago ez nuen jaten.

Santo Domingo, Puerto Rico…

Santo Domingokoa zen mundu bat, eta Puerto Ricokoa, beste bizimodu bat. Oso-oso-oso-oso gustura egon nintzen ni Puerto Ricon. Oso gustura. Horixe da nire bizitza. Gero, Euskal Herrira etorri nintzenean, Olabide Ikastolako urteak etorri ziren, Gasteizen, urte onak haiek ere, baina Olabide Ikastola bezain ona izan zen niretzat Puerto Rico.

Nortasun agiria

Isabel Iturbe Salegi Bristol (Azkoitia, 1931), Espainiako II. Errepublika garaian jaioa, Errege egunez! Moja mesedetakoa izan zen. Bartzelonan, Modelo kartzelan jardun zuen, presoei lagun egiten. 22 urte berritan, Santo Domingo izan zuen destino. Trujilloren ankerkerien berri izan zuen han. Puerto Ricon izan zen gero, mojen kolegioko irakasle eta zuzendari lanetan. Hogei urte igaro eta itzuli zen Euskal Herrira. Gasteizko Olabide Ikastolako irakasle izan zen lehenik, eta zuzendari gero. Baina hori beste historia bat da, Puerto Ricoko egonaldia bezain zoriontsua Isabel Bristolentzat.

Zigorra

“Eskolan, bizkarrean jarri txartel handi bat ‘por descarada’ (lotsagabea izateagatik) esaten zuena, eta gelaz gela ibili behar izan nuen behin. Oso kastigu gogorra izan zen. Pena bat gelditu zait gogoan, txartel hura lehenengo gelatik irten nuenean laga eta ihes ez egina. Pena horixe. Baina hori gerora pentsatzen duzu”.

Bristol

Bristol gara gu Azkoitian. Herrian gaitzizena daukagu denok. Gure familiarena Bristol da. Aitaitarengandik datorkigu. Intxausti baserrian jaio zen, baina ezkondu eta kalean jarri zen bizitzen. Diote oso bizipozekoa zela. Karnabaletan, esaterako, zaldi gainean ibiltzen omen zen beti. Joaten omen zen esanez: ‘Bristoli kandelerie!’. Berak jakingo zuen zer esan nahi zuen! Haren familia guztia Intxausti zen, Intxaustin jaiotakoa, baina berak Bristol haren kontua atera zuen, eta harrezkero Bristol gara, Intxausti gabe”.

Mundua jende

“Bartzelonako Modelo kartzela mundu berri bat izan zen niretzat. Jendearekin tratatzen ikasi nuen, eta mundua ez dela norberak ikusitakoa bakarrik, badela besterik. Beste ikuspegi bat”.

Euskal Herrira

“Hogei urte egin nituen Ameriketan. Artean joan berritan bete nituen 22 urte, eta 42 nituela itzuli nintzen Euskal Herrira, 1973an. Hemen, Valladolidera bidali nahi ninduen komunitateak, baina ezetz esan nien, Euskal Herrian egoteko etorri nintzela ni Ameriketatik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude