Doinua: Kantuz sortu naiz eta
Pultseraz apaindua,
zimurdun azala,
dardartia, zikina,
txikia, zabala,
azkazal gorriduna,
beltzarana, argala…
Aurtengo maiatzean
ehunka esku hala
ari dira zabaltzen;
loreak bezala.
Zabaltzen ari diren
esku-ahurretan,
lau marra bateratzen
dira “M” letran:
“M” Munduari so,
“M” Minen bueltan,
“M” Mugarik ez da,
“M” Metroetan...
Zein hitz daramazue
zuen eskuetan?
Kateatuko gara
dozenaka, ehunka
“M” Durangon hasi
eta Iruñan buka,
esaldian bakoitzak
bere hitza dauka,
bakarka jarraitzeak
bide motza du ta,
ea nora heltzen garen
eskutik helduta!