Eta hala ere... hobe egotea

EUROPAR BATASUNEKO datozen hauteskundeetan, krisiari EBk emandako erantzuna herritarrek nola baloratzen duten ikusteko aukera izango da. Lehen aurreikuspenak ez dira onak: 2009ko hauteskundeetan –krisiaren ondorioak oraindik ez ziren agerian EBn– %43ko parte-hartzea izan zen, 1979ko lehen bozketatik txikiena. Paradoxa bitxia da, Europako Parlamentuak zenbat eta eskumen handiagoa izan eta zenbat eta parlamentu gehiago izan, orduan eta herritarren parte-hartze txikiagoa hauteskundeetan. Eta horrek badu zerikusirik bere garapenarekin eta bere testuinguru historikoarekin.

Europar Batasunaren ernamuina estatuak gerratik babesteko hesi gisa eratu zen II. Mundu Gerraren ondoren, eta zer hobe horretarako ekonomi merkatu handi bat sortzea baino. Ekonomia trukerako espazio zabal bat, ekonomia hazkunde ikaragarria ezagutzen ari zen garairako. Bere itunetan espiritu soziala oraindik ahula zenean, orduan eta sozialago zen Europako merkatu batu hura, besteak beste, gerraren ondorengo lehen hiru hamarkadak Europan inoiz izan den eredu sozialena eraiki zelako. Lehen bederatzi estatu haien lehen hauteskundeetan (1979), herritarren %70ak eman zuen bozka. Harrezkero, urtez urte joan da jaisten parte-hartzea ondorengo sei hauteskundeetan, eta agintariak beldur dira hau barregarri geratzeko modukoa ez ote den izango: jaitsi daiteke %40tik behera? Non geratzen da zilegitasuna orduan?

Gaur egun, alabaina, hitz egin dezakegu horren argi Europar Batasun bakarraz? Maastrichteko Itunaren fruitu zen moneta bakarraren EBk kohesioaren irudikeria zabaldu zuen, baina 2008ko krisiak laster azaleratu zuen Euroaren batasunaren gezurra. Alemaniak gidatutako taldea –Austria, Danimarka, Finlandia…– eta gainerako herrialde ia guztien arteko desberdintasun ekonomikoa handituz joan da. Grezia, Irlanda, Portugal, Espainia eta Italian ikusi da hori ondoen. Kohesiorako behar eta babes handiena behar zenean, Batasuneko estatu indartsuenek eta instituzio nagusiek are eta gehiago handitu dute arrakala. EBren erreskate planek eta austeritate politikek amildegiaren ertzean jarri dituzte estatu gehienak eta milioika herritar. Egia esan, milioika herritar amildegira erortzen ari dira, noiz eta agintari askoren esanetan, krisitik ateratzen ari garen honetan.

Bigarren Mundu Gerraren aurreko hainbat itzal agertu dira Europan azken bosturtekoan: 26 milioi langabetu, finantza merkatuak dantzan eta 1929ko krisiaren oihartzunak saihestu ezinik, behe eta goikoen arteko gero eta desberdintasun bortitzagoak, eskuin muturra gero eta sendoago… Ezkerraren egoera da desberdintasun handienetakoa: Sobiet Batasuneko haizeen bultzadarekin, sasoi hartan ezkerreko mugimenduek gogor egiten zuten bultza harreman sozialak orekatze aldera. Printza esperantzagarriak badiren arren, gaur egungo ezkerraren ezintasuna agerikoa da, eta hortaz, aberatsenen aldeko harreman sozialen desoreka ere gero eta agerikoagoa. Badirudi ekuazioa argia dela: Europako espiritua zenbat eta sozialago, Europar Batasuneko herritarrek ere identifikazio handiagoa Batasunarekin.

ESTATUEN eta merkatuen Europa honek, beraz, aurrera egin ahala, ba al du eskaintza erakargarririk herri eta herritarrentzat? Eraikuntza molde honetan gero eta gutxiago seguruenik, eta ezin baikortasun handiz begiratu etorkizun hurbilari. Austeritate politikak apur bat laxatu daitezkeenean, begien aurrean dugu TAFTA akordioa, AEBek eta EBk, Atlantikoaren gaineko Merkatu Librearen Gunea izendatutako ituna. Lehiakortasuna are eta bortitzagoa izango da –lan merkatu eta lan sarietan ere bai–; produkziorako kontrola are txikiagoa, horrek izan dezakeen ondorioekin; hazkundea eta lehia ingurumenaren gainetik izango dira; Itunaren garapenaren kontrola gobernuen eskuetatik kanpo geratzen da; eta, oro har, garapen eredu angloxaxoia indartsuago izango da, finantzen munduaren gero eta botere maila handiagoarekin.

Eta, hala ere, estatuen menpe diren herri txikiei interesatzen zaie EBren espazioan egotea. Batez ere ikuspegi demokratiko ahulena duten estatuetan daudenei. Ulergarria da Europa horrekiko interes eza, baina txikiok atera dezakegu etekinik egoera horretatik. Bat, estatuek dituzten burujabetza galera horietan akaso topa daitezkeelako herrien izaera indartzeko zirrikituak; bi, Europako Legebiltzarra bozgoragailu bikaina bilaka daitekeelako; eta hiru, Herrien eta herritarren elkartasunerako Europaren aldekoek harremantzeko duten espazio iraunkor esanguratsuena delako gaur egun, bestelako Europa bat eraikitzeko behar diren konplizitateak eraikitzeko ezinbesteko espazioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Hauteskundeak 2014
UPyD eta EAJ talde berean ariko dira Europako Parlamentuan

Europarako Liberal eta Demokraten Aliantzak (ALDE) UPyD alderdia onartu du, talde berean dauden EAJ eta CDCren kontrako botoekin. Trukean, autogobernuari buruzko azpitaldea sortzea onartu du ALDEk.


2014-06-09 | Judith Perez
Syriza: "Euroeszeptikoak boterean daudenak dira"

Europako hauteskundeen ostean Syriza, Greziako ezkerreko koalizioa, herrialdeko lehen indar politikoa bihurtu da. Kostas Isychosek, alderdiaren kanpo politikaren arduradunak, “politika alternatiboentzako itxaropen boto” gisa deskribatu ditu emaitzak, Marta... [+]


Posible da PSNrik gabeko gobernu alternatiba

EAJ eta EH Bilduren emaitzak bloke abertzalea biziki sendotu dute, eta jadanik joera da hori. Hegemonia lehiatzeaz gain, serio pentsatu beharko dute herrigintzaren ikuspegitik elkarlan sendoagoa jorratzea. Nafarroan, aldiz, emaitza hauek erakutsi dute posible dela PSNrik... [+]


Ultraeskuinaren itzala Europako hemiziklo nagusian

Alderdi ultraeskuindar eta populistak indar handiz sartu dira euroganberan.Frantzian Fronte Nazionalak panorama politikoa astindu du, eta Espainian bipartidismoak galera itzela izan du.


2014-05-29 | Ane Lusarreta
Podemosen arrakastaren lau gako

Eduardo Muriel kazetariak Podemosek Europako hauteskundeetan izan duen arrakasta aztertu du La Marea hedabidean.


Eguneraketa berriak daude