Ernesto Laclau, ezkerreko lider populisten teorikoa

  • Apirilean hil da Ernesto Laclau politologo argentinarra. Néstor Kirchner eta honen alargun Cristina Fernández presidenteen aholkulari teorikoa izatetik askoz harago heldu da post-marxismoaren adierazgarri handitzat jo den Laclauren eragina. Latinoamerikako “ezker errealak” populista izan beharra daukala aldarrikatu du.

Argazkia 2006ko maiatzekoa da: Néstor Kirchner, Evo Morales, Lula Da Silva eta Hugo Chávez Argentinako Puerto Iguazun elkartuta, argentinarren eta ekuadortarren artean gasaren esportazioaren inguruko ezadostasuna konpontzeko. Ernesto Laclauk (arga
Argazkia 2006ko maiatzekoa da: Néstor Kirchner, Evo Morales, Lula Da Silva eta Hugo Chávez Argentinako Puerto Iguazun elkartuta, argentinarren eta ekuadortarren artean gasaren esportazioaren inguruko ezadostasuna konpontzeko. Ernesto Laclauk (argazki txikian) Krichnerrekin izan arren harreman estuena, beste hiruren itzala ere ageri da hark landu populismoaren eta lidergoaren ideietan. Aipatzen zuen zein neketsua izaten ari den Brasilgo trantsizioa Lulak agintea utzi ostean. Gauza bera agerikoa da Venezuelan Chávez hil ondoren. Argentinan Kirchnerrek hartu zuen senar zenaren lekukoa eta Laclauk konplexurik gabe aldarrikatu zuen konstituzioa aldatzea Cristina Fernandezi baimentzeko agintean jarraitzea. Lider horien mendean sistema burokratizatzeko arriskurik? Laclau: "Latinoamerikan demokraziak arriskurik baldin badauka, neoliberalismotik datorkio, ez populismotik".

Latinoamerikan demokrazia erreala oinarritzen da mugarik gabeko hautagaitzan. Azkenean lortu delarik aldaketa prozesu oso bat antolatzea izen baten inguruan, izen hori desagertzen bada sistema hauskor bilakatzen da”. Horrela mintzo zen Ernesto Laclau (Buenos Aires 1935, Sevilla 2014) politologo eta irakasle argentinarra, apirilean zendu berria dena. Egunkari askok aipatu duten “kirchnerismoaren teorikoa” baino askoz garrantzitsuagoa izana da.

1960ko hamarkadan ezkerreko aldizkarien bultzatzaile aritu zen, harik eta 1969an Londresera hegan egin zuen arte, beka baten laguntzaz, Eric Hobsbawm historiagile marxista ezagunaren gidaritzapean ikasketetan sakontzeko. Geroztik lan akademiko nagusia Britainia Handian egin du, Essexeko unibertsitatean. Chantal Mouffe soziologo belgikarrarekin ezkondurik bizi izan da.

Diote adituek Laclauk Moufferekin idatzi zuela bere obra gorena: Hegemonía y Estrategia Socialista (1985), obra nagusietakoa post-marxismoa deitu den ildoan. Literatura eta teoria marxistaren zaleari ezaguna egingo zaion “hegemonia politikoaren” sorrera eta garabidea aztertu zituzten senar-emazteek Rosa Luxembourg, Karl Kautsky, Georgi Plejánov, Eduard Bernstein, Georges Sorel, León Trotsky, Vladimir Lenin eta batik bat Antonio Gramscik idatziak arakatzetik hasita, Louis Althusser, Jacques Lacanen psikoanalisia eta abarrekin aberasturik. 1992an argitaratu zuten Deconstrucción, Pragmatismo y Hegemonía.

Baina Laclau ez zen akademiko ezkertiarren bibliografiatik askoz urrutiago iritsiko ez balitz busti Hego Amerikako eta Argentinako politikagintzan. Funtsean, Nástor Kichnerren inguruan antolatu eta honen alargun Cristina Fernándezekin jarraipena izan duen kirchnerismo deitu korronte politikoaren oinarri teorikoa sustatuz.

Kirchnerismoak, laburbilduz, aldarrikatu du giza eskubideen defentsa, diktadura militarraren arduradunen auziperatzearekin, neoliberarismoa eta merkataritza libreko nazioarteko itunak arbuiatuz nazioartean Mercosur babesten du, Venezuela, Ekuador, Kuba, Bolivia eta Brasilekiko elkarlana; abortu eskubidea ere defenditu du.

Laclauk 2005ean La Razón Populista liburuan mamitu zuen Latinoamerikan ezkerreko politikak zergatik joan behar duen lider indartsu eta mugarik gabe aginteari lotuen inguruan artikulatuak. Joko arriskutsuan sartu zen Laclau post-marxista, politikagintzan irudi itsusi guztiak piztarazten dituen populismoa aldarrikatuz.

Rebelión gunean haren oroimenezko hil oharretako bat idatzi duen Federico Vázquezek honela komentatu du Laclauren populismoa: “Egileak populismo kontzeptuari Argentinako eta Latinoamerikako testuinguruan –hau da, gobernu aurrerazaleekin lotuz– emandako erabilerarekin, kontzeptuen arteko hutsune bat bete zuen. Alegia, nola izendatu gertatzen ari dena, nola teorizatu ‘ororen ostean’ baletoz bezala jaiotako gobernu eta prozesu politikoak: post-ideologiko, post-krisi, post-moderno...”.

Kirchner, Lula, Chávez...

Laclauk, hala ere, bazekien hedabideetatik hitz lauagoz mintzatzen. 2009an Boris Muñoz kazetari venezuelarrak elkarrizketatu zuen Caracasera egindako bisitaldi batean Prodavinci gunerako: “Ernesto Laclau: ‘Todo populismo es un momento de ruptura’”. Chávezekiko kritiko ageri den kazetariari emandako erantzunetan laburbiltzen dira teorikoaren ideia nagusietako asko.

Hasteko, sozialismoa eta merkatua: ekonomia mistoa izango da, baina neoliberalek ezarri dutena baino askoz arautuagoa. Erregulazio honek lortu beharko du lotzea “merkatuaren indar basatiak”. Horretarako estatu bakarreko estrategiek ez dute balio, bakarka ahulegiak dira estatuak, eskualde mailako guneak behar dira, Mercosurk bezalakoak, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Munduko Bankuarekin lehendik dauden itunak aldatzeko.

Krisi orokorraren aurkako mugimendu horizontalak ez dira aski, “Que se vayan todos” bezalako esloganek ez dute balio, beti geldituko baita agintean norbait, eta zalapartaren erdian gutxien maite dena nagusi geratzeko arriskua dago.

Laclauk Latinoamerikako historian kokatzen du ezker populistaren aldarrikapena. Frantziako Iraultzan hasita demokraziaren inguruan herrialde askok beren bidea egin badute, Amerikakoek ez dute berena aurkitu. Horregatik interesatzen zaio populismoaren eta instituzioen arteko oreka. “Populismo puruak burokratismoan bukatzeko aukera guztiak ditu. Aldiz, instituzionalismoak parte-hartze politikorik gabe sistema esklerosira eraman dezake. Latinoamerikako sistema politiko asko ez ditu populismoak suntsitu, askoz prozesu beldurgarriagoek baizik, izan diktadura militarrek, edo neoliberalismoak. Horregatik, sistema politikoak berreraikitzeak hemen osagai populista sendoa beharko du, antzinako instituzionalismoa krisian dagoelako”.

Erreformek aurrera egin dezaten, ordea, lider bat behar da. Gizarte bat instituzionalizatuta dagoenean jendea eroso bizi da aparatu inpertsonal baten barruan. “Baina jendea bizi denean sustraiak agerian dituela [prekarietatean], bere nortasunaren zentzua berreraikitzeko behar du egunerokotasunetik kanpoko identifikatzaile bat. Eta hor liderraren figura derrigorrezkoa da. (...) Ez dut historian kasu bakar bat aurkitu non nazio nortasun bat berreraiki den lider baten pertsonalitatea eta irudia gabe”.

Baina liderrak berak eraman dezake prozesua hondamendira, argudiatu diezaioke Laclauri irakurleak Prodavinciko kazetariarekin batera. Erantzuna: “Liderra bera oztopo bihurtzea posibilitatea da, ez da fatalitatea”. Alegia, liderra bilakatu daitekeela politika ezkertiarrak egiten hasita diktadore higuingarri izaten, Robert Mugabe baten gisan, baina baita bere ildoan iraun Julius Nyerere keniarrak bezala.

Edo Fidel Castrok bezala.

Bide batez esanda, Laclauk uste du Kubak aprobetxatu behar duela Venezuelako aldaketek eman dioten aukera Latinoamerika osoaren prozesuan integratzeko, ez dadin hipotesi okerragoa gertatu: “Miamiko mafia kubatarrak hartzea Kuban agintea, uhartea kasinoz eta putetxez berriro betez”.

Latinoamerikan, Laclaurentzako, protesta eta eskari isolatuetatik prozesu berri bat gorpuztera jauzi egiteko, jendearen sentimenduekin kontatu behar da, eta hor paper berezia dauka lider karismatikoak. Herria osatu nahi duen taldearen batasun ikurra izango den aitzindariak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezkerreko pentsamendua
Eskuinaren berrindartzea Latinoamerikan

Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]


Lenin gogoan

Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]


Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]


Eguneraketa berriak daude